Loiolako kultur etxeko komunen itxura, gaur egun. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Loiolako kultur etxea berrituko zutela esan zuten, jada duela bederatzi urte. Bere garaian, proiektuak ezin izan zuen aurrera egin, auzoa hankaz gora zegoelako, hainbat obra tarteko; eta, ondoren, krisi ekonomikoa iritsi zen. Horrela, urteak igaro dira, eta oraindik berrikuntzarik gabe jarraitzen du Loiolako eraikinak. «Zerrendako hurrengo kultur etxea gara, obrak egiteko, baina ez dakigu noiz egingo dituzten. Beraz, bitartean, kultur etxea makillatzen ari gara», aipatu du kultur etxeko zuzendari Jon Urbietak.
Gauzak hala, alternatibak bilatu dituzte. Batetik, badute Berta izeneko panpin bat, Alberto Saavedrak kultur etxeari oparitutakoa. Eraikinaren eskaileretan dute, eta Pili Jauregi auzotarra arduratzen da eskultura mozorrotzeaz, urteko jaien arabera:?kaldereroak, inhauteriak, Gabonak… bestetik, komun zaharrei beste ukitu bat eman die Eneko Etxebeste artistak, Urbietaren proposamenari erantzunez. Sabaiak zeruen gisan margotu ditu, laino eta guzti. Altzarien artean, berriz, collage txiki batzuk zintzilikatu ditu, markoetan sartuta:«Mesede gisa eskatu nion, eta dena birziklatutako materialarekin egin du; oso pozik nago emaitzarekin».
Aingeruak eta deabruak izena jarri dio artistak erakusketa bereziari, eta momentuz ez du itxiera egunik, dagoeneko dekorazioaren parte bihurtu baita.