Egiako talde gisa jaio zen Kostkas futbol elkartea, 1967an; pixkanaka, handitu, eta, orain, 350 mutil mugitzen ditu; urteurrenarekin bat eginez, emakumezkoen boleibol atala estreinatuko du.
Kostkaseko Fernando Poyales presidentea eta Iñigo Clavel entrenatzailea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Egiako futbol talde txiki bat zen Kostkas, duela 50 urte, eta berarekin batera hazi da Fernando Poyales. Hamar urte zituela hasi zen klubean jokalari gisa, 17 urterekin entrenatzaile lanetan sartu zen, eta hortik zuzendaritzara igaro zen. 34 urte inguru daramatza presidente postuan, eta oso pozik dago klubak duen biziarekin: «Ni hasi nintzenean, dagoeneko bost urte zeramatzan klubak, baina 1967an parrokoak gutako bi hartu eta kirol denda batera eraman gintuen kamisetak aukeratzera». Gogoan du hasieran kamiseta zuriekin jokatzen zutela, hizki beltzekin, eta dendako kamisetak ikustean txundituta geratu zirela: «Erakutsi zizkiguten lehen elastikoak urdin zoragarri batzuk izan ziren, horiek aukeratu genituen, eta hortik datoz koloreak». Iñigo Clavel klubera duela bost urte iritsi zen, 18 urterekin. Atezaina zen, eta urtebetez jubeniletan jokatu ostean, bere talderen bigarren entrenatzailea izatera igaro zen. Gaur egun, kadete talde baten entrenatzailea da, eta kadete eta jubenilen koordinatzailea: «Entrenatzaileen mundua gogoko nuela ikusi nuen, eta hemen eman didaten aukeraz oso pozik eta gustura nago». Bi lagunekin egon da IRUTXULOKO HITZA, klubaren errepasoa egiteko.
Kostkasek zortzi eta hemeretzi urte bitarteko jokalariak ditu, mutilak denak, eta, guztira, 350 jokalari inguru dira. Zuzendaritza zazpi lagunek osatzen dute, eta, hogeita hiru entrenatzaile dituzte. «Falta zaiguna da zuzendaritzan sartuko den jende berria. Erraza da klubean semeren bat duzun bitartean zuzendaritzaren bueltan ibiltzea, baina gerora jarraitzea zaila egiten zaie askori», dio presidenteak. «Inguruko auzo eta herrietako gazte asko etortzen zaizkigu. Denek lekua izatea nahi dugu, futbolean hobeto edo okerrago jokatu arren. Taldeak geroz eta lehiakorragoak dira, eta maila guztietan banatuak ditugu taldeak, partaidetzarako eta errendimendurako». Guztira, hamasei talde dituzte, alebin mailatik jubeniletara, eta guztiak zelaian sartzeko arazoak dituzte: «Aurten talde bat Cesar Benito zelaian entrenatzen ari da, hemen ez dagoelako lekurik». Matigoxotegi zelaian jokatzen dute Kostkaseko taldeek, 1986tik; pasarte moduan diote, zelai erdia Egiari dagokiola, eta, beste erdia, Intxaurrondori. Aurretik beste hiru zelaietan aritu ziren: Anoetako harrizko zelai batean, Danaken Herizeko zelaian, eta kotxerasen atondu zuten beste zelai batean.
Izena Egiako parroko batek jarri zion. Dirudienez, Erromako ermita txiki bat bisitatu zuten, San Estanislao de Kostkas izenekoa, eta asko gustatu zitzaienez, Egiara ekarri zuten.
Asteburuetan Matigoxotegin oso giro ona izaten dutela diote; eta inguruko bizilagun asko hurbiltzen direla. «Partida garrantzitsuetan harmailak betetzen dira. Normalean hiruzpalau norgehiagoka izaten ditugu, eta gurasoez gain, jende gehiago ere hurbiltzen da», dio Clavelek. «Paseoan ibiltzen den Intxaurrondo eta Egiako jende asko etortzen da zelaira, pintxo bat jaten dute, eta ederki pasatzen dute», gehitu du Poyalesek.
Beheko mailako eskola, neska-mutilentzat zabalik dagoela gogoratu du Poyalesek: «Mutil alebin federatuen taldean jokatu duen neska bakarra gurean izan dugu. Sekulako gaitasunak zituen eta ditu neskatoak, baina haur mailatik aurrera neskekin jokatzera behartuak daude». Sarritan izan omen dute buruan neskentzako talderen bat izatea, baina Intxaurrondoko Intxaurdi kirol elkarteari konpetentzia zuzena egitea ez dute zuzena ikusten. Intxaurdin nesken futbol taldeak bakarrik dituzte.
Edonola, 1980ko hamarkadan, nesken saskibaloi talde bat izan zuten, oso indartsua: «Sekulako lana egin zuten, bigarren mailara igo ziren, bi denboralditan. Harmailak lepo betetzen zituzten, eta hemen eustea ezinezkoa egin zitzaigun. Donostiako Atletikora joan ziren, eta han ere mailaz igo ziren», oroitu du Poyalesek.
Orain, boleibol atala antzeko era batera iritsi zaie: «PRoposamena egin ziguten, eta baiezkoa eman genien. Hamar bat jokalari daude eta oso ondo ari dira entrenatzen. Urrian hasiko dute denboraldia, eta badaramate hilabete entrenatzen. Hauek ere kiroldegia beteko dutela ziur nago, klubeko gaztetxoak joango direlako». Maria Reina ikastetxean ari dira entrenatzen, eta partidak Egiako kiroldegian jokatuko dituzte. «Orain entrenatzailea lortu diegu, materiala ere eskatu dugu, eta estatutuak aldatu behar ditugu, atala sortzeko. Kirola egin nahi duen jendea hurbiltzen bazaigu, gu laguntzeko prest gaude». Badaude aurretik boleibolean aritutakoak, hasiberriak, eta beste kirol batzuetan ibilitakoak:?«Klubarentzako esperientzia berri bat da, eta urteurrenari begira oso ondo etorri zaigu».
Ereserkia estreinatuko dute
1970eko Kostkaseko taldea. (Argazkia: Kostkas)
Gainontzean, urteurrenaren harira, kadete mailako txapelketa txiki bat jokatu zuten apirila bukaeran, Athletic eta Realeko taldeekin, besteak beste. Aurrera begira dituzten ospakizunak azaldu ditu Poyalesek: «Klubeko hildakoengatik meza bat egingo dugu maiatzaren 26an, eta kontzertu bat egingo dugu ondoren. Hernaniko musikari batzuk egin digute ereserkia, eta egun horretan estreinatuko dugu. Hurrengo egunean, urteroko paella jatea egingo dugu, zelaian bertan. Urria aldera, sagardotegi batetara joango gara, eta jende asko elkartzea espero dugu. Gabonetan, benjamin eta alebin mailetako txapelketa antolatuko dugu».