Merezitako omenaldia jaso du Maite Azkoagak
Hogei urteren ostean, belar hockeya uztea erabaki du Realeko kapitainak.
Realak bideo bat osatu du jokalariari egindako elkarrizketarekin. Bertan aipatzen duenez, berak hartu du hockeya uztearen erabakia: “Fisikoki ongi nago eta beste urtebetez jarrai nezakeen, baina buruak ere eragin handia du erabaki honetan”. Gainera, uste du onena dela orain uztea: “Uste dut polita dela erabakia hartzea momentu on batean, eta ez uztea hockeya gorroto ukitu batekin”.
Hogei urte egin ditu Maite Azkoagak Realeko belar hockey taldean. Joan den igandean jokatu zuen txuri-urdinekin etxeko bere azken partida izan daitekeena, eta garaipen batekin agurtu zen gainera. Izan ere, Atletic Terrassari 2-0 irabazi zion Realak, Olatz Goñiren gol bati esker, Bera Berako zelaian. Behin norgehiagoka bukatuta, ongi merezitako omenaldia jaso zuen taldeko kapitainak, jokalari eta zaleen aldetik. Aurreskua dantzatu zioten, zapi bat eta lore sorta bat oparitu zizkioten, eta bertso bat ere jaso zuen opari gisa, Realeko ereserkiaren doinuarekin: “Maite, Maite, Maite maite zaitugu / ospakizun ta momentu txarretan / Maite, Maite, Maite maite zaitugu / zelai barruan eta kanpoan“. Eguzkia lagun, egun ederraz gozatu zuten guztiek ere.
Liga erregularreko etxeko azken partida izan zen igandekoa, eta azken jardunaldia datorren asteburuan izango dute, Terrassaren aurka. Taldearen helburuen artean, ordea, tituluarengatik borrokatzeko final four-ean sartzea dago. Beraz, oraindik lehia gehiagotan aritzea espero du Azkoagak, denboraldia bukatu bitartean.