Groseko Egaña anaiek hamabi urte daramate hondartza boleibolean elkarrekin; emaitza bikainak lortzen ari dira azkenaldian, eta erronka berriei aurre egiteko gogoz daude.
Iosu eta Imanol Egaña anaiak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Imanol eta Iosu Egaña geldiezinak bihurtu dira. Urteak daramatzate elkarrekin jokatzen boleibolean, eta hondartzako bikote ederra osatu dute, txapelketa askotako podiumean sartuz, baita irabazita ere. Euskadiko Txapelketa eta Gipuzkoako Opena irabazi berri dituzte Zurriolan, eta udaran lehia askotan aritzeko asmoa dute. Anaia zaharrenarekin hitz egin du Irutxuloko Hitzak, Imanolekin: «Ia zortzi urteko aldea dago bion artean. Hasieran niretzat ume bat zen, gero gizon bat, orain, bata bestearengan babesten gara. Ongi moldatzen gara, eta gozatu egiten dugu, ez nuke beste inorengatik aldatuko». Gaur egun, 34 eta 26 urte dituzte, eta sasoi betean dabiltza.
Etxeko lehen boleibol jokalaria Imanol bera izan zen. Ikaslegaraian hasi zen boleibolean, Aieteko Jesuitinas eskolan: «Lauzpabost urte egin nituen jarraian, eskolako taldeak iraun zuen bitartean». Hamahiru urte zituen orduan, eta futbolean, txirrindularitzan eta bodyboardean jarraitu zuen kirola egiten. Unibertsitate garaiko azken urtean itzuli zen boleibolera: «Erabaki nuen ikastaroak ematen hastea udan. Berriro ere baloia ukitzean, gogoa piztu zitzaidan eta udara hartan bertan jokatzen hasi nintzen jende helduagoarekin». Ordutik ez da gelditu Imanol, neguan pistan aritzen da, eta, udan, hondartzan.
Horrela, bere anaiak pauso berak jarraitzea lortu zuen: «Ni ikusita, gustatu zitzaion giroa eta kirola, eta neguan pistan hasi zen. Orduan ni Hernanin nenbilen, eta bera talde gaztearekin hasi zen». Hernanin izan zuten elkarrekin jokatzeko aukera, eta berehala hasi ziren hondartzan ere bikote gisa: «Oso trebea zen eta jokatzeko prest zegoen. Ordutik hamabi bat urte daramatzagu elkarrekin». Hernanin sei bat urtez aritu ostean, taldea desagertu egin zen; eta jarraitu nahi zutenek Bera Berara egin zuten aldaketa, talde sortu berrira. Zazpi urte daramatzate Bera Beran bi anaiek, eta ibilbide oparoa egin dute.
Groseko Manteo kiroldegian entrenatzen dute, baina partidak, berriz, Pio Barojan jokatzen dituzte, zelaiaren ezaugarriengatik. «Aurtengoa orain arteko denboraldi onena izan da. Bost urte egin ditugu Lehen Mailan, eta lehen bi urteak oso gogorrak izan ziren emaitzen aldetik, ez genuen partida bakar bat ere irabazi. Hirugarren urtean esperientziadun jokalariak etorri ziren, eta, aurten, ia igoera fasea jokatzeko zorian egon gara. Izugarri gozatu dugu». Hain zuzen, goitik hasita hirugarren maila da jokatzen ari direna, eta Gipuzkoako talde bakarra dira bertan. «Azken urteetan saiatu gara gazteekin lan egiten. Batzuk gurekin jokatzen hasi dira, baina datorren urterako eskola moduko bat sortu nahi dugu», azaldu du.
Apirila aldera bukatzen dute liga; orduan, eguzkitako betaurrekoak hartu, eta hondartzan murgiltzen dira. «Aldaketa garrantzitsua da. Urte guztian gauza bera egingo bagenu aspertuko egingo ginateke. Bi atsedenaldi egiten ditugu, Gabonetan, eta liga bukaeratik hondartza denboraldia hasi arte, beste aste pare bat». Orain elkarrekin bizi ez diren arren, ordu asko ematen dituzte elkarrekin anaiek. «Haserreak izaten ditugu partidetako tentsioekin, hori ez dugu ezkutatzen. Azkenean, anaiarekin aritzea oso berezia da, oso polita izan da niretzat bere eboluzioa ikustea, urtez urte».
Eguzki izpiekin, hondarrean
Hondartzan ere denboraldi bikaina osatzen ari dira momentuz Groseko anaiak. Aspaldian emaitzak ongi joan zaizkie, Espainiako Iparraldean jokatu dituzten txapelketetan, eta maila handiagoko txapelketetan ere lortu dute txukun aritzea, baina presio gehiegi jarri gabe aritzen dira: «Urteak daramatzagu, ikusten dugu noraino irits gaitezkeen, baina ahal dugun denbora eskainita. Pozik gaude, eta jarraitzeko gogoz». Imanolek argi du, gainera, ingurukoek gora egitea nahi du: «Ez dugu bikote bakar baten garaipena izatea nahi, multzo batena baizik. Hemengo jokalariaek goraka doaz, eta horrela denen maila igotzen da».
Hondartzako txapelketekin ia liga denboraldi bat osatzen dela dio Imanolek, maiatzetik irailera astebururo baitaude txapelketak. Laredon parte hartuko dute laster, Espainiako zirkuituko txapelketa batean. Iraila hasieran, Espainiako Txapelketa izango dute erronka handia. «Emaitza on bat litzateke bederatzigarren postu bat lortzea zirkutuan, urte batean lortu genuen bezala, baina oso zaila da, maila handiko jokalariek parte hartzen dutelako».
Entrenatzeko ez dute ordutegi finkorik, eguraldiaren menpe aritzen baitira. «Astean zehar saiatzen gara gutxienez bi entrenamendu saio egiten hondartzan. Gero, txapelketen arabera, beste egun bat edo bi egiten ditugu gimnasioan. Giharrak indartzeko, eta, batez, ere, lesioak ez izateko».
Donostian badago hondartza boleibolerako zaletasuna, Imanolen esanetan: «Hasieran jende gutxi ibiltzen zen serio hartzen, baina azken bospasei urteetan asko dira euren zelaiarekin jokatzen dutenak Zurriolan. Elkar ezagutzen dugu eta oso harreman ona dugu denen artean». Pozik dago gainera, geroz eta jende gehiago orduan eta garrantzia handiagoa emango baitiete erakundeen aldetik.