Jexux Arrizabalaga eta Rosa Otxe. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Urte asko daramate Aste Nagusian parte hartzen eta Piraten egitarauko hainbat jarduera antolatzen. Aurten, ordea, kofradia gisa aurkeztu dira lehen aldiz
Donostiyako Xelebreak. Pertsona helduez osaturiko lehen kofradia moduan, hain zuzen.
Beraiek azaltzen dutenez, «hobeto antolatuta egoteko eta Piraten barruan hobe egokitzeko, gure artean libre ibili ordez, kofradia bezala antolatzea errazago izango litzatekeela pentsatu genuen». Xelebreen kide diren Jexux Arrizabalaga (Azpeitia, 1947) eta Rosa?Otxek (Donostia, 1940) pozik kontatu dizkigute kofradia berri honen nondik norakoak.
70 bat lagunez dago osaturik Xelebreen taldea, eta leloa ere badaukate: «Dibertitzea gustatzen zaigu, gazte denboran bezala». Arrizabalagaren ustez, ordea, «bizitzako garai batera iritsita, jaietan parte hartzeko helduegia dela uste duen jende asko dago». Eta hori «apurtu beharreko klixea» dela diote beraiek.
Aste Nagusi Piratan benetako izaera parte-hartzailea dagoela pozik azpimarratzen dute, baina. «Denok batera egoteko festak antolatzen ditugu. Denok parte hartzeko, eta ez kanpotik begira geratzeko», dio Otxek.
Eta hala egin dute. Guztiak elkar dantzan jartzeko asmoarekin, hainbat ekimen antolatu baitituzte jai hauetan zehar Pirata Xelebreek. Gaiteroen kalejira antolatu zuten asteazkenean. Ostegunean, berriz, Kantujirarekin goizetik jarri zuten jende guztia dantzan, gero Trinitate plazako bazkariarekin eta arratsaldeko Muxikoekin festan jarraitzeko. Ostiral gauerako, azkenik, berbena antolatu dute, 22:00etarako.
Ez txalekorik, ez jostunik
Txalekoari dagokionez, ordea, gauzak ez zaizkie nahi bezala atera: oihalak eta jostunak lortu ez dituztenez, txalekorik gabe ibili dira aurten. Horrek ez ditu gehiegi larritu, baina, kofradiaren kamisetak jantzita ederki konpondu direlako.
Kofradia desberdinetako zenbait kideri entzundako beste topiko bat jarri nahi izan dute mahai gainean, ordea. «Gu helduak garenez, taldeko emakumeek josten jakingo zutela entzun diegu. Hori historiara pasatu zen, eta gu ez gara kultura horretan hazi. Agian 18 urteko batek gehiago daki josten 60 urteko emakume batek baino!», dio Arrizabalagak.
Pertsonaia xelebreak
Euren kamisetetan bi irudi ageri dira, zuri-beltzean. Ezkerrekoan, dotore jantziriko hiru emakume ikus daitezke. Hiriko abesti zahar ezagunaren Donostiako hiru damatxoak direla azaltzen du Arrizabalagak: «Hor ikusten da bertako emakumeak, aspaldiko garai hartan ere, festa eta juerga zaleak bazirela». Parranda ziurtatuta dute, hortaz, Pirata Xelebreek, kofradiako kide gehienak emakumeak baitira. Eta hiru damatxoen modura, josten baino, ardoa edaten hobeki dakite ere, gainera.
Eskuineko irudian, aldiz, eserita dagoen gizon bat ageri da, aspaldiko argazki batean. Jose Joaquin Iradi Etxekalte hernaniarra dela azaldu du Otxek. XIX. mendeko arlote bat izan zen Etxekalte, bertsolaria eta oso parranda zalea izateagatik ezaguna. «Tipo honek sekulako iskanbilak sortzen zituen Donostiara etortzen zen bakoitzean», dio Otxek. «Eta hain ziren handiak bere istiluak, hiriko alkateak Etxekalteri Donostiara etortzeko debekatzea eskatu ziola Hernaniko alkateari».
Guztion onerako, Aste Nagusi honetan Pirata Xelebre hauek aspaldiko arlote hura baino hobe porta daitezela espero dezagun.