Igandera bitarte, festa giroan murgilduta egongo dira Bidebietan. Egitarauaren barruan, Dravet sindromearen fundazioaren alde hainbat jarduera antolatu dituzte.
Txanpontxo jai batzordeko hainbat kide, Bidebietako auzotar batzuekin, Guardaplata bidean. (Argazkia: L. Ferreira)
«Kaixo, Bidebieta! Urte osoan itxaroten egon eta gero, iritsi dira gure jaiak!», halaxe hasi zuen pregoia Txanpontxok. Orain arte, jaietako pertsonaia haurrekin jaisten zen Guardaplata bidetik eta inoiz ez zuen helduen jardueratan parte hartu. Baina, atzo, protagonismo handiagoa eman zioten; hain justu, pregoia irakurri eta txupinazoa bota zuen: «Txikienak hasi dira jada festarekin. Orain zuen txanda da! Ez dezatela esan Bidebietan ez dagoela girorik! Gora Txanpontxo! Gora Bidebieta!».
Hala, igandera arte, festak ez du etenik izango eta heldu zein haurrentzako jarduera mordoa prestatu dituzte. Gaur, esaterako, haur eta gazte eguna ospatuko dute auzoan, 17:00etik aurrera. Erraldoi eta buruhandiak, txokolate jatea, apar festa… aukera ugari izango dituzte haurrek ondo pasatzeko.
Baina helduek ere izango dute zer ospatu: bilar lehiaketa antolatu dute Alai tabernan (19:30ean), afari herrikoia egingo dute frontoian eta sardina jatea eta herri kirolak egongo dira Nornahi plazan, biak 20:00etan. Gauean, 22:00etan, Rock Kam Broom kontzertu mugikorrak ibilbidea egingo du auzotik barrena, eta, 00:00etatik aurrera, Txanpontxo Rock jaialdia egingo dute, 5. blokean: Pangea, Sardeska eta Sobresalto taldeak igoko dira eszenatokira.
Bertso bazkari herrikoia
Bihar, larunbata, tortilla lehiaketarekin hasiko dute eguna, 11:30ean. Ordu erdi beranduago, 12:00etan, zumba herrikoia egingo dute, eta, 12:30ean, kantujira eta pintxo potea kuadrillen arteko jolasekin. 14:30ean, bertso bazkari herrikoia egingo dute, Andoni Egaña eta Jon Maia bertsolariekin. Haurrentzako tailer eta jolasez gain, Irrien Lagunek
Irrikula, Makula, Kriskitin Dzart! ikuskizuna eskainiko dute, 17:30ean, frontoian. Ordu berean, danborradak Bidebietako kaleak zeharkatuko ditu, Joselontxo’s txarangak lagunduta.
Pintxo poteak jarraipena izango du iluntzean. Izan ere, 20:00etan egingo dute berriro, baina, oraingoan, mozorro festari emango diote hasiera (indio eta bakeroen gaia zehaztu dute mozorrotzeko). Orduan iritsiko da musikaz eta dantzaz gozatzeko unea: 20:00etan, Non Nahi musika taldea, 10. blokean; 20:00etan ere DJ Remember 90ko hamarkada, 4. blokean; 21:00etan, mota guztietako dantza erakustaldia Thamessis konpartsaren eskutik, frontoian; 23:00etan, DJ Jo-ta-txo, 10. blokean; eta, 00:00etan, karaokea Aloha tabernan. Gainera, zezen suzkoa ere ibiliko da 10. bloketik, 22:00etan, eta, 22:30ean, mozorro lehiaketa egingo dute.
Aurtengo jaiak amaitzeko, igandean, goizeko lehen ordutik eta eguerdira arte, bertako produktuez osatutako azoka jarriko dute Bidebietan, baita Dravet fundazioaren produktuen salmenta ere. Izan ere, Txanpontxo jai batzordeak urtero elkartasuna adierazi nahi izaten dio elkarte edo ekimenen bati. Bada, aurten, Dravet sindromea izango dute hizpide. «Txosnatan boligrafo eta errotuladoreak jasoko ditugu, lagundu nahi duten guztiek bere ekarpena egiteko», adierazi dute jai batzordetik.
Ikerkuntza, ezinbestekoa
Gipuzkoan gaixotasuna duten lau haur daude –denak Donostiakoak–, eta horietako bat da Bidebietako bost urteko Nerea Mendibil. «Dravet sindromea epilepsia bezala ere ezagutzen da, eta bereziki haurrei eragiten dien mutazio genetiko bat da. Gaixotasuna dutenek atzerapen bat dute ezagutzan, izaeran eta itxura fisikoan. Adibidez, Nereak bost urte ditu, baina hiru dituela dirudi. Botika batzuk daude, baina ez dute ziurtatzen haurrak epilepsia krisirik ez edukitzea. Biltzen dugun dirua fundazioarentzako da, ikertzeko, beraiek arratoiak erosi eta botikak haiekin probatu ditzaten. Sendagai bat bilatzen ari gara, umeak lasaitasunez kalera irteteko», azaldu du Urko Mendibilek, Nerearen aitak.
Gurasoak eta Nerea bera oso pozik daude jai batzordeak eskaini dien tarteagatik: «Asko eskertzen diegu aukera hau. Gainera, bost urte daramatzagu auzoan, eta, nolabait, balio izan digu auzotarrekin harreman estuagoa izateko».
Hortaz, igandean, Denok Nerearekin lelopean, Dravet fundazioaren aldeko entrenamendu saioa egingo dute 11:00etan, Allende parkean. «Elkartasunezko entrenamendu bat izango da. Dortsala erosten dutenek Dravet fundazioari lagunduko diote», nabarmendu dute jai batzordeko kideek.
Horretaz gain, 12:00etan, emakumeen eta gizonezkoen toka eta bote txapelketak egingo dituzte, Erreka tabernan. 12:30ean, euskal dantza emanaldi bat eskainiko dute Herri Ametsako ikastolakoek, 5. blokean. Burduntzi bazkari herrikoia antolatu dute ondoren, 14:30ean, Bidebieta elkartearen aurrean. Arratsaldean, berriz, 18:00etan, herri kirolak izango dira nagusi, mozketa altueran eta harri jasotzaileekin. Baina musikarako tartea ere egongo da, eta, 19:00etan, Folk taldeak Europako dantzak eskainiko ditu, 5. blokean. Egunari eta jaiei amaiera emateko, zezen suzkoa ibiliko da auzoko 5. bloketik barrena.