Iñigo Urdinaga: "Batzuok olatuak hartu nahi ditugu, eta beste batzuek, dirutza egin"
surflariaetaparadisua.eus.
Urdinaga abizenarekin sinatu duzu liburua. Zergatik aldatu duzu abizena, eta ez izena?
Askotan aipatu izan dut Iñigo Fernandez Ostolaza bat baino gehiago daudela. Hori da abizena aldatzeko arrazoietako bat. Bestalde, inspirazioak oparitu zidan Urdinaga abizena. Liburuan azaltzen dut. Zeelanda Berrian egon nintzenean, bertakoei asko kostatzen zitzaien Iñigo izena ahoskatzea, eta Indigo deitzen zidaten, eta urdin kolorearekin lotzen zutenez, bluei deitzera pasa ziren. Euskarara ekarri nuen Urdinaga bihurtuz.
Euskaraz idatzi duzu liburua. Ordea, surfa euskalduna da?
Ez dago euskarazko surf hedabiderik. Terminologia berezirik ere ez dago. Baina surflari euskaldun asko daude. Liburuarekin surflariak eta surfa gustuko dutenak euskarara erakartzen saiatu naiz. Hau da, euskaraz ez dakienari inbidia pixka bat ematen. Irakurri duten surflariei gustatu zaie liburua, eta horrek beste hainbaten interesa piztuko du.
Orain, gaztelaniazko bertsioa prestatzen ari zara.
Liburua euskaratik eta euskaraz idatzi nuen, baina saiatuko naiz gaztelaniara behar bezala egokitzen. Gerora, nire ametsa izango litzateke liburua ingelesez argitaratzea.
Iñigo Urdinaga; surflaria eta idazlea
‘Surflaria eta paradisua’ da oriotarraren lehen liburua. Surfaren historia eta bilakaera jasotzearekin batera, kirol horren eta gizartearen inguruko hausnarketa kritikoa egin du.
Zer da surfa zuretzako?
Denbora-pasa bat. Itsasoaren igurtzi bat. Denbora galtzeko modu zoragarri bat. Naturarekin bat egiteko, eta munduarekin bakean sentitzeko ihesbide bat.
Surflariaren begietatik idatzi duzu liburua.
Bai, surflari batek idatzitakoa da, baina ez da surflarientzako bakarrik. Surfa baliatuz talaia moduan, munduak dituen zenbait arazoei heltzeko saiakera da.
Behin liburua aterata, paradisutik gero eta urrunago ala gertuago gaudela uste duzu?
Hain zuzen ere, hori da liburuaren hari nagusia. Ez dakit galdera horri argi erantzun diodan. Halere, paradisutik urruntzen gaituzten gauzak salatu ditut. Diruaren kultura nagusiki, horri loturiko bizimodua, gehiegizko lanak, geure burua nola estutzen dugun… Eta paradisura hurbiltzen gaituzten beste bizimodu eta kontu batzuk ere aipatu ditut.
Baina bada paradisurik?
Batzuek diote haurtzaroa dela paradisua, beste batzuek, oroimena. Nik nahiago dut pentsatu uneak direla. Bilatuz gero paradisua dastatu daiteke.
Surfarekin ez ezik, gizartearekin kritikoa zara. Zer da gustuko ez duzuna?
Surf munduan ingurumenaz asko hitz egiten da. Zentzuzkoa da itsasoaren osasunari garrantzia ematea. Baina hori baino gehiago da. Gaur egun, surfak eta munduak arazo esanguratsuak konpartitzen dituzte. Esaterako, masifikazioa. Adituek diote munduan gainpopulazioa dagoela. Olatuak, berriz, baliabide natural mugatuak dira. Horiek beste modu batera kudeatu beharko genituzke, diruaren kulturatik kanpo.
Olatuak gurean zein mundu zabalean hartuko zenituen. Non aurkitu duzu zure paradisua?
Euskal Herrian bertan dastatu izan dut paradisua, zenbait leku eta une jakinetan. Dena dela, liburuan Fijiko esperientzia kontatu dut. Egun zoragarriak pasa nituen bertan, olatu oso onekin eta oso jende gutxirekin. Bi baldintza horiek bete behar dira paradisua izateko. Maiz esaten da surfa kirol berekoia eta indibidualista dela. Baina egia da lagun gutxi batzuekin zaudenean beste balore batzuk gozatzen direla. Arazoa da neurriz kanpokoa bihurtzen denean. Jende gehiegi dagoenean.
Donostia paradisu egokia da surferako?
Oraindik ere harrigarria iruditzen zait Zurriolako hondartzan istripu eta liskarrik ez egotea. Surfarekin egin behar ez denaren eredu garbi da Donostia. Hendaia, Zarautz eta Sopelan ere antzera gertatzen da. Politikariak konturatu direnean surfa diru iturri izan daitekeela, inolako ardurarik gabe jokatu dute. Hazkunde neurrigabea bultzatu dute, eta orain surfak bizi duen masifikazioa konpontzea oso zaila izango da.
Surfa saldu egin dute?
Komertzializazioak nabarmen kaltetu du. Batzuok olatuak hartu nahi ditugu, eta beste batzuek dirutza egin. Jolasa zena kirol bihurtu dute, eta gozatzekoa zena lehiaketa. Surfa salgarri egin dute marka handiek, arropa saldu eta negozioa egiteko.
Atzera bueltarik badu?
Arazo handiekin gertatzen den bezala, lehenik arazoaz ohartu behar dugu. Ondoren, seinalatu eta gero irtenbideak bilatzen saiatu. Klima aldaketarekin gertatzen zaigun bezala, garaiz gabiltza, arduratsu jokatzen hasi eta beste norabide berri bat hartzen badugu.
Horretarako borondatea ikusten duzu?
Egia esan, ez. Orain hasi dira konturatzen arazo bat dagoela. Donostian nabarmena da. Agintarien hitz politak entzun ditut, baina oraindik ere surfaren hazkunde iraunkorraren aldeko inongo neurririk ez da hartu.
Azkenaldian surf eskolak ugaritu dira. Hori ona edo txarra da zure ustez?
Eskola duinak daude, eta ez horren duinak. Kirola erakustea helburu dutenak, eta negozio ereduan pentsatzen dutenak. Nik ez nituzke itxiko, baina uste dut arautzeko unea iritsi dela. Alegia, hondartza bakoitzean zenbat eskola egon behar diren, zenbat ikasle eguneko eta abar. Hori neurtu behar da.
Zurriola egokia da surferako?
Bai, leku aproposa da. Hondartza luzea eta zabala du, itsaso dezente jasotzen du. Inguruko hondartzetan baino olatu handiagoak ditu. Hiri batek eskaintzen dizkizun zerbitzu eta erosotasun guztiak ditu. Niri ez zait gehiegi gustatzen surf eredu hori. Nik surfa gehiago lotzen dut isiltasuna, bakea eta naturarekin.
Donostiako Surfilm Festibala itzuliko al da?
Hori espero dut, eta mesedez eskatzen diot Sancho Rodriguezi ahalegina egiteko. Jendeak ez dakit behar besteko garrantzia eman dio jaialdiari. Asmatu du ikuspegi kritiko eta umoretsuarekin, surfa ulertzeko modu eta ikuspegi oso desberdinak pantailaratzen. Asko ikasi dugu jaialdiarekin, eta surfaren kultura zabaldu du. Ordea, surfa interesgarriagoa da diru iturri den heinean, eta ez kultura gisa.
Liburuarekin webgunea sortu zenuen. Sareko zure kaiera da?
Ez naiz Internet eta sare sozialen oso zalea, baina egokia iruditu zitzaidan webgune bat abian jartzea. Bi funtzio ditu. Batetik, promoziorako tresna da. Liburua eskuratzeko informazioa du, eta lehen atala doan jaitsi daiteke. Bestetik, liburuaren osagarria da. Idazketa prozesuan izan ditudan hausnarketak, eta kanpoan utzitakoak berreskuratzeko asmoa dut. Horiek pixkanaka argitaratzen ari naiz, argazki eta bideoekin. Webgunearen helbidea ondorengoa da: