Añorga KKE izan da udalaren Euskara Zerbitzuak sortutako KEES metodologia abian jarri duen lehen kluba. Esperientzia honen hastapenez, ondorioez eta geroaz hitz egin dute.
Añorga KKEko futbol talde baten entrenamendua. (Argazkia: Miren Azkarate)
Agurtzane Manterolarekin (Añorga KKEko zuzendariarekin) eta Oier Berrarekin (futboleko zuzendari eta entrenatzailearekin) izan da Irutxuloko Hitza, klubak Añorgan duen futbol zelaiko harmailetan. Adeitasun osoz eta irribarre batekin azaldu dituzte Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko metodologia honek kirol taldeetan izandako nondik norakoak.
Euskararen erabilerarekin kezkatuta, hainbat taldetan hausnarketa bat egiten ari ziren hizkuntzaren inguruan Donostiako Udaletik dei bat jaso zuten momentuan. 2014. urtea zen Euskara Zerbitzuak bilera batera deitu zituenean Zuzendaritza Batzordeko kideak.
Jakin gabe zer aurkituko zuten, udalak deitutako bilerara joan ziren Agurtzane Manterola, Oier Berra eta Eneko Sierra. Bertan azaldu zieten abian jarri nahi zuten proiektuaren helburu nagusia kirol eta aisialdian euskararen erabilera sustatzea zela, eta programa pilotua Añorgako elkartean egin nahi zutela. «Hainbat faktorerengatik aukeratu gintuztela uste dut: batetik, kirol elkarte bat izateaz gain kultur elkarte bat ere garelako; eta, bestetik, klub euskaldun bat garelako», azaldu du Manterolak.Horrela, elkarteak baiezkoa eman, eta KEES diagnostiko honetan lanean hasi ziren.
Metodologia
«Lehen urte hartan, 2014-2015 denboraldian futboleko lau taldek eta saskibaloiko batek hartu zuten parte. Guk aukeratu genituen entrenatzaileak, azken finean euskararen inguruan kontzientzia handia zutenak ziren, edo gogo gehien eduki zezaketenak. Lehenik eta behin, entrenatzaileekin bilera bat egin genuen proiektua aurkezteko eta euren erantzuna oso ona izan zela ikusita aurrera jarraitu genuen», azaldu du Oier Berrak.
Formazio hori udalak diagnosi hauek gauzatzeko kontratatutako enpresa bateko kide baten eskutik jaso zuten: Ekin, Kirola eta Bizitza Aktiboa deitutako enpresako Aritz Olagoi Olazabalen eskutik. Berak eman du formazioa, eta bitartekari lanak egin dituelkartea eta udalaren artean.
Añorga KEEko zuzendariak metodologia nola inplantatu duten azaldu du: «Lehenik eta behin, Aritz Olagoik entrenamendu batzuk behatu zituen eta ikusitakoak hitz egin zituen entrenatzaileekin. Ondoren, hiru puntu nagusi dituen taula bat banatu zien: lehen puntuan, entrenatzaileak nola hitz egiten dien jokalariei markatu behar du; bigarrenean, jokalariek entrenatzaileari; eta, hirugarren, taulan jokalariak nola hitz egiten duten euren artean. Hauek dira, laburbilduz, Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko metodologiak oinarrian hartzen dituen datuak».
Datu hauekin guztiekin hiru hilabetean behin txosten bat egiten da, eta bilerak egiten dira, emaitzen inguruan hausnartu, ondorioak atera eta edukiez mintzatzeko. «Kontaktu zuzena egoten da udalarekin ere bai», gaineratu du Manterolak. «Horrela, hiru hilabetean behin txosten bat egin genuen eta denboraldi amaieran, Euskara Zerbitzuko teknikariekin bildu ginen diagnostiko zabal bat egiteko. Emaitzak onak izan zirela ikustean, hurrengo urtean proiektua berriro egitera animatu gintuzten eta guk gustu handiz onartu genuen», esan du pozik entrenatzaileak.
Gainera, ez ziren mugatu bost taldetara aurreko urtean bezala, eta Añorga KKEko talde guztietara zabaltzea erabaki zuten. Horrela, 2015-2016 denboraldian klub osora zabaldu zuten KEES metodologia. Hasieran, beldur pixka bat izan zutela onartu dute, «ez genekien entrenatzaileek nola hartuko zuten lan extra hori egitea. Baina onartu ziguten ez ziela denbora asko kentzen behaketa hori egin eta taulan datu horiek apuntatzea. Honek ziurtasuna eman zigun aurrera egiteko», dio Manterolak.
Ondorioak
Asko atera direla diote biek ala biek, nahiz eta oso denbora tarte txikia den oraindik sakoneko ondorioak ateratzeko. «Lehena entrenatzaileen txip aldaketa izan da. Badakitenez honetara gaudela, arreta handiagoa jartzen dute euskaraz egitearekin, eta hau oso garrantzitsua da, azkenean entrenatzailearen ahotsa baita gehien entzuten dena zelai batean, beraiek dira erreferenteak», dio klubeko zuzendariak. «Proiekturen barne sentitzen direla adierazi dute entrenatzaileek, motibatuta daude eta horrek emaitza hobeak dakartza», jarraitu du.
Atera duten beste ondorio bat adinaren araberako euskararen erabilera da, «txikietan eta helduetan euskara gehiago entzuten da, 12 urtetik 18 urte bitarte horretan gutxitzen dela ohartu gara», dio Berrak.
Generoaren araberako desberdintasunak ere aurkitu dituzte. Horrela, mutilen taldeetan, orohar, euskara gehiago entzuten da neskenetan baino. Agurtzane Manterolaren ustez, azalpen bat du horrek: «Mutilen taldeetako jokalariak Añorga, Antigua eta Ibaeta bezalako auzo euskaldunetako haurrak dira. Aldiz, nesken ekipoan, Añorgak duen izen eta tradizioagatik, Donostiako auzo guztietatik datoz jokalariak».
Berriki hasi den 2016-2017 denboraldian lanean jarraituko dute, gauza asko dute hobetzeko eta aurrerapausoak emateko asmoz daude. «Oso gustura gaude, kontentu eta gogo handiarekin. Konpondu gabeko arazo bat dugu gizarte osoan euskararen erabileren inguruan, baita kirol eta aisialdian ere», esan dute elkarteko bi kideek. «Gure motibazioaz gain, auzotarrek ere indarrak ematen dizkigute, maiz etorri zaizkigu esanez, ‘orain zelaietatik pasatzen garenean askoz gehiago entzuten dugu euskara’, eta horrek zerbait ondo egiten ari garela erakusten du. Nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko».
Aurten ez da Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko metodologia hau erabiliko duen Donostiako talde bakarra izango. Donostiako Udalak proiektua zabaltzeko asmoa du hiriko beste sei kirol elkartetara. Horrela 2016-2017 denboraldi honetan, Añorga KKEren pausoak jarraituko dituzte, besteak beste, Askatuak Saskibaloi Taldeak, Easo Saskibaloi taldeak, Fortuna Kek, Donostiako Atletikok, Bera Berak eta Egia Eskubaloi Taldeak.