Herrera biziberritzeko neurriak eskatu dituzte
Amaia Almirall EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, “txukundu eta bukatu gabeko zonalde, bide, azpiegitura eta beharrak daude Herreran. Planifikazio arazoak, diru eskasiak edo koordinazio faltak, administrazio baten baino gehiagoren arduragabekerien ondorioz, urte luzeetako arazoak metatu dira, eta egun konpondu gabe jarraitzen dute”.
Bere garaian topoaren geltokia egiteko frontoia bota zuten, eta berriro eraikitzea aurreikusita bazegoen ere, oraindik ez dutela eraiki salatu du Almirallek. Oinezkoek Trintxerpe eta Herrera arteko bidea egiteko zailtasun ugari dituztela ere aipatu du. Eta, bereziki trafikoak Herreran duen eragina nabarmendu du EH Bilduk.
Alderdi guztiak bat etorri dira egoerarekin, eta auzoa biziberritzeko neurriak hartzearekin.
Gauza asko hobetu direla onartu dute, Txaparrene pasealekua, auzoa Intxaurrondorekin lotzen duena, esaterako.
Herrera “errepideen arteko korapilo batean” dagoela onartu du Martin Ibabe zinegotzi jeltzaleak, eta baita erakunde desberdinen arteko eskumenen artean ere. Izan ere, udalaz gain, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Portu Agintaritzak ere hainbat eskumen ditu auzoan.
Erakunde hauei guztiei “arduraz jokatzeko” eta euren eskumenen neurrian, Herrera biziberritzeko proiektuak garatzeko adostu dute ahobatez udalbatzarrean.