Bederatzi gazte donostiarrek Xomorro taldea sortu zuten 2016ko udaran. Haurren parte hartzea, naturaren pedagogia eta zirkua lantzen dituzte, besteak beste.
Zirkuari behar besteko garrantzia eman nahi diote Xomorro taldeko kideek. (Argazkia: Lander Arretxea)
Aisialdi taldeetako kide ziren gaur egun Xomorro taldea osatzen duten gehienak. Bederatzi donostiar elkartu ziren, gustuko zerbaitetan lan egiteko asmoz. Haurren parte hartzea, naturaren pedagogia eta zirkua uztartzen dituen talde bat sortu dute. Mikel Agirre, Eider Villalba, Martin Aranegi, Itsasne Mendiberri, Julen Rodriguez, Ane Arsuaga, Peru Ansorena, Iñaki Arazola eta Mikel Fernandezek osatzen dute Xomorro.
“Arlo ugaritatik gatozen jendea gara; besteak beste, ingurumen zientziak, gizarte hezkuntza, arte ederrak, medikuntza, gorputz heziketa”, azaldu du Aranegik. Gehienak batera aritzen ziren aisialdi taldean eta zaletasun berberak elkartuta sortu zuten egitasmoa: “Gure balioekin bat egiten du zirkuak; ez da batere lehiakorra eta kooperaziorako aukera ematen du”, azaldu du Agirrek. ?”2016ko udaran sortu genuen proiektua, eta ikasturtearekin batera abiarazi genuen, urrian”. Izan ere, hiru eskolatan ematen dute zirku ikastaroa, eskolaz kanpoko jarduera bezala:?Pasaia Lezo Lizeoan, Summa Aldapeta ikastetxean eta Orixe ikastolan.
Aitortu dute hasieran egitasmoak hiru enbor nagusi bazituen ere, azken aldian, zirkuak irabazi duela protagonismo gehien: “Haurren parte hartzea, natura pedagogia eta zirkua bultzatu nahi genituen baina eskaintza egiterakoan zirkua nahi dute gehienek”, azaldu du Agirrek. Dena den, pozik daude:?”Zirkua oso anitza da eta denentzako balio dezake;?edonork topatzen du bere lekua”. Haurrei zirkoa ikaragarri gustatzen zaiela azaldu dute, eta baliabide gutxiago behar direlako, eskolarentzat ere aukerarik errazena dela diote.
Alde batetik, eskoletan zirku ikastaroak ematen dituzte, eskolaz kanpoko jarduera gisa; eta bestik, zirku ikastaroak ere eskaintzen dituzte, jaietan esaterako: “Donezteben gazte egun batean egon ginen ikastaro bat egiten; lehenengo ikuskizun txiki bat egin genuen eta gero jendea hiru taldetan banatu genuen:?talde bat malabareak egiten, bigarren talde bat gorputzarekin formak marrazten eta hirugarren bat aireko akrobaziak egiten”.
Azaldu dute, oraingoz, ez direla zirku adituak baina ikasteko gogoz daudela: “Ikasten ari gara, formakuntzak eta ikastaroak egiten ditugu, eta astean behin entrenatzeko elkartzen gara Guardetxean”.
Azaldu dute askotan jendeak zirkua umeen kontua dela uste duela, baina gazte eta helduentzat ere aukera polita izan daitekeela: “Zirkoa anitza eta zabala da eta adin guztietako jendeak gozatu dezake eskaintzen dituen aukerekin”. Eskolaz kanpoko jarduerak bost eta hamaika urte bitarteko haurrentzat eskaintzen dituzte, baina bestelako ikastaroak edozeinentzat eskaintzeko prest daudela azaldu dute: “30 urtera artekoek parte hartu zezaketen ikastaro bat eskaini genuen Oreretan”.
“Askotan kiroletan uste dugu txikitatik entrenatzen hasten ez bagara, gerora oso zaila dela;?zirkuarekin ez da hori gertatzen, gutako asko orain dela gutxi hasi gara eta asko gozatzen dugu”, azaldu du Villalbak.
Bakoitza bere erritmora
Taldea bederatzi pertsonak osatzen badute ere, bakoitzaren bizi egoeraren arabera moldatzen direla azaldu dute: “Batzuek lan finkoa dute, eta asteburuko ikastaroez arduratzen dira, eta badaude beste batzuk, eskolako ikastaroetaz arduratzen direnak urte guztian”. Hala ere, denak elkartzen dira astean behin erabakiak hartu, entrenatu eta elkarren berri izateko. “Bi edo hiru pertsona daude dezente denbora eskaintzen diotenak Xomorrori eta bertatik bizi ez badira ere, diru iturri bat da eurentzat”, azaldu du Arazolak. Izan ere, taldea sortzeko beste helburuetako bat izan da benetan gustatzen zaien hori bizibidea izan ahal izatea;?nahiz eta, momentuz ez den posible. “Bakoitzak bere kabuz egin beharrean gustatzen zaigun hori modu kolektibo batean egitea pentsatu genuen”, azaldu du Agirrek.
Zirkuaren garrantzia
Aranzetak uste du gorputz hezkuntzan ez zaiola zirkuari behar besteko garrantzia ematen. Bat dator Villalba ere:?”Zirkuak gaitasuna dauka gorputza eta adimena lotzeko; eta norbere gorputzaren gaitasunak eta mugak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du”.
Orain, hausnarketa garaia da Xomorro taldearentzat. Zenbat eta nola hazi nahi duen erabaki nahi dute;?eta baita talde izaera bera ere: “Nolako elkarte edo kooperatiba izan nahi dugun pentsatzen ari gara. Ekonomia sozial eraldatzailearekin bueltaka gabiltza, eta taldeko hiru coop fabrika ikastaroa egiten ere hasi gara”.
Bestalde, aurrera begira, haurren parte hartzean eta natura pedagogian sakontzen jarraitu nahi lukete. “Haurren parte hartzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, izan ere, gaur egungo haurrak erabakitzen dituzten gauzak baino askoz gehiago erabaki dezaketela uste dugu:?zer ikasi nahi duten, gelak nolakoak izatea nahi duten, nolako espazio publikoak nahi dituzten”. Agirrek uste du subjektu aktibo bezala erabakitzeko aukera gehiago eman behar zaizkiela eta horretarako dinamikak sortu nahi dituzte. Bestalde, taldekideen burutazio oro gauzatzeko espazio ireki bat izatea nahi dutela ere azaldu dute.
Une honetan Korrikaren harira Zuhaizti ikastetxeko haurrekin lanean ari dira jolas orduetan; bihar zirku ikastaroa eskainiko dute Oreretan; eta apirilaren 10ean, 11n eta 12an Tabakaleran egongo dira Zirkua Familian egitasmoarekin.
Bitartean, beraien berri izan nahi duenak
www.xomorrotaldea.wordpress.com atarian aurkitu dezake informazio guztia.