Anna Gabrielen hitzaldian gertaturikoen harira AsCATasunera ekimenaren oharra
Anna Gabriel Sabate CUPeko kideak hitzaldia eskaini du gaur goizean Gasteizko Aldabe gizarte etxean, 250 bat herritarren aurrean. Solasaldia amaitu baino 20 minutu lehenago, ordea, Gasteizko Udaltzaingoa bertara sartu eta hitzaldia bertan behera gelditzeko eskatu du, Gasteizko epaitegi baten aginduz eta Espainiak EAEn duen ordezkariak hala eskatuta. Alabaina, antolatzaileek ez genuen inongo debekuren notifikazio ofizialik.
Solasaldia bukatzeko minutu gutxi falta zirenez udaltzainei ekitaldia amaitzen uzteko eskatu arren, ezezko jarreran mantendu da Udaltzaingoa. Hortaz, antolatzaileok zein hizlariek berek hala erabakita, Aldabe gizarte etxetik atera eta ekitaldiari kanpoan amaiera ematea erabaki dugu, boto paperekin eta esteladekin Kataluniarekiko elkartasuna erakutsita. Anna Gabriel bera zein hitzaldia gidatzen ari zen kazetarietako bat identifikatu egin ditu Udaltzaingoak, halere.
Hitzaldiaren debekua adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria dela salatu nahi dugu. Halaber, gure elkartasun eta maitasuna bidali nahi dizkiegu Kataluniako herritarrei egunotan askatasunaren eta demokraziaren alde erakusten ari diren irudimen eta konpromisoagatik.
Era berean, herritar guztiei dei egin nahi diegu bihar Gure Esku Dagok demokraziaren alde Bilbon antolatu duen manifestazioan parte hartzera, baita irailaren 20tik 24ra Donostian (Intxaurrondon) antolatuko dugun asCATasunera aste erraldoian Kataluniaren independentziaren aldeko festa eta aldarrikapena uztartzera.
Kataluniarekin, asCATasunera!