Joxepo Kortadiren omenezko San Tomas festa egingo dute Egian
Egian San Tomas egunaren aurreko igandean egin ohi dute festa. Igande honetan, abenduaren 18an, baserritarrez jantzi eta festa giroan murgilduko dira Egiakoak. Aurten omenaldi kutsua izango du jaiak, Joxepo Kortadi izango baitute gogoan. Joan den azaroaren bukaeran hil zen.
San Tomas festa antolatzeko taldean, Sudur kultur taldean, parte hartzen zuen Kortadik, eta jaiarekin aurrera egitea erabaki dute. Egia Alai txaranga hasiko da giroa berotzen, 10:00ak aldera. Buelta bat emango dute auzoan zehar, diana moduan. Eta pixkanaka, Plaza Haundik txistor eta txokolate usaina hartuko du. Latxaga guraso elkarteak txokolate jana egiten hasiko da 11:00etan. Ordu berean, taloak eta ogitartekoak ematen hasiko dira plazan. Azoka txiki bat ere jarriko dute Plaza Haundin, hemengo produktuekin, auzoko kontsumo taldeak ekarritakoak.
12:30ean hasiko da Joxepo Kortadiri prestatu dioten omenaldia. Goizetik egongo dira bere argazkiak ikusgai pantaila batean. Auzotarrek emandako argazki asko lortu dituzte. Auzoko talde askok parte hartuko dute ekitaldian. Auzoko bertsolari batek Arrano elkarteak eta Porrontxoetako jai batzordeak idatzitako bertsoak kantatuko ditu. Eta Kubako Lagunak taldeak kanta bat joko du haren omenez. Izan ere, Kortadik hainbat bidaia egin zituen brigadistekin batera. Abestia jo ondoren, mojitoarekin topa egingo dute. Omenaldia Trebeska dantza taldearen emanaldiarekin bukatuko da. Erromeria egingo dute, bizilagun guztiek parte hartzeko.