Uliako bizilagunek udal mintegiak babesteko jardunaldi bat antolatu dute iganderako. Egitarau zabala prestatu dute, eremu honen egoera salatzeko eta parkea babesteko.
2016ko otsailaren 28an Uliako mintegiak babesteko egin zuten argazkia. (Argazkia: Uliako lore baratzak)
Donostiar askorentzat ezagunak izango dira dagoeneko Uliako Mintegiak. 14.500 metro koadrok osatzen dute Jose Elosegiren etorbidea eta eta Uliako ibilbidearen hasieran dagoen parkea. Duela hiru urtetik donostiarrek eta auzotarrek autogestionatzen dute eremu hau: «Lekua babesten eta parkeak berezkoak zituen fauna eta flora berreskuratzen ibili gara; eta beste hainbat gai ere landu ditugu: ingurumen heziketa, elikaduraren kultura, euskal tradizioa eta transmisioa, esaterako».
Uliako Lore Baratzak egitasmoko kideek azaldu dute berdegune hau elkargune izan dela azken urteetan auzoko haur, gazte eta helduentzat: «Pribilegio bat da leku hau, eta guztiek erabiltzen dute; zaharrek, baztertuak izateko arriskuan dauden gizarte taldeek, aisialdi taldeek eta gazteek».
Salatu dute orain gune hau suntsitzeko arriskuan dagoela eta dei egin diete auzotarrei eta donostiar guztiei «errebeldiaz» udalaren gestioa salatzeko: «Onartezina da udalak parkea suntsitzea, bertan eraikuntzak egin ahal izateko». Izan ere, Uliako udal mintegietan 70 etxebizitza sozial egin nahi ditu udalak. «Ezin da ulertu hainbeste historia duen leku bat suntsitzea etxebizitza sozialak egiteko aitzakiarekin, arduragabetasun eta hondamendi bat da».
Hori dela eta, egitarau zabala antolatu dute iganderako #SOSparkea lelopean: «Agintariei ohartarazi nahi diegu Donostiak eta donostiarrok errespetua merezi dugula; eta auzoan erabakiak hartzeko eskubidea dugula, eta eskubide hori urratzen ari zaizkigula».
Egindako lana aitortu diete
Behin baino gehiagotan aitortu dute Uliako Mintegiak babesteko lanean ari diren auzotarrek egindako ahalegina: 2015ean Eusko Jaurlaritzaren Elkarlan saria eman zieten gizarteratze sozialaren alorrean eta ingurumenari dagokionez egindako lagatik; La Caixak emandako sari bat jaso zuten 2016an gune hau zaintzen egindakoagatik; eta azkenik, 2016an Espainia mailako Gizakia eta ingurumena sariketako 21. edizioan lehen postua lortu zuten.
Azaldu dute, honengatik guztiagatik, ez dutela ulertzen nola, orain, udalak suntsitu nahi duen eremu hau: «Aranzadi Zientzia elkarteak parkeari ematen dion balioaren ildotik lan egin nahi dugu, eta deialdi ireki bat egiten dugu gurekin batera otsailaren 26an Uliako udal mintegietan elkartu eta agintariei gure jarrera zein den erakusteko». Izan ere, salatu dute 2017ko otsail honetan arriskuan dagoela bizilagunek eta boluntarioek abiatu zuten parte hartze prozesua: «Udalak, hiriaren ahalduntzea eta parte hartzea bezalako hitzak ahotan darabiltzan honetan Uliako mintegia suntsitu nahi dute; onartezina iruditzen zaigu».
Goiz osoko egitaraua
Otsailaren 26an goizeko hamaiketan emango diote hasiera jardunaldiari, Hegaztiz betetako mintegi bat non? jabetu zara? jarduerarekin. SEO-Donostiak, ornitologian zaletuak diren talde batek, egindako ikerketa aurkeztuko dute. Urtebetez dira lanean Uliako mintegietan dauden hegaztiak identifikatzen, eta otsailaren 26an aurkeztuko dute. Ornitologiarekin lotutako beste zenbait gai ere landuko dituzte.
Eguerdian, hamabietan, argazki erraldoi bat aterako dute guztiek parkeari babesa adierazteko: «Bigarren aldia da horrelako argazki bat ateratzen duguna parkeari babesa adierazteko». Izan ere, horrelako argazki bat atera zuten lehengo urteko otsailaren 28an ere.
Gainera, argazkiaren aurretik Uliako Mintegietan lan egin zuen azken udaleko langileari omenaldi txiki bat egingo diote urte luzez parkea zaintzen egindako lana eskertzeko.
Ondoren, 12:30etan parkea denon artean salbatzeko proposamenak bildu eta hainbat jarduera egingo dituzte. Jarduera honen helburua bizilagunek dituzten aukerak zeintzuk diren ikustea dela azaldu dute. Bestalde, 2017ko proiektu eta beharren inguruan ere hitz egingo dute.
Azkenik, Uliako Lore Baratzakeko kideek azaldu dute Erakutsiguzu zure ikuspuntua egitasmoaren emaitzak aurkeztuko dituztela #SOSparkea izeneko argazki erakusketa ibiltari eta kolektiboaren bitartez: «Hilabeteetako lanaren ondoren azkenean erakusketa aurkeztuko dugu; helburua, erabiltzaileek eta bizilagunek parkea nola ikusten duten jakitea da». Erakusketa bertan egongo da ikusgai, Groseko negutegian. Ondoren auzoz auzo eramango dute erakusketa, horrela ahalik eta donostiar gehienengana iristeko.
Ur biltegira bisitak egingo dituzte berriz
Uliako ur biltegiak bisitatu ahal izango dira berriz martxoaren azken igandetik aurrera. Udalak bertan behera utzi zituen urtarrileko eta otsaileko bisitak, segurtasun arrazoiengatik. Alfonso Gurpegi Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, bisitarien segurtasuna bermatzeko plan bat abiatu berri dute. Sarbideak egokitu eta ur biltegiko ibilbidea hobeto argiztatzea dute helburu.
Buskando eta Soroborda ur biltegiak balorean jarri nahi dituztela azpimarratu du Gurpegik. Horretarako, Cristina Enea fundazioarekin akordio bat egingo dute, Uliako auzo elkartearekin elkarlanean, bisita udaleko langile batek gainbegiratzeko. Era berean, eremuaren dibulgazioa eta hileko bisitak indartuko dituzte. Uliako auzo elkarteko kideak haserre eta kezkatuta agertu ziren udalak bisitak bertan behera uzteko erabakiaren inguruan. Gurpegik azaldu du Udalak auzo elkartearekin adosturiko hitzarmenaren arabera, bisita gidatuak Udaleko langile batek gainbegiratu behar dituela. Horretaz arduratzen zen langilea iragan abenduan jubilatu zen.