Ontziralekua, baserriak, ur biltegiak, mendiko tunelak... hori guztia eta gehiago gordetzen du Bidebietak. Bizilagunen pasarte zaharrak ezagutzeko aukera egon berri da, bisita gidatu batean.
Kontadoresen hasi zuten ibilbidea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Eraikin luzeek deitzen dute arreta, zalantzarik gabe, Bidebietan. Francisco Franco bera joan zen auzora dorre horiek inauguratzera, 1967ko irailean. Kontuak hala, frankismoaren aurretik baserri batzuk baino ez zuten osatzen auzoa, bere arrantza portu eta guzti. Mendiolapean dago auzoa, Pasaiarekin mugan, portutik gertu, eta hainbat kontu ezkutatzen ditu bere kaleetan.
Iraganeko garaietara bidaiatu zuen bizilagun kuadrilla handi batek joan den asteburuan, Altzako Historia Mintegiak eta Konstadores Gazte Zentroak antolatutako bisitan. Hain zuzen, Kontadoresen bertan hasi zuten bidea, lehen Contadores enpresa zegoen lekua, orain, kultur jardueren lekuko dena. Bisitan egon zen IRUTXULOKO HITZA, eta bertan kontatutako hainbat datu deigarri bildu ditu, auzoko gune ezkutu eta pasarte ederrak tartean, nola ez.
PORTUA
Ainguradun biribilgunea dagoen lekuan, portua zegoen lehen, eta huraxe izan zen inguruko ekonomiaren motor nagusia. Jose Antonio Lasa enpresa zegoen, eta bere ontziola propioa zuen. Enpresari izena ematen zion gizonaren semea, Paco Lasa, Donostiako alkatea ere izan zen, 1974tik 1977ra, eta historia mintegikoek ederki eskertzen diote eurei emandako argazki zaharren bildumengatik. Udal batza aretoan euskaraz egin zuen lehen alkatea izan zen, eta 1977an utzi zuen kargua, etsituta. Izan ere, urte hartan legeztatu zuten ikurriña, San Sebastian egunaren bezpena, eta udalbatzarrean hala erabakita, udaletxean jarri zuen ikurriña, hiriko banderaren ondoan. Bere aurkako oihuak entzun omen ziren herritarren artean, eta dimisioa ematea erabaki zuen orduan, lur jota. 2006ko apirilean hil zen. Edonola, historia gogoratua izan da Lasa, hiriko ur irismen arazoa konpontzea lortu zuelako, Madrilek Añarbeko presa sortzea lortuta.
Bakailao arrantzan aritzen zen Lasako ontziola, eta oraindik gogoan du Xabier Arana bizilagunak nola inguru horretan arraina lehortzen jartzen zuten, eta sekulako bakailao usaina zabaltzen zen auzoan.
GOMISTEGI BASERRIA
Egungo etxe multzoaren izena da Gomistegi, baina berez, etxebizitza gisa bizirik dirauen auzoko baserri bakarraren izena da. Donostia eta Pasaiaren arteko mugan dago, eta ondoan du Azkuene kalea. Auzoaren eraldaketaren lekuko izan da baserria, eta familiak ateak zabaldu zizkien bisitariei. Paco Muñoa zen baserriaren aurreko bizilaguna; Guardaplata baserrian jaio zen, eta ezkontzean aldatu zen baserriz. Paco auzoaren parte izan zela oroitzen dute, eta mozorrotzea oso gogoko zuela diote. Haren alaba, Arantxa Muñoa, eta bere senar Iñaki Otegi bizi dira orain. Pasarte gisa kontatu zuten baserriaren lurrak hartu zituztela arduradunek, ur biltegia egiteko. Horren trukean, ura doan dute ordutik gaur arte baserrian.
Auzoko beste baserri batean jaio zen Otegi, Ernabido Berrian. Jatorrizko Ernabido erre egin zen, orduan sortu zuten Ernabido Berria, baina handik ere joan egin behar egin zuen familiak. Francok bidali zituen, etxebizitzak eraikitzeko baserriaren lekuan.
UR BILTEGIA
Uliarekin muga egiten duen ingurune naturalean dago ur biltegia, eta lurpeko hodien bidez daramate ura. Garai batean, ur hodi horiek hornitzen zuten Donostia eta Pasaiako Portua ur edangarriz. Egun, Pasaiako Portura bideratzen da ur hori.
MOGAMBO
Mogambo ongi asko ezagutzen dute hiriko eta inguruetako heavy zaleek. Izan ere, erreferentziazko lokala da, bereziki, hardcore, heavy, punk eta rockaren jarraitzaileentzat. Hasieran, bingo bat izan zen, gero kasinoa, eta festa aretoa ere izan zen, zuzeneko ikuskizun erotikoekin.
BLOKEAK
Guztira 12 blokek osatzen dute auzoaren erdigunea, eta 12 Apostoluak izenarekin ezagunak dira Bidebietan.
Hamar urte daramatza Lauren Etxepare arkitektoak gaiaren inguruan ikertzen. Azaldu zuenez, 1970ko eta 1980ko hamarkadetan iritsi zen hazkundea: «Legea aldatu zuen Gobernu Zentralak hirigunean eraiki ahal izateko». Dirudienez, arkitektoak oso erne zeuden garai hartan, zerbait modernoa eta berria egin nahi zuten, eta horregatik diseinatu zituzten dorreak. Lehenengoetakoak izan ziren Bidebietakoak, baina 30 urte lehenagoko baliabideak erabili zituzten.
Xabier Arana Bidebietan bizitu izan da. Bere aita atezaina zen Franco Hermanos pintura fabrikan. Gogoan du Herrerako okinaren auto zaharra. «Karraka handi batekin jartzen zuen martxan eta ikustera joaten ginen, sekulako ikuskizuna zen guretzat». Moneda baserrira joaten zirela ere gogoan du, marmitekin, esne bila.
Bidebietako Raul Perezek 12. Blokean zegoen Alfonsoren denda du gogoan:?«Horra joaten ginen litsarkeriak erostera haurrak ginela. Denetik zuen, palmerak, kromoak… Palomero izeneko beste bat ere bazegoen beste bloke batean. Supermerkatua ireki zutenean, denak ixten joan ziren».
GUARDAPLATA BASERRIA
Joxemari Lujanbio Guardaplata baserrian jaio zen: «Baserria bota ziguten, 12. blokea egiteko. Etxe bat egin genuen, eta oraindik bukatu gabe genuela, hondeamakina bat etorri zen baserria botatzera». Orain Guardaplata taberna dagoen inguruan zegoen baserria, eta erdi aroko berezko izena Pordeplat zuen. Joxemariren semea da Aritz, eta «kalekume» gisa definitzen du bere burua. Hala ere, baratzean lanean ari da gaur egun. «Duela zazpi urte elikadura burujabetzaren inguruan lanean hasi ginen, eta orain ehun familiarentzat lan egiten dugu». Guardaplata izeneko kontsumo taldea dute, eta auzoko La Salle ikastetxearen inguruan dute baratzea.
TIROA
Tiro eremua izan zen Allende parkea. Loiolako kuarteletik militarrek bertara joaten ziren tiro praktikak egitera, XX. mendearen hasieratik. Bidebietan gogoan dute nola tiro batek alde egin eta mutil bat hil zuten. Azkenean, arriskuaz ohartuta, itxi egin zuten gunea.
TUNELA
Bosgarren blokearen atzetik, mendi aldera jo ezkero, bidexka bat ageri da. Horri jarraiki, tunel bat dago ezkutatuta. Tunel horrek Errotazar iturria eta Moneda erreka lotzen zituen bere garaian. Horrela, ura Uliako deposituetaraino bideratzeko balio zuen, eta hiria ur edangarriz hornitu zuten XIX. mendean. Manolo Mariñok oso gogoko du inguru hori, eta txikitan bertan denbora asko igarotzen zutela dio: «Hamabi minututan iristen ginen beste aldera, eta bainatu egiten ginen». Oraindik ere aukera dago alde batetik bestera joateko. Hori bai, literna on bat beharrezkoa da, eta buruarekin kontuz ibili beharra dago, ez jotzeko.
MONEDA BASERRIA
Pilar Laskarai Moneda baserrian bizi izan zen, dorre etxebizitzak egiten hasi ziren arte. Baserriak oraindik zutik dirau, Kutxak erosi baitzuen: «Etxebizitza bat eduki bitartean, baserrian egiten genuen lo oraindik. Gerora, auzoan ume pila bat zeudenez, baserriaren ganbara haur eskola bezala ere erabili zuten».
Auzoaz gehiago ikasita joan ziren denak ere bisitatik, kontu interesgarriak, dudarik gabe. Gainera, elkar ezagutzen ez zuten Bidebietako bizilagunak elkartzeko ere balio izan zuen.
Carpenter-ek egindako grabatua, 1840an; Bidebieta eta Pasaiako ikuspegia irudikatzen du.