Unai Apaolaza, Zergatik ez euskal errepublika? mugimenduko kidea. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Zergatik ez euskal errepublika? izenburupean, euskal errepublikaren aldeko mugimendua sortu dute Antiguan. Jendartearen gehiengoa hobeto bizitzeko derrigorrezko baldintza estatu propio bat sortzea dela uste dute. Unai Apaolaza (Antigua, 1973) kidea elkarrizketatu du IRUTXULOKO HITZAk.
Nola sortu da mugimendua?
Iazko urrian auzotar batzuk hasi ginen biltzen. Ikusten genuen prozesu independentista ez atzera ez aurrera zegoela. Irudikatzen zen blokeo izugarri bat. Kezkatuta, horren inguruan zerbait egiteko elkartu ginen.
Hasiera batean hamar bat lagun hasi ginen lanean. Bitxia da. Alderdi politiko abertzale eta independentistetan militatu dutenek kaleko jendeak baino eskema zaharkituagoak erabiltzen dituzte. Kaleko jendea eskema berrietara askoz eginagoa dago, eta horiei heldu diegu. Prozesu independentista bat ezin delako zain geratu alderdi abertzaleek hitzarmenak egin arte. Izan behar du lehengai bezala jendartea, eta baita helburu gisa ere. Eta batez ere, alderdien eskema zaharretatik ateratzea.
Bestelako independentismoa defendatzen duzue. Nolakoa?
Orain arte independentismoaz hitz egiterakoan oso modu abstraktuan egin da. ‘Ni independentista naiz, independentziaren alde nago’. Baina horrek zer arraio esan nahi du? Guk harago joan nahi dugu, pedagogia independentista egin; guk Antiguan hemen ditugun arazoak hartu, eta horren inguruko kanpainak eta ekintzak egin. Horiek konpontzeko euskal errepublika bat behar dela azalarazteko, partxeo eskasetan ibili beharrean, euskal errepublika bat behar dugula agerian uzteko.
Independentismoa erakundeetara joan da, boterea hartu du, eta ez da mahai gainean jarri erakundeetatik ere desobedientzia ekintzak egitea. Eta guk hori kritikatu dugu. Guk bilatzen duguna da ez da independentista izatea ala ez. Sinple esanda, hobeto bizi nahi dugu. Hainbat alorretan hobeto bizi nahi du jendeak. Mugimendu independentista bat baino gehiago, hobeto bizitzeko errepublika edo estatu propio bat nahi duen jendearen mugimendu bat gara.
Nola irudikatzen duzue euskal errepublika hori?
Orain dugun monarkia espainiarra baino hobea izango da. Ez da zaila izango. Guztiok eskubideak izango ditugun herrialde bat, edo helburu horretatik egun baino askoz gertuago egongo ginatekeen estatu bat irudikatzen dugu. Guk argi dugu marko honetan ezin direla, besteak beste, hezkuntzan edo osasungintzan ditugun arazoak konpondu; horretarako beste estatu bat behar dugu. Eguneroko arazoak jorratu behar dira pedagogia independentista ezarriz.
Orain arte egin den independentismoa abertzalea eta euskal nazionalista izan da, elite politikoak hitzartua daramana. ‘Orain manifestazio hau egin, orain beste hau egin…’. Ez da behetik sortzen. Eta guk horri buelta ematen diogu. Hau behetik hasi behar da. Apurtu nahi ditugu independentismoak pentsatzeko zituen eskema horiek. Blokeo egoera hori hautsi daitekeela uste dugu. Alderdi politikoak eskema zaharrekin pentsatzen ari dira independentismoa, eta hori apurtzeko asmoz sortu dugu lanketa hau.
Euskal errepublika hori lortzeko zein pauso eman behar dira?
Gu Antiguan ari gara lanean, eta espero dugu beste auzoetara ere zabaltzea. Gaur egun alderdi politikoak eta sindikatuak krisi egoeran daudela onartzen dugu. Ez dute balio jendea mobilizatzeko. Krisi hori agerikoa da, frustrazio bat dago. Halere, jendeak oraindik uste du edozein gauza aurrera ateratzeko alderdi politikoen bitartez egin behar dela. Beharrezkoak izango dira edo ez. Hori ez dugu zalantzan jartzen, baina pisua ezin dute eurek eraman.
Gu horregatik elkartu ginen, lanean hasteko. Ekintzak egingo ditugu, identifikatu ditugun hiru esparrutan: hezkuntzan, osasungintzan eta etxebizitza eskubidean. Hauetan guztietan dauden arazoak konpontzeko, borondatea baino gehiago, lege indartsuak behar dira, eta lege horiek Madril eta Gasteizen esku ezin dira utzi. Arazoak identifikatu eta horien inguruan lanketa bat egin behar da pedagogia independentista eginez.
Nolako harrera izan du?
Beste herrietako jendea ere jarri da gurekin harremanetan. Zerbait berria sortzen ari dela ikusi du jendeak eta jakin-mina piztu du. Gogo hori badago, beste parametro batzuetan sortu delako. Ilusioa dago, aldaketarako gogoa. Mesfidantza ere nabaritu dugu, alderdien aldetik batez ere, baina harrera ona izan du. Hasi gara jarduerak egiten; ekintzak egiten hasten garenean jende gehiago gerturatuko delakoan gaude.