Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak auzoaren alde egiten du lan. Egun, besteak beste, Koruko Andra Mari-Irurak inguruko bizilagunen iriste erraztasunak bermatzen saiatzen ari dira.
Irurak kaleko atari batzuetara iristeko zailtasunak dituzte. (Argazkia: L. Ferreira)
Asko dira, urtean zehar, Intxaurrondon lanean aritzen diren eragileak, auzoko bizi kalitatea hobetzeko nahian. Horietako bat da Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea (IZBE). Besteak beste, hirigintza, auzoko historia, euskal kantak eta beste eragile batzuekin batera antolatutako jarduerak jorratzen ditu. Irutxuloko Hitza IZBEko kide Begoña Alzaga eta Josean San Romanekin izan da, auzoan dauden beharrei eta azken albisteei buruz hitz egiteko.
Iriste erraztasunari lehentasun handia ematen dio auzo elkarteak. Izan ere, Intxaurrondoko eremu batzuetan bizilagunek zailtasunak dituzte euren etxebizitzetara iristeko; esaterako, Luistarrak-Gaztelu eta Koruko Andra Mari-Irurak dira alderdirik kaltetuenak.
Azken urtean, IZBEk hartu-eman ugari izan ditu udalarekin, arazo horretan esku har dezan nahi dutelako. «Gai nahiko berezia da. Duela hamar urte inguru, Koruko Andra Mari eta Irurak kaleetako bizilagunen iriste erraztasuna hobetzeko proposamen bat luzatu genien. Normalean, administrazio publikoak hartzen ditu bere gain honelako kontuan, baina hau salbuespen bat da. Orubea pribatua denez, bizilagun guztiek udalari lagatu behar zioten orube hori, proiektua aurrera atera ahal izateko», azaldu du Alzagak.
Halere, 128 bizilagunen adostasuna lortzea «ia ezinezkoa» da Alzagaren hitzetan: «Gainera, Koruko Andra Mariren kasuan, proiektuaren aurkako mugimendu bat sortu zen. Gaur egun oraindik batzuek esaten dute eremu hori eskuratu nahi duela udalak etxebizitzak bota eta luxuzkoak egiteko, baina ez da hala».
Bizilagun batzuk ados ez badaude ere, beste batzuk azken hamar urteotan mugitu izan dira, eta udalari hobekuntza hori egiteko eskatu diote. IZBEk, zehazki, inkesta bat egin zien bizilagunei, auzo elkarteak zubilana egiteko eta irtenbide bat bilatzen saiatzeko. Gehienek ontzat eman zuen bitartekaritza lan hori: «Ikusi genuen Irurak kaleko 1, 3, 5 eta 7. atariak ados zeudela, eta udalak esan zuen, agian, errazagoa izango zela horiekin hasi eta adostasun batera iristea», nabarmendu du Alzagak.
Sinadura bilketa
Une honetan, bizilagun horien artean sinadurak biltzen ari direla esan du San Romanek: «Zain gaude, baina bide onean doa. Ea aukera dugun udalak onartutako proiektua aurrera eramateko. Izan ere, gure ustez, atarietara iristeko erraztasunak izatea ezinbesteko eskubide bat da bizilagunontzat».
Mugikortasun bertikalari dagokionez, Intxaurrondon hiru igogailu egingo dituzte. Halere, oraindik, ez dakite noizko egongo diren prest. Momentuz, udala beharrak aztertu eta programazio bat egiten ari da, ingurune bakoitzeko biztanle kopurua, adina eta bestelako ezaugarriak kontuan hartuta.
Harrobitxulo parkean oinarrizko zerbitzuak falta direla diote. (Argazkia: L.F.)
IZBEk egindako aspaldiko eskaera asetuko duela dio Alzagak: «Batek Zubiaurre eta Irurak inguruko eremu altua elkartuko ditu; beste batek, Gaztelu-Luistarrak eta Zarategi; eta, hirugarrenak, Mons pasealekua eta Marrutxipi ingurua».
Horretaz gain, Harrobitxulo parkearekin kezkatuta daude Intxaurrondokoak, eta Herrerako Herripe elkartearekin batera saiatzen ari dira arazoa konpontzen. Hain zuzen ere, duela urtebete erabilgarri jarri zuten, baina salatzen dutenez, hasierak zituen gabeziak bere horretan jarraitzen dute: «Oinarrizko hiru elementu falta dira parkean: komunak, berdegunetako harriak kentzea eta korronte hargune bat kultur eta musika jarduerak egin ahal izateko».
Jakin badakite aurtengo aurrekontuan komunak egiteko diru kopuru bat dagoela, baina ez zaie nahikoa iruditzen beharrezkoa den obra egiteko. Gabezia horiek konpontzeko, sinadura bilketa bat egin dute berriki, eta jada udaletxean aurkeztu dute.
Ekialdeko barrutiaren gaia ere izan dute hizpide azken hilabeteotan Intxaurrondon, beste auzoetako (Altza eta Herrera, batez ere) eragile eta elkarteekin. «Barrutien gaiarekin tematuta dago udala, baina guk ez dugu abantailarik ikusten; ez dugu ulertzen zer-nolako eraginkortasuna izango lukeen Intxaurrondon. Aldatuko den gauza bakarra bada burokrazia Altzan egin behar dugula, Intxaurrondokoei ez datorkigu ondo. Gainera, araudiak dio izapide garrantzitsuak ezin izango direla kudeatu.Beste gauza bat izango litzateke barruti bakoitzak bere diru kopurua izatea eta aurrekontu hori parte hartzailea izatea, baina hori ez da asmoa», adierazi du Alzagak.
Abantaila falta
Altza XXI eta Altzako Historia Mintegiak barrutia babesten dutela diote: «Interes handia dute Altza herriaren izaera hori nolabait berreskuratzen dutelako, eta guk alde horretatik ulertzen ditugu, baina Intxaurrondok abantailarik ez duela izango uste dugu».
Arduratzen dien beste kontu bat da komertzioa. «Gehiengoa itxita dago; lau taberna, ileapaindegi bat, farmazia bat eta ezer gutxi gehiagok jarraitzen dute zabalik. Udalari proposamenak luzatu dizkiogu, baina badakigu zein den bere ildoa: Garbera handitu nahi dute, eta nahiz eta inguruko auzoko komertzioei diru kopuru bat emango dietela esan, horrek ez du arazoa konpontzen. Txikiek ezin dute handiekin lehiatu», azpimarratu du Alzagak.
IZBEkoak aldizkari bat argitaratzen hasi dira azken hilabeteotan, bizilagun guztiek informazioa eskura izan dezaten eta auzo elkarteak egiten duen lana islatuta geratu dadin: «Gure helburuetako bat da bizilagunen eta elkartearen arteko harremana ahalik eta sendoena izatea». Informazioa jaso nahi duten bizilagunek aukera dute euren izena eta posta elektronikoa
i_z_be@hotmail.com-era bidaltzeko.
Halere, jende gaztearen falta sumatzen dute. «Argi dago gazteek hartu behar dutela gure lekukoa. Orokorrean, asmo onekoak dira, baina mugitzen direnak alde guztietan daude, eta ez dira denera iristen. Jarduera zehatz bat antolatzen dugunean, animatzen da jende asko, baina gero…», azaldu du San Romanek.
Horregatik, eurekin lanean aritzeko gonbita luzatu dute IZBEkoek, sortzen diren gaiei erantzun azkarra eta eraginkorra emateko. Euren lokala Lizardi bidearen 25. zenbakian dago, Elkartegunean. Hilabeteko lehenengo eta hirugarren asteazkenetan elkartzen dira bertan, 19:30etik aurrera.