Groseko talde feminista sortu dute
Neska batzuk jada bageneraman denbora bat feminismoa lantzeko gogoz, eta, azkenean, inguruko beste neska batzuekin hitz egin, eta batzar ireki bat egitea proposatu genuen. 15 bat lagun elkartu ginen lehen asanblada hartan. Ikusi genuen planteamendu askotan bat egiten genuela, eta martxan jartzea erabaki genuen. Geroztik, biltzen jarraitu dugu.
Zer egiten duzue edo batez ere, zer egiteko asmoa duzue, duela gutxi sortu baita taldea. Zein esparrutan eragiteko asmoa du taldeak?
Lehen aldiz elkartu ginenean, konturatu ginen garrantzi berezia zuela guretzat boteretze feminista lantzeak, eta, beraz, erabaki genuen hasieran behintzat barrura begirako lana lehenetsiko genuela. Era berean, Zipotz jaiak zetozela eta, jaiei begirako lanketa feminista egitea beharrezko ikusi genuen, eta eraso sexisten aurkako protokolo bat prestatzen jarri ginen. Izan ere, ez dugu lanketa feminista hau gure taldera mugatu nahi, eta zabaltze horretan ari gara orain.
Zergatik iruditzen zaizue garrantzitsua protokolo hau?
Lehenik eta behin, jai eremuak eraso asko gertatzen diren lekuak direla badakigu, eta hor eragitea beharrezkotzat jotzen dugu, jaiak ere espazio seguruak izan daitezen denontzat. Bestetik, gaia mahai gainera aterata, problematika honi ikusgarritasuna eman nahi izan diogu, honen inguruan hausnarketa bultzatu, eta, era berean, prebentzio lan bat egiteko.
Jaiek zer paper jokatu dezakete auzoko berdintasunean eragiteko? Horretarako tresna bat direla uste duzue?
Jaiak garrantzi handia dute auzoan, pertsona asko biltzen diren espazio bat direlako; antolakuntzan eta parte hartzen auzotar asko biltzen gara. Horregatik, aukera eskaintzen digute jende askorengana iristeko. Jaien inguruko planteamendua zabalagoa da lau egun horiek baino, eta, ondorioz, ikuspuntu feminista txertatzea oso garrantzitsua izan daiteke jaiez haratago eragiteko.
Taldea duela gutxi sortu den arren, zipotz jaietara begira zerbait antolatzeko asmorik duzue?
Hasi besterik ez gara egin, eta, beraz, aurten ez dugu egitarauan ekitaldi berezirik prestatu, baino gutariko batzuk jada antolakuntzaren parte garenez, perspektiba feminista txertatzen dugu gure jardunean. Aurten batez ere bi lanketa egingo ditugu: batetik, eraso sexisten aurkako protokoloa prestatu, eta, beharrezkoa bada, hori erabiltzeko baliabideak jarriko ditugu; bestetik, mezu feministen ikusgarritasuna bermatuko dugu. Landu nahi dugu emakume guztiok eroso sentitzea jaietan; beraz, horri begira, tailer bat antolatu dugu, jaien aurretik auzoko emakumeak bildu, eta gai horien inguruan hausnartzeko eta gure beharrei erantzuteko tresnak geureganatzeko.
Zipotz jaietan parte hartzen duzue? Zer da gustukoen duzuena?
Urtean zehar zaila izaten da auzoko jende askorekin egotea, eta jaiek aukera hori eskaintzen digute. Egunean zeharreko ekitaldiak gustatzen zaizkigu gehien; adibidez, elektrotxaranga edo danborrada.
Beste ezer gehitu nahiko zenukete?
Azpimarratu nahi dugu asanblada feminista moduan gure gain hartu badugu ere feminismoaren lanketa, auzoko norbanako eta eragile guztion ardura dela bide horretan urratsak egitea.
Guztion artean soilik lortu dezakegu auzo parekideago bat. Gora borroka feminista!
Kontatu nola sortu zen taldea, zergatik, zenbat jendek hartzen du parte bertan…