Turistak edo gertukoak, kontua da jendez beteak egon direla egunotan Donostiako erdialdeko txoko guztiak. Aste Nagusian herritarrek dituzten ohiturei buruz galdezka ibili gara.
Jendetza, Aste Nagusian. (Argazkia: Lide Ferreira)
Jendea ibili izan da beti Aste Nagusian, baina donostiar gehienen sentipena, iaz bezala, izan da aurten sekula baino bisitari gehiago ibili direla hiriko kaleetan barrena.
Argi dago su artifizialek jarraitzen dutela jende gehien erakartzen. Zaleak izan edo ez izan, ia herritar guztiak hurbiltzen dira egunen batean hiriko txokoren batetik suen festaz gozatzera, izozkiarekin edo izozkirik gabe. Azken batean, iluntzean bueltaxka bat emateko aitzakia ezinhobea dira.
Buleberrean eta Parte Zaharrean egunez ibiltzea zaila izan da, kanoikadaren burrunbak jaiei hasiera eman zienetik. Konstituzio plazako dantza emanaldietan ez da eserlekurik libre geratu; eta, aurreko urteetan bezala, La Flamenkako kontzertuek eta Saguesekoek herritar mordoa mugitu dituzte, musikaren bueltan.
Donostiako jaietan ibili diren festazaleen iritziak jaso ditugu, jakiteko eurek Aste Nagusia nola bizi duten, zer egiten duten eta euren planik gogokoena zein den. Kalean egunez ibiltzea dute batzuek nahiago, eta, beste batzuek, aldiz, nahiago dute eguzkia ezkutatzen denean gauaren magiaz disfrutatzera irten, eta dantza pixka bat egin.
Aitor Oiarbide.
Aitor Oiarbide, Loiola: “Sagueseko kontzertuak txerrikeria bat dira”
La Flamenkara jada justu-justu uzten digute sartzen, adinagatik diot [barreak]. Hala ere, hemen gaude, aurtengo Sagueseko kontzertuak txerrikeria bat dira eta. Iaz Willis Drummond ikusi genuen gustura, aurten ez dakit… egia esan, udako parrandarik onenak egin ditut jada. Orain Gasteizen bizi naiz, eta hango Aste Nagusian eta Loiolako festetan ibili naiz gustura. Hori bai, larunbat arratsaldean traineru estropadak ikustera joango naiz Urumeara.
Jone Pastor.
Jone Pastor, Hernani: “Esne Beltzaren kontzertuan oso ondo pasa genuen”
Lehenengo egunean su artifizialak ikustera joan nintzen, eta esan behar dut oso politak izan zirela. Astelehenean ere joan nintzen, baina nahiko aspergarriak izan ziren. Gainera, ez nuen izozkirik jan suak ikusteko. Gero, Esne Beltzaren kontzertuan oso ondo pasa genuen. Berandu samar hasi zen, eta zain egon ginen, baina oso ondo egon zen, eta jende pila bat zegoen. Barraketara ez dut uste joango naizenik, baina gauean beste kontzerturen batera, ziur baietz.
Raul Perez
Raul Perez, Loiolako Erribera: “Bizikleta Festan parte hartu dut, antolakuntzan”
Bizikleta festan parte hartu dut, antolakuntzan, azken urteetan hor laguntzen ibili bainaiz. Ustekabe ederra hartu nuen astearteko estropadarekin, azken unera arte ez nekien egitekoa zenik, eta auzoari giro paregabea eman zion. Gainontzean, kaleko giroaz gozatzen ari naiz; Bulebarreko musika emanaldiak eta horrelakoak, emanaldi berezietara joan gabe. Barraketako gamelu lasterketetara joatea ere gustatzen zait urtero, baina larunbatean joan nintzen, eta ez zeuden.
Irene Osa
Irene Osa, Amara Berri: “Suak ikusi nituen, txikitako tradizioak oroituz”
Aspaldiko urteetan ez dut parte hartu. Aurten bi egunetan pasa naiz, eta iruditu zaidana da jende pila bat zebilela. Mutil lagunarekin, astelehenean, suak ikusi nituen, txikitako tradizioak oroituz, izozkia eskuetan hartuta. Gero Bulebarretik pasa ginen, kontzertu bat zegoen, Joxe Ripiauren abestiekin, eta oso ondo pasa genuen! Asko gustatu zitzaidan, giro polita zegoen eta eguraldia portatu zen. Dantzan ere aritu ginen, eta azkenean ia hiruretan joan ginen etxera.
Lurdes Estibariz, Egia: “San Sebastian eguna eta San Tomas gehiago bizi ditut”
Lurdes Estibariz
Aste Nagusian ateratzen naiz su artifizialak ikustera eta kontzerturen batera, baina gehiago bizi ditut San Sebastian eguna eta San Tomas. Egia esan, aurten egitaraua gutxi begiratu dut eta irakurri behar dut senarra konbentzitzeko festetara joateko, gogorik gabe dabil eta. Nire asmoa da su artifizialak Ondarretan ikustea, eta, ondoren, izozkia Antiguan erostea. Horrela, handik Parte Zaharrera joan gaitezke, paseotxo bat emanez, lasai-lasai.