Piano eta txelorako partitura liburua argitaratu du Josu Okiñenak, Felix Lavilla bere maisua zenarekin elkarlanean. Euskal kantutegi zaharreko sei kantu ditu lanak.
(Argazkia: I. Esnaola)
Piano jotzaile moduan ibilbidea egina du Josu Okiñena andoaindarrak. Aspalditik bizi da Donostian eta lotura berezia du hiriarekin. Aita Donostiaren obra ikertu, musikatu eta hedatu du lau haizeetara. Orain, partitura liburu aitzindaria plazaratu du.
Lehen aldia da piano eta txelorako euskal abestiak liburu batean jasotzen direla?
Bai, Euskal Herriko kantutegitik hartutako abestiekin egiten den aurrenekoa da. Ezin dut erantzun bat eman, eta ezin dut esan zergatik ez diren egokitu orain arte. Duela mende eta erdi, bost edo sei pieza bakarrik zeuden idatzita piano eta txelorako. Orain, beste sei gehitu dizkiogu Eresbileko artxiboari, eta horrela ondarea bikoiztu dugu.
Abestiak, beraz, egon badaude egokitzeko?
Noski, asko daude. Aita Donostiaren kantutegian 3.000 bat kantu daude. Resurreccion Maria Azkueren kantutegia ere hor dugu, eta 1.000 pieza inguru izango ditu. Kantu horien guztien konponketak egin daitezke piano eta txelorako. Baina ez du inork egin.
Partitura liburua egiteko ideia nola sortu zitzaizun?
Argentinako kontzertu bira bat prestatzen ari ginela izan zen. Nire lankide eta laguna den Razvan Suma biolontxelo jotzaile errumaniarrarekin nenbilen prestaketa lanetan. Kontzertu batzuk antolatu zituzten piano eta txelorako, eta errepertorioan gure herrietako piezak sartzeko eskatu ziguten. Berak aurkitu zituen Errumanian, eta ni gurean bilatzen hasi nintzen. Eresbilera joan nintzen, eta esan zidaten gutxi batzuk zeudela. Errezital hura programatzeko ez zitzaizkidan nahikoa iruditu.
Orduan erabaki zenuen Felix Lavillarengana jotzea?
Hori da, nire maisuarengana joan nintzen. Zer egin genezakeen galdetu nion, eta berak lagundu zidan. Izan ere, abesti batzuk idatzi zituen, euskaraz eta gazteleraz, Teresa Berganza bere emaztea izan zenarentzako. Horien moldaketa bat egitea erabaki genuen.
Zenbat denbora eman zenuen Lavillarekin lanean?
2004an hasi ginen lanean. Ordea, hiru edo lau urtez ibili ginen abestiak lantzen. Egia esan, ezin da neurtu pasa genuen denbora. Lanean hasten ginen, eta orduak pasatzen ziren. Konpasez konpas aritu ginen. Sekulako lana hartu genuen, baina oso gustura ibili ginen.
Hasiera batean, lau kantu bakarrik behar genituen kontzertuetarako. Gerora, gehiago lantzea pentsatu genuen. Batez ere, Uruguaiko euskal etxe batek beste bi eskatu zizkigulako.
Hemengo piano zein txelo jotzaileek ganberako kontzertu bat egin behar badute, gure folklorean oinarrituriko errepertorio berria dute eskura.
Liburua Lavillaren azken ondarea da.
Horregatik da berezia. Lavilla piano jole moduan nabarmendu zen. Baina betidanik asko landu zuen Euskal Herriko folklorea. Aita Donostiarekin harreman estua izan zuen. Lau eskutara jotzeko zuten elkarrekin pianoa. Jesus Guridi ere ezagutu zuen. Musikari berezia zen, niretzako Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat.
Argitalpen berritzailea dela adierazi duzu. Zergatik?
Nire ustez, gure folklorea ezagutarazteko aukera oso ona da liburua. Hedapena lortzeko eredu bat da kontzertu klasikoa. Hori ez dugu gehiegi jorratu orain arte, eta orain badago aukera.
Zergatik sei abesti horiek?
Oso aproposak direlako biolontxeloarekin jotzeko. Berezia da txeloa, bere soinua baritono batekin alderatu daiteke. Horretarako, partiturako esaldiaren forma egokia behar du izan. Abesti folklorikoek ezaugarri bereziak izan behar dituzte txelora egokitzeko. Liburuko sei euskal kantuak ondorengoak dira:
Ai Isabel Isabel, Anderegeya, Loa-Loa, Aldapeko Marya, Ator Ator eta
Vasca.
Aita Donostiak lan ona egin zuen euskal kantutegi zaharra berreskuratzeko. Lavillak ere. Orain zure txanda da?
Niri betidanik asko gustatu zait paper zaharren artean ibiltzea eta galtzea. Esku izkribu batzuk ere aurkitu ditut, eta ari naiz prestatzen zerbait interesgarria izango dena. Ezezaguna da eta ezagutarazteko gogoa dut. Maiatza bukaeran aurkeztuko dut disko formatuan.
Zergatik da horren ezezaguna Euskal Herriko kantutegi zaharra?
Benetako ondarea ez dugulako babesten. Ezagutzen dugu, baina ez dugu babesten. Ezagutzen ez badugu ikertzea dagokigu, eta ez dugu egiten. Pentsa, Varsovian egin nuen kontzertu batean, Karol Szymanowski konpositoreak idatzitako ahots eta pianorako abesti euskaldunak ezagutzen ote nituen galdetu zidaten. Harrituta geratu nintzen. Antza denez, urtero Donibane Lohitzunera joaten zen abuztua pasatzera. Maurice Ravelekin egoten zen, eta euskarazko bi abesti eman zizkion. Ordea, Szymanowskik diru arazoengatik Parisen saldu behar izan zituen, eta galdu egin dira.
Orduan, ikertzeko asko dagoela uste duzu?
Noski. Ikerketa zoragarria da. Obra zein musika pieza berriekin topo egitea ederra da. Adibidez, iaz, Aita Donostiaren obra berri bat aurkitu nuen, eta pianorako oso interesgarria da.
Kontzertu emanaldi berezirik pentsatu duzu berreskuratu dituzuen piezak zuzenean eskaintzeko?
Bai, eta data egokiaren bila gabiltza. Lekua ere aproposa izatea nahi dugu. Gainera, txelo jotzaile bat behar dut, eta kontzertu agenda antolatu. Ondo bidean, aurten egingo dut emanaldia Donostian.