'Murrizketarik ez berdintasunean' izeneko bideo egin du erasoen aurkako batzordeak
Donostiako Emakumeen Etxeko erasoen aurkako batzordeak bideo bat argitaratu du sare sozialetan “emakumeen erailketak eta indarkeriaz betetako egoera” salatzeko: “Spot hau egin dugu indarkeria matxistari aurre egiteko murrizketen aurrean, emakumeoi gertatuko litzaigukeenaren hainbat ondorio parodiatzen”.
Emakumeen etxeko kideek azaldu dute aurten, hiru hilabetetan 23 emakume erail dituztela indarkeria matxistagatik: “Zifra beldurgarria da, baina ez harrigarria, iazko bigarren hiru hilabetean 36.000 emakume baino gehiagok pairatu zutelako indarkeria matxista Estatuan”.
Salatu dute murrizketek Espainiako Estatuko aurrekontuen %26ko murriztea ekarri dutela azken urteetan: “Aspalditik mugimendu feminista salatzen aritu den bezala, indarkeria sexista emakumeen eta gizonen arteko harremanen emaitza da, hauek hierarkikoak eta desberdinak direlako. Matxistak eta sexistak diren erasotzaileek emakumeak erasotzen eta gaizki tratatzen dituzte, emakumeak beraien nahien menpe daudela eta euren borondatea inposatzeko eskubidea dutela uste dutelako”. Izan ere, gaineratu dute eraso matxista ideologia matxista batean errotzen dela.
Uste dute erakundeek gaur egun ez dutela gaia beharrezko seriotasunarekin jorratzen: “Indarkeria matxista ez da geldituko neurri transbertsalak eta integralak ez baditugu ezartzen, sexuen artean existitzen diren harreman hierarkikoak eta desberdinak apurtzen dituztenak, gizarteko arlo guztietan. Eta betebehar hau ezin dugu jorratu baliabideak murriztuz”.
Ikusi bideoa hemen.