Alaitz eta Nerea: 'Hasiera'
Alaitz Olarte eta Nerea Urkola, Donostiarrako arraunlariak.
Nork esan du hasierak errazak direnik? Ezin jakin, baina, tamalez, edozerk du hasiera bat. Guk emakumeen arraun talde bat sortzea izan dugu erronkatzat.
Ezinegona eta hamaika buruhauste sorrarazten ditu aurrean dugun hori ez ezagutzeak: zer topatuko ote dut? Gai izango ote naiz? Onartuko al naute? Elkar ulertuko al dugu? Mila galdera argitu ezingo genituzkeenak hasierarik gabe.
Gu, ordea, dagoeneko galdera horiek erantzuten hasiak gara. Urriaren 29tik gaur arte hilabeteak igaro dira, eta gure erronka betetze aldera, taldekide bakoitzak bere ahalegin, ilusio, konpromezu eta gogoa ipini du. Epe honetan guztian, ikusi dugu gai garela aurreikusitako entrenamendu nahiz proba ezberdinak hasi eta bukatzeko, kirol honetan trebatzeko, elkar ezagutu eta helburu berdinerantz arraun egiteko… Paladaz palada aurrera goaz, hasiera atzean utziaz.
Palada txikiak ematen goaz. Neguan botatako izerdiak bere lehen fruituak trainerilletan eman zituen eta horrek ontzi handian are gogotsuago eta lehiakorrago jarduteko hauspoa eman digu.
Pasa diren bi asteburuetako estropadekin eman diegu hasiera udarako estropada bero eta zirraragarriei. Bero eta zirraragarriak giroagatik, bero eta zirraragarriak beroagatik, bero eta zirraragarriak ilusioagatik.
Pixkanaka-pixkanaka ematen ari garen palada hauen jomuga gu geu gara. Egiten ari garen lan guztiarekin, arraunzaleak, baina batez ere, gure buruak gozarazi nahi ditugu. Donostiarra-Kaiarriba emakumeen arraun taldea sortu dugu, eta urte luzez arraun egiteko asmo irmoz, gu HASI gara.