Zubietan herri galdeketa egingo dute maiatzaren 7an
Usurbilen, Lasarte-Orian eta Urola Kostan hainbat galdeketa antolatuko dituzte maiatzaren 7an, igandea, Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko. Baita Zubietan ere; zubietarrek galdeketa propioa antolatzea erabaki baitute.
«Zubietak bere herri izaera baduela garbi daukagu. Behingoz, herri gisa agerraldi publiko eta aldarrikatzailea egitera goaz: zubietarrok gure galdeketa propioa antolatuko dugu», iragarri dute antolatzaileek.
Galdeketa propioa eginez, «euskal herritarrok nazio garen bezalaxe, zubietarrok ere herri bat garela aldarrikatuko dugu; eta Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzea euskal herritarroi dagokigun heinean, zubietarrok gure aletxo propioa jarriko dugu».
Jada lan talde bat hasi da dena prestatzen, prozesua behar bezala egiteko. Hurrengo larunbatean, martxoaren 4an, egingo dute aurkezpena. Eguerdiko hamabietan, Errebote plazan, jendaurreko ekitaldi baten bidez azalduko dituzte galdeketaren nondik norakoak; galdeketaren izena, logoa eta manifestua. Argazki herrikoi bat ere egingo dute, aurkezpenera joaten diren lagun guztiekin. Galdeketa antolatzen lagundu nahi duenarentzat, ateak zabalik daudela esan dute. Asteartetan biltzen dira, 19:00etan, Kaxkapen.