Ander Edo: 'Tirolina bat Egiara'
Egunotan Katalunian gertatzen ari denarekin batzuek esango dute Espainia hautsi egingo dela. Espainia ez dakit, baino Loiola hautsi egin zaigu jada. Abuztuan jaso genuen berria, Egia eta Loiola elkartzen dituen zubia puskatzen hasia zen, lehenik ibilgailu astunen pasoa galarazi zuten eta handik gutxira guztiz itxi zuten zubia. Eta horrela gure auzoa Donostiako erdigunetik eta Egiatik urrutiago geratu zaigu.
Ezbeharraren hurrengo egunetan ez genuen beste hizpiderik izan auzoan eta ez ziren falta izan egoera berriari sormen handiko erantzunak ematen zizkiotenak. Pasaiako motoraren antzeko bat ekartzea proposatu zuen batek, auzoko haurrek, ordea, argi zuten, tirolina bat zen irtenbiderik azkarrena eta ekonomikoena. Porrontxoen gertutasunarekin kezkatuta azaldu ginen beste batzuk. Izan ere hori dugu Loiolatarrok Egiako festaz gozatzeko biderik egokiena: Energiaz beteta gaudenean aldapan gora pausorik pauso eta dena eman ostean aldapan behera auzorik auzo.
Gaur gaurkoz zubirik ez, baina infografia elegante bat badugu. Ia konturatu gabe 3Dko auzo birtuala bihurtu zaigu Loiola. Urte luzeetan topoko geltokia 3Dko diseinu batean ikustera ohitu behar izan genuen eta zubiarekin berdina gertatuko zaigulakoan nago.
Oraindik ez da argitu zubi zaharrarekin zer gertatuko den eta irtenbide fantastikoren bat aplikatu ezean, beste behin ere pazientziaz bete beharko dugu loiolatarrok motxila. Umorea eta imajinazioa ez dugu faltan Urumearen ertzean, baino kontzientzia ere nahikoa dugu eta badakigu Sarasola zubiarena langile auzook urteetan pairatu dugun utzikeriaren isla bat besterik ez dela. Harrigarriena da oraindik baten batek pentsatuko duela arazoari azkar erantzun izanak (infografia bidez bederen) meritu handia duela.