'Zergatik euskaraz?'
Nerea Arriola, aktorea.
“Zergatik erabaki duzu kanala euskaraz egitea?”, “zergatik ez duzu gaztelaniaz egin?”, “ez duzu uste gaztelaniaz egingo bazenu bisita gehiago edukiko zenituela, gehiago zabalduko zela?”. Galderak, galderak eta galderak. Galdera asko egin zizkidaten garai haietan. Garai nahasi samarrak izan ziren, baina orain perspektiba apur batekin, galdera baten inguruan pentsatzen jarri naiz.
Supertxope lan talde batek sortu zuen. Horrela definitzea gustatzen zait. Sorkuntza lanak oso modu indibidualean egitea goraipatzen duen plataforma batean, guk lan taldean egin genuen. Profila erabaki, estiloa zehaztu, gaiak definitu eta gidoiak egin, grabaketa eguna ezarri, argiak, soinua jarri, grabatu eta editatu. Dena lan taldean. Zoragarria izan zen prozesua. Gero galderak etorri ziren. “Zergatik euskaraz?”. Galderak berak asko harritu ninduen. “Zergatik aukeratu dira gai horiek? Nola grabatzen duzu?”, estiloko galderak espero nituen (eta egin zizkidaten, noski), baina inondik inora ez nuen galdera hori espero: “Zergatik euskaraz?”. Hasieran zer esan ez nekiela geratzen nintzen: “Ba… Euskaldunak garelako, eta gure egunerokoan euskaraz mintzatzen garelako”. Erantzun sinplea, bai, baina egia, besterik ez. Supertxoperen kasu zehatzean, muntai bat zela badakit, helburu zehatz batzuk zituena. Baina galdera horiek egin zizkidaten momentuan benetako pertsonaia bat zela uste zen. Beraz, benetako pertsona batek youtuber izatea erabakiko balu eta euskera hutsean egingo balu, galdera bera jasoko zuelakoan nago. Baita euskerazko sorkuntza esparru tradizionaletatik ateratzen diren lan berriek ere.
Ea, oso ondo jabetzen naiz gure hizkuntzaren egoeraz. Jasaten dituen zapalkuntzez. Ditugun zailtasunez. Adibidez, antzerkian obra bat euskaraz soilik plazaratzeko. Baina ez dut uste galdera horrek asko laguntzen duenik. Euskarazko sorkuntzak bultzatu behar dira, noski. Antzoki baten aurrean nagoenean eta antzezlan bat bi hizkuntzatan ikusteko aukera daukadanean, nik orokorrean, euskarazko emanaldia aukeratzen dut. Nire erabakia da, bai, nire erabaki konszientea. Baina nahiz eta nire hautua izan, ez naiz obra horren kalitatea alde batera uzten ari hizkuntza horretan eginda dagoelako soilik. Hori, sortutako lana gutxiestea izango litzateke nire ustez. Eta batzuetan tranpa horretan erortzen garela iruditzen zait. Hain txikia sentitzen dugu gure hizkuntza, hain ahula gaztelaniarekin konparatuta, guk ere gure ekintzekin txikiago egiten dugula nahigabe. Zerbait ona dela esatera iritsi gaitezke, soilik euskaraz delako, inporta gabe zein den transmititzen den mezua. Eta galdera horrek, sorkuntza esparru berrietan batez ere, normalean euskararekin lotzen ez dugun musika estilo desberdin bat plazaratzean, antzerki bat euskaraz bakarrik denean edo Youtuben kanal bat sortzean, aukerak zabaldu beharrean txikitu egiteko arriskua ekar dezakeela iruditzen zait. Eta ez dut uste joko horretan sartu behar garenik, errealitatean zerbait oso ona egiteko gai garenean, gure kultura eta sorkuntza oso aberatsa denean. Baina zabaldu egin behar dugu, eta geure buruari jartzen dizkiogun kateak askatu. Eta agian, benetan egin genezakeela sinisten badugu, gaitasuna daukagula, txikiak izan arren handiak garela, agian etorkizunean, “zergatik euskaraz?” galdetzeari utziko diogu.
Donostia 25.0 umore ona zabaltzen. Bagara nor