Markel Ormazabal: 'Gorputzean daramagu tatuaturik'
Orain ez asko, hitzen beharrik gabe aurkezten ahal zen patiora heldu berri presoa, gerizpean egotearen zergatia, bere konplizitateak eta mehatxuak, edo berekin tratatzeko maneren mugak, besteak beste, hitzen beharrik gabe agertzen zituen. Arropa erantzi, gorputz atalen bat agerian utzi, eta azala izango zuen komunikaziorako bitarteko. Zauriak eta tatuaiak. Izan ere, ingurunearekin erlazionatzeko oinarrizko bitartekoa dugu gure gorputza, gorputzean egikaritzen dira inguruarekin erlazionatzeko ditugun moduak, eta atzera harremanean, baita inguruneak gugan dituen eraginak ere.
Gorputzean eta beronen eraikuntzan eredu sozial eta kultural ezberdinak hauteman daitezke. Garaian garai gorputz-markak pertsonaren maila soziala, familiaren baitako harremana, komunitatearen pertenentzia, adina zein sexu edo erlijio pentsaerak publikoki adierazteko bidea izan dira. Orain ez asko arte, Mendebaldeko ikuskeran tatuaiak estigma zuen infrentzu, azaleko orbanak delitu egile edo esklaboa identifikagarri egitea baitzuen helburu, errua eta erruduntasuna ikusgarri egin, zigortu. Ekialdeko antigoaleko kultura zenbaitetan ere, India, Txina edo Japonia, tatuatua izatea zegoen zigorrik gaiztoena zen, inguruak ukatu eta isolatua izango baitzen gorputz tatuatua. Tatuaia, nagusiki, jabetza, esklabotza eta menderatze ikur izan da, hala erabili zuten Egiptoko kulturek ez eze, berdin feniziar, greziar eta erromatarrek ere, giza-gorputza markatzeko.
Esaten da esaten dutenez Cook kapitaina gidari gizon zuria Polinesian arribatu zelarik berrartu zuela Mendebaldeak tatuaiaren kultura, itsas espedizio horretako marinelak polinesiar gorputz-mihiseez liluraturik geratzean. Gerora kristautasunak uharteetan debekatutako praktika, marinelek kontinentera ekarri zuten, baina ordu arteko esangurei itzuli eginez. Hortik lotzen du iruditeria kolektiboak tatuaia itsas jendearen gorputzarekin lehenik eta delitu egilearekin gero. Ez alferrik, legearen ihes egiten baitzuen itsas jende ez gutxik itsasora.
Kartzela eta tatuaia elkarren eskutik izan dira. Eta tatuaia, piercing eta zulatzeak, eskarifikazioa edo gorputzaren bestelako moldakuntzak oinarri dituen kultura, eta kartzelen kontrako borroka batzen dira, hain zuzen ere, Tattoo Circus ekimenean. 2007 urtean Erroman lehen edizioa ospatu zenetik Europako hainbat lekutan antolatu da, lekuan lekuko izaera propioarekin. Gurean, Bilbo, Eibar, Bergara, Durango edo Soraluzen, eta orain, hilabetearen amaierarekin, Donostian, Añorgako Firestone Lantegi Berreskuratuan ospatuko da. Egun, gorputz-aldaerak eduki erlijiosoa edo mailaketa sozialari atxikitako sinbolismoa galdu badu ere, beste mota batetako komunitate-pertenentziak adierazten ditu. Hor dugu bestelako gorputzak, gorputz-aldakuntzak, pertenentziak eta gorputz-kulturak ezagutzeko aukera.