Onintza Mokoroa, udaletxe parean. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Donostiako Aste Nagusiaren ikur dira Mokoroatarrak. Gastronomikako artillari nagusi Luis Mokoroak, hain zuzen, 25 urte daramatza hiriko jaiak kanoikadaren eztandarekin leherrarazten. Bere alaba, Onintza (Donostia, 1978), berriz, 22 aldiz igo da jada udaletxeko terrazara txilibiteroen zuzendari gisa. 2014ean, ordea, kanoikada botatzeko arduraduna izan zen ere bera. Hiriko jaien metxa piztu zuen lehen emakumea, hain zuzen. Udaletxe parean, pozik erantzun ditu Onintzak Irutxuloko Hitzaren galderak.
Nolakoa izan zen 2014ko momentu hura?
Izugarrizko ustekabea izan zen. Oraindik zeharo hunkitzen naiz gogora dakardanean.
Nola jakin zenuen kanoikada zuk botako zenuela?
Udaletxeko terrazan geundela, alkateak, bat-batean, kanoikada botatzera igo behar nuela esan zidan. Sekulako emozioa sentitu nuen. Nire ametsa bete behar nuen! Norbaitek iritziz aldatu baino lehen igo egin nintzen, korrika, kanoiari su ematera. Behin goian nengoela, ordea, aitari protagonismo hura kentzeak pena pixka bat ere eman zidan.
Eta kanoia pizterakoan?
Oso urduri nengoen, eta kanoiak errespetu handia eman zidan. Nik askotariko gudak berregin izan ditut, eta fusilen atzerakada ezagutzen dut. Kanoiak askoz bolbora gehiago darama, ordea, eta ez nekien horrek noraino egin behar zuen atzera. Arma batekin nengoelaz oso kontziente nintzen.
Azalpenak eman zizkidaten arren, urduritasunarekin, esaten zidatenaren erdia entzuten nuen soilik. Gainera, kanabera oso luzea da, eta ez nuen metxa piztea lortzen. Zorionez, azkenean asmatu nuen nola egin. Hurrengo minutuan kea eta belarritako piiii hotsa abesterik ez nuen sentitu.
Aste Nagusiko lehen emakume artillaria bilakatu berri zinen.
Kanoikadaren ondoren, jendea zoriontzera hurbildu zitzaidanean, orduan ohartu nintzen egindakoaren garrantziaz. Gainera, txilibiteroek urte asko daramatzate etortzen, eta poz izugarria eman zidan beraien izenean ere kanoikada bota ahal izateak.
Noiztik zara txilibiteroen zuzendaria?
Gastronomikako Ohorezko batailoiarekin batera kanoikadan txilibiteroak ateratzeko ideia otu zitzaien egunean, aita txilibituekin eta partiturekin etorri zitzaigun zuzenean anaia eta bioi. Jotzen ikasi behar genuela esan zigun, eta guk hala egin genuen. Nik hamasei urte nituen orduan eta ezin nuen kanoikadan atera. Garai hartan beste pertsona bat zen txilibiteroen arduraduna.
Ni hasieratik hasi nintzen, ordea, jendeari txilibitua jotzen irakasten. Eta, bueno, taldearen aurreko arduradunak etetea erabaki zuenean, nik hartu nuen ardura. Ardurak hartzeko erraztasuna daukat, eta garai hartan koadrilako lagun pila batek jotzen zuten txilibitua. 22 urte pasa dira geroztik.
Kanoikadaren egunerako ohiturarik daukazue familian?
Beti aipatzen dugu bazkari bat egiteko ideia, baina egunean bertan oso urduri jartzen gara eta azkenean ez dugu ezer antolatzea lortzen. Kaos bat izaten da. Txilibiterook, ordea, beti elkartzen gara lehenago kafe bat hartu, elkar lasaitu eta prestatzeko.
Nola bizi duzu Aste Nagusia?
Ni irakaslea naiz, eta udara libre izan ohi dut. Asko gustatzen zait bidaiatzea, baino beti saiatzen naiz Aste Nagusirako hemen egoten.
Gazteagoa nintzenean beti parrandan ibiltzen ginen jaietan. Orain eguneko gauzak aprobetxatzen ditut gehiago. Bisitan jende pila bat etortzen zaigu, gainera. Eta bueno, nahiko saltseroa naizenez, indartsu egon ohi naiz beti.
Jaietatik zer duzu gustukoen?
Jaien bigarren egunean gazteentzako sukaldaritza txapelketa bat ospatzen da elkartean, eta asko gustatzen zait hara joatea, gazteak parte hartzen ikusteko. Epaimahaikide moduan egoten naiz ni bertan.
Piraten abordatzera eta irrikitaldira joatea ere asko gustatzen zait.