Jorge Oteizaren papera bete zuen Iruñeko Punto de Vista jaialdiaren bukaera festan. 'Barrez blai' umorezko bakarrizketa saioak ere eskaintzen ari da Korrika Kulturalarekin.
(Argazkia: Punto de Vista)
Aukera ondo aprobetxatu zuen Ion Martinez
Txiki-k (Donostia, 1980). Iruñeko Punto de Vista zinema dokumentaleko jaialdiaren bukaera festan, Jorge Oteizaren larruan sartu zen. Zazpi eszena interpretatu zituen Baluarte jauregian.
Jorge Oteiza izan zinen beste egun batez. Nola sortu zitzaizun aukera?
Punto de Vista jaialdikoek Oteiza Museoko ordezkariekin bilera izan zuten, eta Juan Pablo Huercanos zuzendariordeak proposatu zien nik parte hartzea. Duela bi urte izan nintzen museoan Oteizarena egiten, eta asko gustatu zitzaien. Horrela, jaialdiaren bukaera festan parte hartzeko deitu zidaten. Egia esan, Nafarroako hirugarren kultur jaialdi garrantzitsuenean aritzea oso pozgarria da. Gainera, Baluarten antzeztea opari bat da, eta are gehiago nire pertsonaia kuttuna eginez bada.
Zazpi esketx eskaini zenituen, bere garaian egin zenuen antzezlanaren ildokoak?
Testu guztiak berriak ziren. Oskar Alegria Punto de Vista jaialdiko zuzendariak pasa zizkidan. Oteizak berak idatzitakoak ziren batzuk, eta beste batzuk bere bizitzan oinarriturikoak. Aldaketa txiki batzuk egin nizkien, eta interpretaziorako askatasun osoa eman zidaten.
Nolakoak izan ziren entseguak eta lanketa?
Buruan sartzeko idatzi potoloak ziren. Baina dokumental batean Josep Maria Pou antzerkigileak esandakoari kasu egin nion. Berak zioen kaletik ibiltzen ikasten zituela testuak. Horrela, nik ere egin nuen. Altzatik San Markora bidean ibili nintzen ikasten. Ondoren, Kontadoresen ibili ginen gainontzekoa prestatzen. Saioa Royoren laguntza izan nuen, testuei mugimendua eman eta antzerki esparrura eramateko. Eszenografia, berriz, antolatzaileek prestatu zuten Alegriaren ideietan oinarrituta.
Oteizaren obra berreskuratu edo berri bat egiteko asmoa piztu dizu esperientziak?
Momentuz ez. Hori bai, gogo berezia sortu dit Oteizaren testuak eta poesia gehiago irakurtzeko. Youtube atarian dituen bideoak ere ikusten ditut, mahaian nola egoten zen ikusteko, burua nola mugitzen zuen, begirada, … Zoragarria da Oteizaren munduan barneratzea, baina baita eskizofrenikoa ere.
Une honetan, ‘Barrez blai’ bakarrizketarekin zabiltza. Zer moduz doa?
Aurten hasi naiz eta dagoeneko hamabi emanaldi egin ditut. Beraz, gustura nabil. Halere, kontu bitxi bat gertatzen da. Antzerki obrekin ez gaituzte ia inoiz deitzen, eta bakarrizketekin, aldiz, geroz eta gehiago. Horri esker nire sarea handitu egiten dut, eta obra berri bat estreinatzen dugunean, egindako kontaktu berri horiei proposamena bidaltzen diet. Bakarrizketen munduak asko laguntzen dit antzerki sarea zabaltzen.
Aurreko bakarrizketa ikuskizunarekin alderatuta, ezberdintasunik bada?
Formatua berbera da. Ni, mikro bat eta barrea eragitea. Barrez blai bakarrizketa saioan abesti berri batzuk sartu ditut, eta gauzak aldatzen noa jendearen harreraren arabera. Helburua, ordea, bera da: jendeak barre egin eta ondo pasatzea.
Poltsiko Antzerkian aritu zinen. Zer moduz?
Bi emanaldi egin nituen. Lehena nik bakarrik, Egiako La Tabernan. Oso ondo atera zen, 80 pertsona hurbildu ziren, eta antolatzaileak pozik geratu ziren. Bigarrena, Poltsiko Antzerkiaren bukaera ekitaldian eskaini nuen. Beste hiru artistekin aritu nintzen, eta nik 20 minutuko saioa egin nuen. Esperientzia ona izan zen.
Korrika Kulturalarekin ere ari zara bakarrizketak eskaintzen.
Horrela da, eta aurrera begira hainbat saio ditut. Hurrengo asteazkenean, hilak 22, Antiguako AEKren euskaltegian izango naiz. 23an, berriz, Parte Zaharreko Rekalde tabernan. Ilusio berezia egiten dit, jende eta lagun asko espero ditudalako. Martxoaren 26an Kukuka antzerki taldeak antolatzen duen jaialdian izango naiz, eta apirilean bi emanaldi ditut: 1ean Betelun eta 7an Oñatin.
Jose Cruz Gurrutxagarekin ere bikotea osatu duzu ‘Irri Par Txou’ emanaldian.
Ikuskizun profesionalagoa da, baldintza oso onetan aritzen garelako. Gutxitan izaten ditut horrelako esperientziak, eta pozik nago aukerarekin. Gainera, Gurrutxagarekin aritzea ederra da, asko ikasten dut berarekin, eta interesgarria da antzerkiaz berarekin hitz egitea. Orain arte lau emanaldi egin ditugu elkarrekin. Politena Iruñeko Antzerki Eskolaren egoitzan eskainitakoa izan zen. 100 bat pertsona etorri ziren eta jendeak barre asko egin zuen. Udaleko teknikariek ere zoriondu gintuzten.
Antzerkia eta umorezko bakarrizketak. Ezberdinak dira, baina zertan?
Beti esaten dut, bakarrizketak egiterakoan ez naizela aktore bat, komiko bat baizik. Testu bat plazaratzen dut testuinguru eta giro umoretsu batean. Antzerki taldearekin ezberdina da. Antzezlan batek beste ezaugarri batzuk ditu, mezuak dituzu transmititzeko. Umorea jorratu izan dugu, noski, baina baita drama ere. Antzerkiari errespetu handia diogu.
Aldatzen Laguntzen antzerki taldearekin obra berriren bat prestatzen ari zarete?
Orain geldirik gaude. Amets zirkoa salgai obrarekin bi urte ibili ginen, eta 43 saio egin genituen. Esperientzia ikaragarria izan zen guretzat. Baina esfortzua ere bai, teknikoki zein ekonomikoki. Saioa ama izan berri da, eta atseden hartzea erabaki dugu. Ideia bat badut buruan, baina aurrera begira ikusiko dugu.
Beste proiekturik baduzu?
Lagun batekin batera saltsa batean nabil. Umore kutsukoa da, Nafarroarekin du lotura eta ikus-entzunezkoa da. Ez dut besterik aurreratuko.