Xabier Vazquez: 'Irabazten badu'
Astelehena, azaroaren 21a. Antiguako AEK euskaltegia. Lankide baten seme gaztea gela hutsetan zehar ari da korrika Realeko kamiseta soinean duela. Seme zaharrena idazten duen honekin ari da umekeriatan. Mutikoen aita pentsakor ageri da honakoa esan duen arte: «Xabi, ba al dakizu Realaren Ligako azken partida non den?» Neure ezezko aurpegia ikusita, «Vigon», erantzun dio bere galdera propioari, keinu pentsakorra doinu astiroz hornitu duela. Tartea itxoin du ixilean, esan behar zuenerako tentsioa sortu nahian; baina azkenik bota du eguneko albistea: «Realak igandean irabazten badu, Vigorako 4 hegazkin ticket erosiko ditut».
Hori entzutea eta seme nagusiaren irribarrea piztea bat izan dira. «Vigora? Benetan, aita?». «Bai, baina igandean irabazten badu». «Bada, agian hurrengo urtean Europan barrena joateko aukera izango duzu», esan diot mutikoari, pentsamendua neure bidaiatzeko aukeretan dudan arren. «Bai, aita, Europara, Europara, Europara….». Aitak, aldiz, serio demonio erantzun dio hau. «Lehenengo Vigora. Igandean irabazten badugu, aurten Liga irabaziko dugu». Semeak euskara jatorrean: «Si, ya, tio», erantzun du.
Astelehena, azaroaren 28a. Jon hegaldi webgunea arakatzen ari da. Realak Barçaren aurka berdinketa besterik lortu ez bazuen ere, Vigorako asmoak bizirik darrai. Partida txukuna izan zen atzokoa, txuri-urdinak ez ziren aurrekoetan bezain eroso eta fin aritu baina Barçak lehen zatian sarturiko gola berdintzea lortu zuten Canalesen ezkerkadak. Emaitza emaitz, bistakoa da Vigon zerbait polita izango duela taldeak ospatzeko. Hegaldiak hartzea erabaki du, beraz.
Liga bukaera, Vigo. Asteko eguna: Tebasen sudur puntan jartzen zaion edozein. Vigo, beti Vigo. A Coruñan lortu zuten txuri-urdinek azken Champions-erako txartela. Baina Vigon egin zien ihes Liga txapelketak eta Vigon egin die ihes Europarako bueltak . Ezin kexa, ordea. Gutxik sinisten zuten Liga hasieran hain denboraldi ona biziko zutenik
Jonek malkoak lehortu dizkio seme gazteenari. Ondoren, «jo, tio, ze palo», dioen seme zaharrenaren burua astindu du. Ama kanpoan geratu da. Ez du futbola bereziki gustuko, eta nahikoa zaila izan da sarrerak lortzea. Gaitzerdi 3 lortu dituela. Ez zaio damutzen lan guztia. Txikiei ondo etorriko zaie galtzen ohitzen joatea. Dena ez da auzoko pelota txapelketa irabaztea izango. Azken emaitza gorabehera, Landetarako uda bidaia ohikoa aldatzeko balio izan du honek. Urte osoan zehar familia, lankide eta lagunekin interes komuna gozatzeko aukera da futbola. Astero erronka txikia edukitzeko parada. Azaroan ekainarekin amesteko aitzakia.