Altzako kiroldegiaren aferak pil-pilean darrai. Udal ordezkariek eta bizilagunek bat egiten dute gaia delikatua dela esaterakoan, eta ados jartzeko arazoak dituzte.
Berrehun lagun inguru bildu ziren astearteko bileran. (Argazkia: donostia.eus)
Ez daude umoreko Altzan. Azken urteetan pozik zebiltzan bizilagunak, kiroldegi berria izango zutela eta, baina, behin proiektu irabazlea erabaki eta lanak hasi behar zituztenean, arazoa azaldu zen: amiantoa. Kiroldegiaren eraikina zegoen lurretan, fabrika bat zegoen aurretik, eta hondakinak inguruan isurtzen zituen, inolako kontrolik gabe; ondorioz, lurrak kutsatuak daude gaur egun. Amiantoak ekar ditzakeen osasun arazoak ez dira txantxa, pleurako minbizia sor baitezake amiantoa denbora luzez arnasteak. Beraz, albistearen berri izan bezain laster, kezka nagusitu zen altzatarren artean: «Gaiaren berri izan genuenetik, zenbait konpromiso hartu genituen; bata, gardentasunarena, eta, bestea, herritarrei informazio zuzena ematearena. Horregatik, lur kutsatuen gaia atera bezain laster, lehen bilera bat egin genuen Altzako elkarteekin», dio udalak.
Hala, hirugarren bilera izan zuten bizilagunek, konponbide bat lortu nahian, joan den asteartean. Dirudienez, lanek luze joko dute, hasten direnetik 24-30 hilabete bitarte beharko baitituzte; eta, bitartean udalak emandako konponbideak ez ditu bizilagunak lasaitu.
Altza Osasuntsuagoaren Aldeko Plataforma sortu zuten, eta bertako kide da Zigor Etxeburua: «Bilera oso gogorra izan zen, eta ni bezala, beste batzuk ere atera egin ziren aretotik, gaiarekin sututa».
Kiroldegi alternatiboa
Martxoa hasieran bota zuten kiroldegi zaharra; udalaren hitzetan, egoera txarrean zegoelako. Kiroldegi berriaren eraikuntza geldik dago, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak erabakiko baititu eman beharreko pausoak, udalaren esanetan.
Kiroldegi berria egin bitartean, Bidebieta eta Intxaurrondoko kiroldegietara bideratu ditu hainbat jarduera udalak. Lanek luzerako joko dutela ikusita, kirola egiteko aukera ematea erabaki du, Altzan bertan, Eraikuntzaren Institutu zaharrean. Hori bai, lekua egokitzeko, milioi bat euro bideratu beharko ditu udalak: «Jendeari ez zitzaion batere gustatu hori entzutea, diru hori beste gauza batzuetara bideratu zitekeela esan zuten. Gainera, eraikin hori ez da udalarena, Kutxabankena da. Beraz, kiroldegi berria egiten dutenean, opari bat izango da beraientzat. Horretaz gain, irisgarritasun zaila du», gehitu du Etxeburuak.
Eneko Goia alkatea egon zen astearteko bileran, udaleko beste zenbait ordezkari eta teknikarirekin batera, Tomasene kultur etxean: «Bilera ez zen gozoa izan, noski, bizilagunek oso gertu sentitzen dutelako gaia, eta irtenbideak nahi dituztelako. Gaia ez da erraza, eta amiantoz kutsatutako lurren irtenbide teknikoa Eusko Jaurlaritza ari da gidatzen», dio udalak. Azken batean, arduradunen hitzetan, aukera onena da metro bateko lodierako lurra botatzea, eta kutsatutako materiala lurperatuta utziko duen kapa geotextila sartzea. Gauzak hala, laginak hartzen jarraituko dute langileek, estali beharreko gunea ondo erabakitzeko, udalaren hitzetan: «Behin zehaztuta, behin betiko estaliko da, eta inguruaren segurtasuna guztiz bermatua geratuko da».
Udalak argi dauka bidea: «Ez da samurra, denok nahi baino beranduago datoz datak. Bizilagunei entzuten jarraituko dugu, baina erabakiak guk hartu behar ditugu». Horrela, atal berezi bat zabaldu dute Donostia.eus webgunean, Altzako kiroldegiaren inguruko berriekin: «Albisteak eta dokumentuak jartzen ari gara, jendearen eskura, gardentasunaren informazioaren helburua betetzeko».
Bien bitartean, kezkak bizirik dirau Altzako gurasoek artean, Oleta ikastetxearen ondoan baitaude kutsatutako lurrak:?«Topatutako amiantoa agerian utzi dute, eta hautsi ezkero, arrisku bizian egongo gara, hautsa bihurtu eta airean zabalduko baita», dio larrituta Etxeburuak.