Xabier Vazquez: 'Homerikoa'
Xabier Vazquez; Realzalea.
Lagun batek esan ohi bezala: Vigoko norgehiagoka homerikoa izan zen. Inoiz ez dut jakin asmatzen «homerikoa» hitzarekin Homero poetaren abentura unibertsalari egiten dion erreferentzia ala izen bereko Homer(o) Simpson-i. Realarekin bi aukerak daude.
Zentzu heroikoa aintzat hartuta, talde txuri-urdinaren denboraldian badu meriturik. Aurrekontuari erreparatuta gipuzkoarrek nahitaez beharko lukete UEFAra sailkatzeko lehian. Esperientziagatik dakigu ez dela beti horrela. Azken igoeratik hona, ordea, ia 2 urtetik behin lortu dugu Europarako txartela. Joerari eusten – eta indartzen– asmatuz gero, 2. mailako egonaldia Odisea urruna izango da, eta Reala eskarmentuko taldea.
Gainera, azken-azken-azken minutuko golak sartze horri ez gintzaizkion oso ohituak. Jasotzen, bai, horretan adituak izan gara. Baita partidak oparitzen ere. Horra «homerikoa»-ren beste zentzua, Homer Simpsonen moduan huts egin eta «Ouch» esatearena. Txuri-urdinak oso gertu egon ziren dena alferrik galtzetik Malaga eta Celtaren aurka. Aurkariak baino aukera gehiago eta hobeak izanda ere. Sevillakoa kontuan hartuta, ondorio baikorrena zera da: beste garaiekin alderatuta, taldeak kemena du galtzen doanean amore ez emateko.
Hala, aurten Athletic izan da azken bi partiduetan kale handiena egin duena, Leganesen aurkako etxekoan batez ere. Orain Koparen zain geratu beharko dute, UEFAko aurrefaseak jokatu ahalko dituzten jakiteko. Realak ere begia finalean dauka, kanporaketarik egokituko zaion ala zuzenean talde fasera joango den jakiteko. Zurigorri eta txuri-urdinoi komeni zaigu babazorroen porrota. Halere, bilbotarrak UEFAtik at ikusteko besterik ez bada ere, aurre kanporaketak jokatzeko gogoz dagoen donostiarrik bada.
Era batera ala bestera, gizon futbol profesionalean bi euskal talde izango dira Europan, eta egun ziurra den bakarra Reala dugu. Ea Europan zehar ibiltzeak ez dituen jokalariak etxekorako nekatzen. Odiseako Ulisesek hor zehar geratzeko tentazioa ekidin zuen . Ez zuen ahaztu bere etxea zela garrantzitsuena. Zaharkitua eta nekatua zegoen itzuli zenerako, baina horretarako dauzkagu guk hainbat eta hainbat jokalari: lanak eta ardurak txandakatzeko. Gure barkuaren kapitainak hori ondo ulertuko ahal du!
Neure ustez, beraz, helburua Europarekin burua galtzea baino, hurrengoan ere UEFAra sailkatzea da. Egonkortzea. Ordura arte, lortutakoaz gozatzea besterik ez dugu. Kopa finalari bistadizoa eta -espero dezagun- irailera arte futbol oporrak; udararako bizikletak eta arraunak dira. Hori bai, futbolik ez dagoen arren, noizean behin atzera begira eta Juanmiren gola irripar maltzurrez gogoratu. Horrek halako oroitzapenak ematen badizkit, ezin imagina nezake nola oroituko duzuen Zamoraren gola bertatik bertara ikusi zenutenek. Hori bai hori, homerikoa.