Euskararen Eguneko ekitaldi bat Intxaurrondon. (Argazkia: Plazara Goaz)
Atzo bilera egin zuten Intxaurrondon, auzoko
Plazara Goaz-en euskara elkartearen egoitzan. Euskaldun, euskaltzale eta hizkuntza berdintasunaren alde dauden guztiak gonbidatu zituzten, euskararen erabilera sustatzeko urratsak emateko.
Euskararen eguneko ekitaldian azaldu zuten bezala, Intxaurrondon pauso bat aurrera eman nahi dute, eta erronka bati heldu nahi diote. Euskararen alde agertzetik, urrats praktiko eta sendoak ematera pasa nahi dute, erabilera sustatzeko.
Herritarrak aktibatu nahi dituzte, eta euskaraz lasai egiteko aukerak sortu nahi dituzte. Bilera honetan auzoko hainbat eragile elkartu ziren, ideiak bildu eta abian jartzeko. Jada forma hartzen hasi den ideietako bat da euskararen maratoiarena. 2017ko apirilean 20. Korrika abiatuko da, eta auzoan 20 orduko maratoi bat egin nahi dute.
Gainera, hurrengo urtean Plazara Goaz elkartearen 20. urteurrena izango da. Aitzakia ona Intxaurrondo hogei orduz ekitaldiz bete eta euskaraz aritzeko. «Pauso bat, bi, hiru… milaka urrats egiteko ordua da. Euskaraz bizi nahi dugunok eta euskaraz jakin ez arren gizarte euskaldunago bat desio dutenak, bakoitzak bere tokitik, euskararen herria edukiz betez, ekarpena egiteko ordua da», adierazi du elkarteak.