Mikel Ubillosek (Parte Zaharra, 1960) Gros eta Uliari buruzko kontsulta liburu bat argitaratu du. Abenduaren 3an ibilaldi bat egingo du auzoak nola aldatu diren azaltzeko.
Mikel Ubillos, argitaratu berri duen liburuarekin. (Argazkia: Lide Ferreira)
Parte Zaharrekoa izanda, bitxia da Gros eta Uliari buruzko liburu bat argitaratzea.
Nire lan gehiena hezkuntza munduaren bueltan egin izan dut, baina Donostiako zinegotzi gisa ere aritu naiz. Udala utzi eta gero, Bizkaiko Osabide Hezkuntzarako Partzuergora itzuli nintzen, eta, ondoren, lanik gabe geratu nintzen. Horregatik, erabaki nuen une ona zela ikertzeko. Izan ere, tarte horretan, Okendo kultur etxeko 25. urteurrenaren harira, hitzaldi bat eman nuen. Eta lan horri guztiari jarraipena eman nahi nion. Donostiako artxibo historikoan 5.000 dokumentu baino gehiago aztertu ditut eta Tolosakoan ere aurkitu dut informazioa.
Zein izan da zure helburua?
Geografian badago joera bat: bizi espazioa bultzatzea. Bada, horren barruan, garrantzia ematen diote han bizi eta lana egiten zuen jendeari, ez bakarrik eraikinei. Auzo baten funtsa da bertan bizi eta lan egiten duen jendea, eta liburuan horren alde egin dut; nolabaiteko omenaldia da.
Zer informazio mota jasoko du irakurleak?
Auzotarrek kontsultatzeko liburu bat egin nahi izan dut, jendeak ikusteko benetan nola aldatu diren Ulia eta Gros. Denoi gustatzen zaigu jakitea zer egon zen gure etxea dagoen tokian edo noiz egin zuten. Horrelako datuak bildu ditut.
Liburuan, auzoen aldaketei buruz hitz egiteko, hiru bidaia egiten dituzu.
Hala da. 1900 eta 1950 bitarteko hamarkadatan girotu dut bidaia, eta nire birraitona eta aitonaren azalean egongo banintz bezala kontatzen ditut aldaketak.
Zeintzuk dira aldaketa nabarmenenak Grosen?
Aldaketa nabarmenak eraikuntza arloan egindakoak dira. 1900 inguruan, hondartza Mirakruz kalean zegoen. Baina, pixka bat beranduago, etxebizitzak eraikitzen hasten dira: adibidez, Kolon pasealekuan, dirudunentzako hotelak eta txaletak –lehen, Kolon bera hondartzaren pasealekua zen, itsas pasealekua–.
Baina ez hori bakarrik. Lantegi, denda eta fabrika pila bat zeuden: txokolatea, galletak, euritakoak, txamarrak, txapelak… denetarik egiten zuten Grosen. Autoekin zerikusia zuten 282 lantegi aurkitu ditut!
1920. urtetik aurrera, auzo osoa zabaltzen hasten da: Kursaaleko ingurua egiten dute, baita Sagues ere. Frankismo garaiaren amaieran, zezen plaza bota eta beste etxebizitza batzuk egiten dituzte Txofre plazan. Eta lehen aipatutako lantegi eta fabriken lekua hartzen dute etxebizitzek.
Pixkanaka hasi ziren desagertzen eta gaur egun ezagutzen dugun auzoa sortu zen, Donostiako erdialdea bilakatu dena. Gainera, orain, surfarekin, tabernekin… garrantzi handia hartu du.
Eta Ulian?
Ulia baserriz beteta zegoen. Egun, ia guztiak desagertu dira, eta txaletetan bilakatu. Ategorrieta lorategi hiri bat da egun. Beraz, esan daiteke orain beste aldaketa moduko bat gertatzen ari dela. XX. mendean sortutako ondare guztia pixkanaka desagertzen ari da. Horren adibide dira Mirakruz 19 eta Ategorrietako Goñi Enea –1905eko txalet bat da, bota dute eta etxebizitzak egiten ari dira bertan–.
Zer iritzi duzu hiriko ondarea mantentzeari buruz?
Auzo hauek dituzten eraikinak, orokorrean, zoragarriak dira. Groseko zaharrena Trinketea da, 1884koa; eta, Uliako zaharrena, berriz, Okendo etxea, XVI. mendekoa. Ondarea mantendu behar dugula uste dut, baina galtzen ari da, gehiago zaindu beharko genuke; gutxienez, baldintza batzuk jarri hainbeste ez galtzeko. Mirakruz 19 mito bat da, eta horrelako elementu adierazgarria galtzeak pena handia ematen dit.
Irakurleei jolas bat proposatzen diezu liburuan bertan.
Bai. Nire ikerketan zehar, 51 lehoi aurkitu ditut: Santa Katalina zubian, Frantzia pasealekuan, zenbait etxetako balkoietan… Bada, horiei buruz hitz egiten dudanean, ondoan lehoiaren argazki bat jarri dut irakurleak lehoi hori bilatu dezan. Liburuaren beste atal batean daude erantzunak.
Liburua aurkezteko ibilaldi berezi bat antolatu duzu.
Jendeak argitalpena ezagutzeko modu berezia izan zitekeela pentsatu genuen, eta ibilaldi bat prestatu genuen. Larunbatean izan zen lehenengoa, eta 43 lagun animatu ziren. Hasieran, 30 zen nire muga, baina hainbeste jendek izena eman zuenez, denak onartu nituen. Arrakasta ikusita, beste bat antolatu dugu. Abenduaren 3an izango da; Euskadi plazatik abiatuko gara, 10:00etan. Okendo kultur etxean eman behar da izena; dagoeneko 36 lagun daude taldean!
Zer ikusiko dute ibilaldira joaten direnek?
Bi ordu eta erdian egin genuen aurreko larunbatean 4,5 kilometroko ibilbide bat. Hamar geldialdi egingo ditugu eta 1915. urtean egongo bagina bezala egingo dute ibilaldia. Garai hartan zer zegoen pentsatuko dugu, eta nola aldatu den ikusiko dugu: esaterako, Kolon pasealekuko etxeak eta garai hartan auzoan zeuden bost frontoiak –Kale Berrian, Galtzada Nagusian, Kolon pasealekuan eta Urumearen parean, Ramon Maria Lili kalean.