'Putirrikitaldia'
Desmuntatzearen ajeak denboran bidaiatzera garamatza. Aberats heteronormatibo espainolak parodiatuz iristen gara elizara. Txandetako lagun zahar-berrien konplizitateak goia jotzen du. Askatasun usaina dario azken igandeari.
Elizatik aldentzerako, gerria airean du dantzatzea gustatzen ez zaiola gezurtzen duen piratak. Hostal batean sartu dira bi, ilararik gabeko txiza egiteko asmoz. Txupitoak gorroto dituena ari da tekila erronda ateratzen. Tabernaren ilunean, muxuka dira Flamenkan elkar fitxatutakoak. Takoidun zapatak kendu eta katxi basoak jarri ditu oinetan inork. Putetxe galanta dago kalean. Kausalitatea: puta izan da bizitzan zehar entzun behar izan dugun iraina.
Gozamen eta askatasun aldarria helburu, puta izatea erabaki genuen iaz. Erabaki hauskorra. Ezarritako perfekziotik atera eta jantzi probokatzaileekin dantzatu ginen nornahirekin. Horretarako, bazkaritan elkartu eta beldurrak azaleratu genituen, baita autodefentsa feministarako teknikak adostu ere: txilibitu bana genuen, erasorik pairatuz gero jo, eta denok bateratuko ginen.
Entzuna izan zen gure papera, onerako zein txarrerako. Ezin izan gintuzten, ordea, iraindu, ohorea izan baitzen guretzat puta izatea; kasu honetan, puta, izaera gisa. Izan ere, egiturazko arauak puskatzen ditugunean deitzen gaituzte puta. Bada, ez al gara putatxoak besterik? Izaera horretan oinarritu genuen sortutako gune askea. Ea aurten denon artean putirrikitaldiaren askatasunez zipriztintzen dugun irrikitaldia.
Odile Arrieta, Amara Berriko bizilaguna