Larrain SL eta Loiola Gestion Inmobiliaria enpresek osatutako elkarteak kudeatuko du ilunbe 50 urtez. (A. Altuna)
Hotel bat, 3.000 metro koadro erabiliz; antzeko azalera erabiliko duen
elikadura saltoki gune bat; eta egun hutsik dauden lokaletan, hau da, zinema aretoak eta tabernak zeuden lekuetan,
saltoki gune berri bat egingo dituzte Illunben.
Uztailean Tokiko Gobernu Batzordeak behin betiko onarpena eman zien salmenta baldintzei, eta urriak 17ra arteko epea jarri zuen lehiaketara aurkezteko. Udal gobernuak enpresa batek baino gehiagok interesa adierazi zutela azaldu arren, azkenean, bakarra aurkeztu da.
Gutxieneko prezioa 17 milioi eurotan jarri zuen udalak, eta hortik gora, 50.000 euroko gehigarriekin egin zitezkeen eskaintzak. Azkenean, 17,1 miloi eurotan esleitu diote Larrain SL (Moyua taldekoa) eta Loiola Gestion Inmobiliaria (Altuna – Uria taldearena) enpresek osatutako elkarteari. Zezen plazaren erabilera ez, beste guztia ustiatu ahal izango du enpresa irabazleak beste 50 urtez. Gainera, inguruak eta irisgarritasuna ere hobetuko lituzkeela aurreikusten dute.
Azken berriek mota guztietako erantzunak ekarri dituzte. Pozik daude PSE eta EAJ udalak dirua errekuperatzeaz gain, eraikinari erabilera bat emango zaiolako. Balorazioak egiteko oraindik goiz dela uste du PPk eta zuhurtziaz jokatu nahi du. EH Bilduk eta Irabazi Donostiak, aldiz, hiri ereduan jarri dute arreta eta egitasmo berria dendari eta tabernari txikien kaltetan izango dela uste dute. Amara Berriko auzo elkarteko kideak ere ez daude gustura.
Udaleko alderdiekin eta Amara Berriko auzo elkartearekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk; erreportajea ostiralean argitaratuko da.