Auzotar guztientzako erronka

Euskararen erabileran eragiteko, jarduera mordoa antolatu dute Intxaurrondon gaur eta bihar bitartean. Gainera, Korrikaren atarian, hogei orduz euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute.
intxaurrondo-20-ordu-euskaraz

Intxaurrondoko erronka antolatu duten hainbat eragile, Bernart Etxepare plazan. (Argazkia: L. Ferreira)

Intxaurrondoko Plazara Goaz euskara elkarteak urteak daramatza auzoan hizkuntzaren aldeko jarduerak antolatzen: «Gure helburu nagusia da euskararen erabileran eragitea, eta iazko Euskararen Egunaren harira, beste saiakera bat egin behar genuela ikusi genuen. Inguruko auzo eta herrietan –bereziki Egia eta Lasarte hartu genituen eredu–, euskararekin zerikusia zuten egitasmoak antolatzen ari ziren, eta hori abiapuntu izan zen gure erronkari forma ematen hasteko».

Hala, auzoko hainbat norbanako eta talderekin bilerak egin ostean ­–eskolak, elkarteak, kultur etxeak, gazteak…–, Intxaurrondokoei erronka bat botako zietela erabaki zuten. «Aurten Korrika zetorrela kontuan hartuta, pentsatu genuen une hori baliatu genezakeela; jendea sentsibilizatuagoa egoten da, eta iruditu zitzaigun momentu aproposa izan zitekeela mota guztietako auzotarrengana iristeko», azaldu dute euskara elkarteko kideek. Babes soziala ez ezik, udalarena ere izan dute. Horren erakusgarri izan zen astearteko prentsaurrekoa: alderdi politiko guztietako ordezkariek hartu zuten parte.

Hogei zenbakiarekin bueltaka ibili ziren Intxaurrondokoak: «Korrikak 20 urte betetzeaz gain, gure elkarteak ere 20 urte beteko ditu datorren urtean. Horregatik, erronka zenbaki horrekin lotzea pentsatu genuen, 20 orduz euskaraz aritzearen ideia atera zen arte».

Gizartea aktibatu
Bada, gizartea aktibatu, erabilera sustatu eta hizkuntza berdintasunaren aldeko portaerak indartzeko bi fase izango dituen prozesu bat abiatu dute. Lehenengoa gaur eta bihar izango da: «Intxaurrondoko askok euskaraz bizitzeko dugun nahia sinbolizatzeko 20 orduko jaia izango da». Festaren gune nagusia Bernart Etxeparen finkatuko dute, eta jarduera gehienak bertan egingo dituzte.

Egitarauaren barruan, besteak beste, ondorengoak egongo dira: Korrika txikia, gazteen erromeria, bazkari herrikoia, antzerkia, bertsoak, dantza, tailerrak, jolasak, abeslariak eta trikitilariak. Ekitaldi nagusia bihar egingo dute, 13:00etan: «Eragile, norbanako eta erakundeekin argazki erraldoi bat egin nahi dugu». Gainera, egitaraua azken unera arte irekia izango da. Hortaz, norbaitek ideiaren bat badu, aukera dauka bertaratu eta proposatzeko.

Antolatzaileek garrantzi berezia eman nahi izan diote parte hartzeari: «Auzo honen gauzarik onena da jarduera askotan jende ugari biltzen garela. Baina egia da auzoa oso zatituta dagoela orografia aldetik. Beraz, erronka honetan garrantzitsuena da bizilagun guztiak saretzea eta biltzea. Euskararen bueltako zerbait izateak ez du esan nahi euskara ez dakitenek ezin dutenik parte hartu. Guztiok parte eta eroso sentitzea nahi dugu. Elkar ulertu nahi izatea inportantea da. Ilusioa zabaldu eta guztiok bizipen positibo bat bizitzeko asmoa dugu».

Baina erronka ez da bihar amaituko. Bigarren fasea Euskararen Egunaren bueltan –azaroaren 13tik abenduaren 3ra– egingo dute, 20 egun euskaraz erronkarekin: «Oraindik zehazteko ditugu hainbat kontu, baina hiztunak eta elebidun hartzaile pasiboak aktibatzeko egitasmoa izango da, eta txanda aldaketak egingo ditugu. Prozesua bera da garrantzitsuena, eta eragile guztiak gogotsu gaude; elkarlanean aritzeak indartu egiten gaitu».

Bederatzi eguneko apustua egin dute gazteek
Donostia euskaldundu nahi dute gazteek, eta, Intxaurrondon bezala, erronka bati heldu diote. Hain zuzen ere, Korrikak irauten duen egunetan –atzotik apirilaren 9ra bitarte– euskaraz bizitzea.
Apustuak egiten hasi dira, eta helburua da ahalik eta gazte gehien batzea euskaraz bizitzeko dinamika honetara. Auzoz auzo landu, eta sare sozialen bidez zabaltzen ari dira. Hala, gazteak animatu dituzte argazkia egin eta #egizugazte traolarekin euren esperientzien berri emateko.
Korrika hiritik pasatzen den egunean, asteartean, auzo bakoitzeko gazteek pankarta bat eramango dute, #Egizugazte Gazteok Intxaurrondo euskalduntzen! bezalako esaldiekin.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend