Jon Odriozola: 'Denboraren orratzak'
Jon Odriozola, Kazetaria.
Nire arrebak harriduraz esango lukeen bezala: «Gaur ere futbola al dago?». Aurreko jardunaldia atzo amaitu, eta gaur, hurrengoa hasiko da, astelehenean, Langileen Nazioarteko Egunean amaituz. Astebete pasatxoan hiru partida jokatuko dira, eta jada, txapelketaren amaierara hurbiltzen ari gara.
Asteazkeneko partidan, denbora -hamar minutu eskas- izan zen ia–ia Realaren lana pikutara bidali zuena. Markagailuan eta jokoan nagusi izanik, partidako bi une nahikoak izan ziren Valentzia markagailuan hurbiltzeko. Izerdi hotza nagusitu zen realzaleen artean. Ordura arte partida ona burutua zuten txuri-urdinek baina aitaren batean emaitza asko estutu zen. Eta bide batez, zaleen aurpegia zurbildu. Garaipenak, lasaitasuna zabaldu, eta Europan datorren urtean jokatzeko helburura hurbildu zuen taldea. Nahi horren bidean inork ez du amore eman nahi; ‘urpekari horiak’ eta ‘lehoiek’ ere Kontinente Zaharrean lehiatzea dute xede. Dema estua azken txanparaino.
Bihar eguerdian, bermutaren orduan, beste jardunaldi bat jokatuko da: arrebak jakiten duenean… Granada amildegian dago baina egoera horretan dauden arerioek eragiten didate kezka gehien. «Partida erraza», deliberatu du pertsona batek tabernan. «Poztuko nintzateke horrela balitz…», erantzun dio tabernariak. Gaur jokatuko duten Vila-realeko zaleek ere horrela pentsatu dezakete, Sporting-en aurka ariko dira. Baina zakur amorratu batek ezusteko handienak eman ditzake. Sailkapenaren zuloan dauden taldeek oso gutxi dute galtzeko, eta asko arnas piska bat hartzeko. Beraz, bihar ere arerioak baino gol gehiago sartuz lortu daiteke garaipena; orain arte bezalaxe. Berdin-berdin.
Realaren azken aurreko partida Anoetan. Lehia uste baino garrantzitsuagoa. Ahal izanez gero taldea are animatzera joan behar den partida. Arerioak agian ez du sona handirik izango baina Europako txartelaren bidean aurrera egin nahi bada, besteak bezala borrokatu beharreko partida da. Esaldi topikoa baina egi borobila. Sinplea bezain zehatza. Hau da, partidan zehar haria gure alde eteten ez bada, urduritasunak irentsi eta ez aurrera eta ez atzera gera daiteke norgehiagoka. Ez zaigu partida zorozik komeni. Zaleen hatsa, bihar, beraz, uste baino garrantzitsuagoa izango da .