Izaera industriala izatetik zerbitzuetan oinarritutako auzo izatera pasa da. Auzotarren kopuruak gora egin ez badu ere, Grosen bizitza egiten duten herritarrak, eta turistak, gero eta gehiago dira.
Gros auzoa, Ulia menditik ikusita. (Argazkia: Lide Ferreira)
Ibaia, itsasoa eta mendia ditu. Muga naturalez inguratuta dago Gros auzoa. Ordea, mugarik gabe hazi da eraiki zutenetik gaur egun arte. Izaera industrialekoa zen hasieran, eta denborarekin zerbitzuetara bideratutako auzo bihurtu da. Erdialdearekin batera, Donostiako merkataritza gune garrantzitsuena da. Bien arteko lotura, bi zubietatik harago doa.
Establezimendu kopuru esanguratsua du Grosek. Guztira 2.414 establezimendu daude auzoan, 2015eko datuen arabera. Zerbitzuen sektoreak 2.237 establezimendu ditu, eta 6.122 langile. Eraikuntza alorrak, berriz, 112 ditu eta 283 pertsonei ematen die lana. Industria sektoreak 60 establezimendu ditu eta 123 langile, eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza sektoreak 5 establezimendu eta 4 langile.
Horiekin batera, beste bi establezimendu mota daude. Txikizkako merkataritza sektoreko 529 denda daude, eta 1.157 langile guztira. Ostalaritza alorrekoak, berriz, 204 dira eta 767 pertsona ari dira lanean.
Merkataritza indartsua du Grosek. Askotariko denda, taberna eta jatetxeak daude auzoan, modu orekatuan antolatuta. Hiriko bigarren merkataritza auzoa da, Erdialdearen ondoren. Aisialdi eta gastronomiari loturik, ostegunetako pintxo-poteak ospe berezia du. Hiriko estimatuenetakoa da, bertako bizilagunentzat, beste auzoetako herritarrentzat eta gero eta gehiago diren turistentzat ere.
Hiriak bizi duen turismo gorakada Grosek ere nabaritu du. Jazzaldiak uztailean eta Zinemaldiak irailean eragiten duten bisitarien gorakadaz harago, Zurriolako pasealekua gertutik ikusi eta gozatu nahi duten turisten kopuruak gora egin du. Azken datuen arabera, presio turistiko handiena duen auzoa da Parte Zaharra eta Antiguarekin batera. Hiru auzoak pisu turistikoen gailurrean daude Euskal Autonomia Erkidegoan.
Biztanleria egonkorra
Gros auzoak 18.649 biztanle ditu, Donostiako Udalak duela gutxi aurkezturiko 2016ko errolda datuen arabera. Horietatik, 10.273 (%55,1) emakumeak dira eta 8.376 (%44,9) gizonak. Kopuru orokorrari erreparatuta, azken urteetako joera beheranzkoa izan da. Esaterako, 2012an 20.093 biztanle zituen Grosek. Urteekin, ordea, gutxituz joan da 18 mila biztanletik gorako kopurua egonkortu arte.
Erroldaren datuen arabera, Amara Berri da biztanle gehien dituen auzoa (30.105), Erdialdea da bigarrena (21.889) eta Altza hirugarrena (20.258). Gros da laugarrena. Aldiz, Landarbaso da biztanle gutxien dituen auzoa (13).
Groseko biztanleen batez besteko adina 48 urtekoa da. 2016ko erroldaren datuekin alderatuta, Donostiako herritarren adin-tartearen mailaren parean kokatzen da. Izan ere, iazko urte bukaeran 52 urteko herritarrak ziren hiriko biztanle kopuru handiena.
Donostiar gehien dituen adin-tartea, berriz, 51 eta 60 urte artekoa da (28.794 biztanle). Jarraian, 41 eta 50 urte arteko donostiarrak daude (28.511), eta 0 eta 10 urte bitartekoak (16.575).
Datu deigarriena 91 eta 108 adin-tartean ematen da. 2016 urte bukaerako erroldaren arabera, hirian adin tarte horretarako herritarrak 2.365 dira. Horietatik 114k 100 eta 108 urte bitarte dituzte.
Jatorriari dagokionez, 130 nazionalitate desberdinetako pertsonak bizi dira?Donostian. Hain zuzen ere, donostiarren %6,70k atzerrian du sorterria. Hiru nazionalitate gailentzen dira guztien artetik. Hirian 1.481 hondurastar, 1.291 nikaraguar eta 806 marokoar bizi dira. Ordea, jatorri oso desberdinetako herritarrek osatzen dute hiriko biztanleria. Erdialdea, Gros eta Amara Berri dira atzerriko biztanleria gehien dituzten hiru auzoak.
Erabilera da erronka
Donostia mailan bezala, Gros auzoan ere euskararen kale erabilera txikia da euskaldun kopuruarekin alderatzen bada. 2011ko Eustaten datuek diotenez, Grosen 7.328 herritar dira euskaldunak (%39,20) eta 5.313 ia euskaldunak (%28,42). Ordea, kalera erabilera %11koa da Soziolinguista Klusterrak egindako ikerketaren arabera. Horien artetik, 2-14 urte bitarteko haurrak dira gehien erabiltzen dutenak, eta 15-24 urte arteko gazteak euskaraz gutxien hitz egiten dutenak.
Laster aurkeztuko dituzte 2016ko Donostiako euskararen erabileraren datuak, eta oso baliagarriak izango dira ikusteko azken bost urteetako bilakaera zein izan den. Hain zuzen ere, 2015-2019 urte arteko Donostiako Euskararen Plan Orokorra aurrera eramateko garrantzitsuak izango dira.
Donostiako Udaleko?Euskara Zerbitzuak abian jarritako Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz proiektuak harrera ona izan du Grosen. Egitasmora 289 establezimendu atxiki dira. Dendak eta tabernak dira gehienak. Dena dela, egitasmoari hasiera eman ziotenetik hiriko 1.000 establezimendu baino gehiagok bat egin dute. Datozen hilabeteetan, lanean jarraituko dute hiriko beste auzoetan establezimendu kopurua handitzeko asmoarekin; Grosen ere bai.