Pedro Estonba eta Manuel Etxeberria, Groseko AEKn, euskaltegiko irakaslearekin. (Argazkia: Malen Aldalur)
Euskarara hurbildu, euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko hautua egiten dute askok Donostian. Anitzak dira arrazoiak, baina helburua beti da berdina: euskaraz hitz egitea.
Astean hamabost ordu pasatzen ditu Urrats euskaltegian Tere Villak (Intxaurrondo, 1971). Ospitaleko jantokian egiten du lan, eta euskara ikasi nahi du. Hizkuntza eskakizun bat betetzea da bere helburua, baina gaztetan aise hitz egiten zuen hizkuntza galtzearen pena ere badauka, eta behin galdutakoa berreskuratu nahian lanean ari da. Fina da. Etxeko lanak egiten ditu euskaltegitik bueltan, eta gogoa eta grina du ikasteko, nahiz eta, aitortzen duen beti ez dela erraza.
David Sanchez (Salamanca,Espainia, 1978), berriz, alperragoa da, ez du horrenbesteko presiorik. Oraingoz ez da azterketarako prestatzen ari, eta euskara ikastea da bere helburu bakarra. Salamancatik iritsi zen orain dela lau urte, eta urte eta erdi darama euskara ikasten. Bikotekideak euskaraz hitz egiten du, eta baita haren ingurukoek ere. Hasieratik izan zuen argi Donostian integratu nahi bazuen, beharrezkoa zuela euskara.
Pedro Estonba (Gros, 1949) eta Manuel Etxeberria (Parte Zaharra, 1954) jubilatuak dira. Inguru euskaldunean bizi dira, eta orain, denbora eta gogoa euskara ikasteko baliatu nahi dituzte. Estonbak txikitan euskaraz hitz egiten zuen, baina galdu egin zuen ondoren; Etxeberria, berriz, garai politiko nahasietan jaio zen eta ez zuen euskaraz ikasterik izan. Orain biak gustura dabiltza AEKn behin lapurtu zieten eta galdu zuten hizkuntza berreskuratu nahian.
Anitzak dira Donostian euskaraz ikasten eta, nola ez, bizitzen ari direnak.
Integraziorako tresna
Hiru urte daramatza Villak euskaraz ikasten. Lanerako behar du gehienbat; etxean bere seme- alabek badakite, baina ez dute berarekin hitz egin nahi: “Ez dut beraiek bezain ongi egiten, eta lotsatu egiten dira nirekin euskaraz aritzen direnean”.
Euskaltegitik kanpo maiz zailtasun handiak izaten dituzte euskaraz aritzeko. Bat datoz horretan Villa eta Sanchez: “Jendeak pazientzia handia behar du gurekin euskaraz hitz egiteko”. B1 mailan daude, baina aise moldatzen dira, dena den, batzuetan trabatu eta aditz denborak nahasten dituzte, eta hori batzuentzat nekagarria suerta daitekeela uste dute. Halaber, egoskor ari dira, “elkarrizketa euskaraz egin nahi dugu” eskatu dute.
Sanchezek euskara integraziorako tresna bezala ulertzen du. Orain dela hamar urte inguru Salamancan bizi zenean norbaitek euskaraz ikasiko zuela esan izan balio ez luke berehala sinistuko, baina behin Euskal Herrira iritsita ez zuen zalantzarik izan: “Iritsi nintzenean argi izan nuen euskaraz ikasi nahi nuela. Nire bikotekideak eta bere familiak euskaraz hitz egiten du, eta amorru handia ematen dit ni nagoelako soilik hizkuntza aldatu behar izateak”. Hala ere, uste du nahi baino gutxiago bizi dela euskaraz: “Bikotekidearekin batzuetan egiten dut euskaraz, baina haren familiarekin gutxi; ez da erraza harremana gaztelaniaz eraiki duzun norbaitekin hizkuntza praktika aldatzea”. Euskaltegian eta euskaltegiko lagunekin, berriz, dena euskaraz egiten dute. Zailtasunak zailtasun Sanchezek aitortzen du gauzarik zailena goizean goiz euskaltegira joateko esnatzea dela: “Oraindik lo egoten naiz, ez da bidezkoa!”.
Dena ez da kexua, Salamancarrak gustuko du euskara, bere hitz gogokoena zein den ere argi du: urdaiazpikoa. “Salamancakoa izan da ez da arritzekoa, ezta?”, galdetzen du. Astean 10 ordu egiten ditu euskaltegian eta Villak 15. Aise moldatzen dira orain arte ikasitakoarekin, baina beldur dira hemendik aurrera datorrenarekin: “Nor-nori-nork eta balditzakt ikasi behar ditugu, eta beldurtuta gaude”.
Polikiago, mesedez
Egunerokoan zailtasunak dituzte aurrez ezagutzen duten jendearekin hitz egiteko; baina baita ezagutzen ez dituztenekin ere. “Orain dela gutxi tekniko bat etorri zen etxeko telefonoa konpontzera, etxera sartzean euskaraz agurtu nuen, eta jarraian euskaraz hitz egiten hasi zen ziztu bizian; gelditzeko esan behar izan nion”, azaldu du. Antzekoak gertatu izan zaizkio Sanchezi; zerbitzaria da taberna batean, eta egunero erabiltzen dituen hitzak kontrolpean baditu ere, handik ateratzen dutenean estutasunak pasatzen ditu.
Euskaraz ulertzeko lanak izan ditu inoiz Estonbak ere, nahiz eta, beste modu batekoak izan:”Euskalkiak ulertzeko, esaterako, zailtasunak ditut, tarteka hitzen bat ulertu eta esaldia josten joaten naiz”. Etxeberriak, aldiz, erraztasun gehiago duela dio: “Arrantzalea nintzen garaietan asko ibiltzen nintzen, esaterako, Bizkaia aldean”.
Antzeko egoeran daude biak: jubilatuta eta euskara ikasteko gogoz. Estonbak dio zailtasunik handienak kalean euskaraz egiteko dituela: “Euskaraz ikastea baino zailagoa da euskaraz egitera ausartzea»” Etxeberriak, berriz, ez du arazorik: “Ni ez naiz isiltzen!”.
Ez da hizkuntza zaila
Euskaraz jakin arren hitz egiteko pausoa ematea ez da erraza. “Konturatu naiz jende askok dakiela euskaraz, baita euskaltegian gaudenok ere, baina gero barruan dugun hori guztia modu ordenatuan ateratzea kostatu egiten zaigu; eta modu kaotikoan botatzen dugu, edo hori esaten digu behintzat irakasleak”, azaldu du Etxeberriak. Estonbak, berriz, uste du euskaraz hitz egiteko “beharra” sortu behar dela: “Nire inguruan jendeak euskaraz hitz egiten du eta nik sentitu dut ikasteko behar bat. Aukeran uzten baduzu jendeak beti aukeratzen du errazena; eta hori, noski, euskaraz ez ikastea izaten da”.
Etxeberriak eta Estonbak uste dute ez dela hizkuntza zaila, gogo kontua dela: “Hor daude Maite, Pilar, Xanti eta beste zenbait 70 urterekin euskaraz ikasten”.
Gogoa edukitzea omen da euskaraz ikasteko behar den osagai bakarra; gogoa eta denbora, Etxeberria eta Estonbaren kasuetan behinik behin. Sanchezek euskal gizartearen parte izan nahi du eta horretarako zubia da euskara. Villa berriz, euskaraz ariko da hemendik aurrera lanean. Anitzak dira arrazoiak baina denek dute helburu bera: euskara.
“Jende guztia animatu nahi nuke euskara ikastera; jende guztia animatu nahi nuke hizkuntza polit hau ikastera”, azaldu du Etxeberriak.
3.150 Euskara ikasle
2016-2017 kurtsoan 3.150 pertsona matrikulatu ziren Donostiako euskaltegietan HABEren arabera. Dena den, posible da ikasturtean zehar aldaketak egotea; urte hasieran, Aste Santuan edo udaran jendeak matrikulatzeko aukera izaten du. 2015-2016 ikasturtean, berriz, 3.926 pertsonak eman zuten izena.
Donostiako euskaltegiak
Altza
Amara Berri AEK
Antiguoko AEK
Hitzez euskaltegia
Ilazki euskaltegia
Irrintzi AEK
Legazpi 6 euskaltegia
Urrats euskaltegia
Urumea euskaltegia