Abian dituzten proiektuak zabaltzeko kide bila dabil Siriarako Pasaporteak. Xedea da sentsibilizazio lana egitea eta diru bilketako jardueretan parte hartzea. Bilera ireki bat egingo dute hilaren 25ean.
Siriarako Pasaporteak elkarteko Marian Bernal, Nagore Garcia Vicuña, Itziar Villalba eta Bea Corral. (Argazkia: L. Ferreira)
Duela urtebete inguru, Siriara bidaltzeko ume-eramaileak biltzen hasi zen Donostiako ama talde bat. Aste gutxian, arrakasta handia lortu zuten, eta laguntza beste hiri eta herrialde batzuetara zabaldu zen.
Ordutik, beste hainbat proiektutan murgildu dira: tartean, autogestioa ardatz duen Atenasko City Plaza hotela (400 errefuxiatu bizi dira bertan), Gipuzkoara kanpaina (ahultasun egoera larrian dauden familiak Gipuzkoara etortzeko beharrezko bisa eskuratzea dute helburu), eta Zorionekoa naiz liburua (haurrei errefuxiatuen egoera erakusteko).
Hasierako bost lagunek lanean buru-belarri jarraitzen dute, baina adierazi dute jada eurek bakarrik ezin dituztela proiektu guztiak kudeatu: «Ideia eta proiektu pila bat ditugu buruan, baina ikusten ari gara guk bakarrik ezin dugula jarraitu. Gure asmoa dirua biltzen jarraitzea da. Gero eta ziurrago gaude hori dela errefuxiatuek behar dutena, arrazoi praktiko zein etikoengatik».
Hori dela eta, kide berrien bila dabiltza Siriarako Pasaporteak elkartekoak: «Hemendik ere asko lagundu daiteekela pentsatzen dugu. Ez dugu proiektu berri bat aurkezten, eta ez ditugu boluntarioak behar hara joateko. Eskuak hemen behar ditugu, sentsibilizazio lan bat egiteko eta diru bilketarako jardueretan parte hartzeko. Guk ditugun ideietatik abiatuta, modu autonomoan lan egiteko gai diren kideak behar ditugu; eta, noski, ideia berriak ere ongietorriak izango dira».
Arduren banaketa
Hala, lan talde bat sortu eta gaien ardurak banatuko lituzkete. Esate baterako, Zorionekoa Naiz liburuaren harira, hainbat hiri eta herrialdetako udalekin jarri nahi dute harremanetan, liburutegi eta eskoletan banatzeko. Gauza bera gertatzen zaie elkartasunezko kafearen proiektuarekin. Martxoan, kafetegi batzuetan erosten zen kafearen kopuru bat errefuxiatuak laguntzeko bideratu zuten. Jarduera errepikatzeko asmoa dute, baina taberna eta kafetegi berrietara zabaldu nahi dute, eta, horretarako, dei eta bisita ugari egin behar dira. «Azken finean, esku artean ditugun proiektuak gehiago zabaltzea da helburua, baina lan hori egiteko denbora eta jende gehiago behar ditugu», azaldu du Siriarako Pasaporteak elkarteko kide Nagore Garcia Vicuñak.
Bigarren eskuko azoketan ere parte hartzen dute, eta txandakatzeko aukera izatea eskertuko lukete: «Guk ere gure bizitzetan aurrera egin behar dugu, eta, askotan, ezin izaten dugu hilabetero bi azokatara joan».
Jarduera horien arrazoia da diru jario etengabe bat edukitzea: «Lortzen dugun dirua, bereziki, Atenasko City Plaza hotelera bideratuko dugu. Proiektu berezia da eta bat egiten dugu dituen ezaugarriekin. Tratu txarren debekua, errefuxiatuek erabakietan parte hartzea (gero eta garrantzitsua dela pentsatzen dugu). Han, lanak denen artean egiten dituzte».
Hotelera joan zen Siriarako Pasaporteak elkarteko Itziar Villalba, zein behar zeuden ikusi eta hemendik dena hobeto kudeatzeko. Orain, bertako sukaldari batekin harreman zuzena dute: «Txilekoa da, eta gazteleraz komunikatzen gara berarekin; beraz, horrek errazten du asko gure lana. Gainera, beraren bitartez, uneoro dugu lehen eskuko informazioa; eta, egia esan, lur jota geratzen gara bertako albisteekin».
Izan ere, errefuxiatuen egoera ez dela hobetu dio Villalbak: «City Plazako errefuxiatuak ez daude hain gaizki, gutxieneko segurtasun bat dute; baina, kalean, noraezean dabilen eta etsituta dagoen jende ugari bizi da.
Belgradon, giltzapetuak
Horretaz gain, Serbian gertatzen ari dena gertutik jarraitzen ari da elkartea: «Komunikabideek gero eta tarte txikiagoa eskaintzen diote errefuxiatuen gaiari. Belgradon zegoen kanpamentu inprobisatu bat hutsarazi dute eta kontzentrazio esparru batera eraman dituzte errefuxiatuak. Bertan ez dute askatasunik: hesi batzuen barruan daude, sakelakoa erabiltzen utzi diete, baina ia ez diete janaririk ematen. Esperantza zuten muga pasatzeko, baina, une honetan, giltzapetuak daudela sentitzen dute. City Plazako sukaldaria Serbian egon da laguntzen, eta dena pikutara joan dela esan digu. Lur jota dago. Izugarria da. Egunero dena aldatu daiteke; ez dakigu bihar zer gertatuko den».
Siriarako Pasaporteak elkartean parte hartu nahi duen orok bi aukera ditu: maiatzaren 25eko (osteguna) bilera irekira joatea (Maria Reina Eskolan, 19:00etan) edo beraiekin harremanetan jartzea posta bidez (info@pasaportesparasiria.es).