Lauaizeta ikastola hainbat proiektutan murgilduta dago. Hil amaieran, lehen aldiz, Galiziako Caldas de Reis herriko ikasle batzuk etorriko dira, Korrikan parte hartu eta euskal kultura ezagutzeko.

Lauaizetako Uxoa Larrañaga eta Amaia Eizagirre irakasleak eta Maria Eugenia Lozano zuzendaria. (Argazkia: L. Ferreira)
Frantziako ikastetxe batekin egindako eskola trukearen arrakasta ikusita, aurten errepikatzea erabaki du Intxaurrondo-Egiako Lauaizeta ikastolak. Versaillesko 23 ikasle etorriko dira Donostiara, eta hemendik 24 joango dira Frantziara. Baina eskola trukeak ez dira hor amaitzen. Izan ere, Galiziako Caldas de Reis (Pontevedra) herriko 19 ikasle etorriko dira martxoaren 30etik apirilaren 5era. Eskola truke horren ardatzak kultura eta hizkuntza gutxituak izango dira.
Lauaizeta ikastolako zuzendari Maria Eugenia Lozanok adierazi duenez, helburuak dira kultura bakoitza ezagutzea eta, euskara zein galiziera hizkuntza gutxituak izanda, tokian tokiko arazoak aztertzea. Bertan, Bigarren Hezkuntzako 2. mailako 39 ikaslek hartuko dute parte.
Hala, galiziarrak etortzen direnean, egitarau zabala topatuko dute. Esate baterako, ikastolako Hilerri Bizi proiektuan murgilduko dira. «Tabakalerak luzatu zuen deialdi baten barruan dago, eta lantzen da bereziki ikastetxea eta auzoaren arteko harremana. Polloe hilerria eta ikasleen arteko harremana aztertzen ari gara, ikastolara etortzeko bide bezala erabiltzen baitugu. Galiziakoek euren errituak eta bestelakoen materialak ekarri eta paretan jarriko dituzte», azaldu du Plastikako irakasle Uxoa Larrañagak.
Horretaz gain, Korrika ezagutu eta parte hartuko dute Intxaurrondon horren harira antolatzen ari diren hainbat jardueratan. «Apirilaren 4an, Korrika Donostiatik igarotzen denean, gure asmoa da galiziar batek eta Lauaizetako ikasle batek lekukoa hartzea. Oso polita izango da», azpimarratu du Lozanok.
Egingo dituzten beste jardueren artean, tailer ugari daude, «denak kulturarekin zerikusia dute»: danborrada, euskal dantza, euskal kantagintza, txalaparta, panderoa eta irrintzia, euskara-galegoa, euskal kirolak,
galeuskaraokea eta hormairudi baten marrazketa.
Lauaizetako 39 ikasleak Galiziara maiatzean joango dira, galegoaren festa ospatzen dutenean.
Europarekin harremana
Bestalde, iaz, proiektu bat aurkeztu zuen Lauaizeta ikastolak, Erasmus+ programaren barruan, eta dirulaguntza bat lortu zuten. Horren bitartez, atzerriko hizkuntzen erabilera indartzea da helburuetako bat.
Horrekin lotuta, aukera izan zuten beste proiektu batean parte hartzeko: Etwinning. Xede nagusia da euren ingurua deskribatzea, zenbait herrialdetako estereotipoak aztertzea eta datu objektiboekin alderatzea. «Orain, bideokonferentziak, aurkezpenak, bideoak eta bestelakoak partekatzen ditugu Europako beste herrialdeekin. Oso zaila da ordutegiagatik bat etortzea, baina lortu izan dugu bi edo lau herrialde egotea aldi berean konektatuak», azaldu du Ingeles eta Frantseseko irakasle Amaia Eizagirrek.
2016ko azaroan, beste proiektu batean sartu ziren buru-belarri: Bake hari izpiak. Beste gauza batzuen artean, Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasle guztiek 80 urtetik gorako norbait elkarrizketatu dute, 1936ko gerra edo gerraondoaren inguruan. Lan hori bost ikasgaietan landu dute: Gizarten, Gaztelanian, Ingelesean, Euskaran eta Balio Etiko eta Sozialak izeneko ikasgaian.
Beraz, ikasgai horietako irakasle guztiak elkarlanean aritu dira, eta ikasleen kalifikaziorako ere balio izan du: hain justu, egindako lanak ebaluazioko puntu bateko balioa izan du ikasgai bakoitzean.
Eizagirreren arabera, gehienek senide batekin hitz egin dute, baina batzuek Txara zentroko ezezagun batzuei elkarrizketa egin diete. Lan horien guztien emaitza erakusketa ezberdinetan ikusi ahal izango da: Madrilgo hezkuntza foroan, informazio gune bat jarriko dute eta bertan erakutsiko dituzte aukeratutako hainbat lan; Europan zehar ere, asmoa dute erakusketa ibiltari bat egiteko; Aieten beste bat prestatzen ari dira; eta ikastetxeak beste ikasleei eta gurasoei 4. mailakoen lanak aurkeztuko dizkiete ekaina aldera.
Lozanoren hitzetan, «esperientzia hau plazaratu eta familia eta ikasleen artean zabaldu behar dugu. Parte hartu dutenentzako harrigarria bezain hunkigarria izan da, eta gauza asko ezagutzeko aukera izan dute».