‘Terramotourism’ dokumentala iragartzen duen kartela.
Bederatzigarrenez egingo dute Donostiako Zinemaldi Alternatiboa. Irailaren 25etik 30era bitarte izango da hiriko gune desberdinetan. Turismoaren inguruko polemikak leku berezia izango du aurtengo egitarauan.
Kortxoenea gaztetxeak eskainitako aterpeari esker bete ditu urteak Donostiako Zinemaldi Alternatiboak. Bost ekitaldi egin ziren bertan, 2015eko azaroaren 3an eraitsi zuten arte. Horrela ere, Parte Zaharreko gazte batzordeak sortu zuen egitasmoak aurrera egin du. Aurten bederatzigarrena egingo dute hiriko gune desberdinetan, irailaren 25etik 30era.
Bost eguneko egitaraua prestatu dute, hasieratik mantendu duten helburuarekin bat eginez. «Zinema eta oro har ikus-entzunezkoen zale garelako antolatzen dugu hau, baita Zinemaldiko foku eta alfonbra gorriaz beste aukera batzuk sortzeko ere», azaldu dute antolatzaileek. «Gertuko eta inguruko disidentzia askotarikoek erabili ahalko duten egitasmoa izateko sortu zen».
Hausnarketarako gaia
Zinemaldi Alternatiboak askotariko gaiak lantzeko ohitura du. Film eta dokumentalak eskaintzearekin batera, hausnarketarako solasaldiak egiten dituzte. Oraingoan, turismoaren polemika izango dute hizpide lehen bi egunetan.
Arazoaren aurrean, ekarpen propioa egin nahi dute. «Azken hilabeteotan hiriko mandazain, jauntxo usteko eta hitzontziek ezinezkoa egin dute auzia ulertu, eta agertzen dituen konplexutasun guztiak aintzat hartuko dituen gogoeta», diote antolatzaileak.
Bartzelonak eta Lisboak turismoaren ondorioz bizi duten masifikazioa islatzen duten bi lan eskainiko dituzte. «Turismoak ingurua nola aldatzen duen modu oso ulerterraz eta praktikoan azaltzen du
Bye bye Barcelona dokumentalak», azaldu dute. Kataluniako hiriburuak bizi duen egoerari neurria hartzeko lagungarria da: «Distantziak distantzia, Donostiaren ispilu izan daiteke».
Bartzelonarekin batera Europan bisitari gehien jasotzen dituen hiriburua da Lisboa. «
Terramotourism dokumentalak analogia iradokitzailea erabiltzen du gaiari ertzak zorrozteko», adierazi dute antolatzaileek. 1.755 urtean Portugalek jasan zuen lurrikarak aldaketa sozial, politiko eta kultural handia eragin zuen Lisboan. Turismoaren eraginak neurri berekoak direla diote lanaren egileek.
Film laburren txapelketa
Donostiako Piraten mugimenduak 15 urte bete ditu aurten, eta Zinemaldi Alternatiboak ospakizunen segida izateko proposamena egin du. Horrela, txapelik gabeko film laburren txapelketa herrikoiaren gaia festa izatea erabaki dute. «Piratek 15 urte daramatzate festa egiten. Maite dugu jaia, baina zer da festa? Festa nola ulertzen dugun konpartitu nahi dugu», diote antolatzaileek.
Parte hartzeko epea gaur bukatzen da, eta azken unean lanen bat aurkeztu nahi duenak posta helbide honetara bidali beharko du: zinemaldialternatiboa@gmail.com. Araurik ez dago, baina lanen iraupena hamabost minututik gorakoa ez izatea eskatu dute antolatzaileek. Hilaren 27an, lan guztiak proiektatuko dituzte Parte Zaharreko Arrano elkartean. Horiekin batera, hamabosgarren Aste Nagusi Pirataren bideo-laburpena eskainiko dute.
Zinemarekin loturiko emanaldiekin batera, Donostiako Etxe Kolaboratiboa proiektua aurkeztuko dute irailaren 28an. «Etxebizitzen prezio altuak, jabetza eta pribatutasuna bultzatzen den sozietateak motibatuta sortu da», aurreratu dute antolatzaileek. Xehetasunak proiektuaren sustatzaileek emango dituzte egunean bertan.
Zinema eta musika
Egitarauari bukaera berezia emateko zinema eta musika uztartzen dituen saio musikatua antolatu dute. Olatz Salvador, Asier Beramendi, Raitx, Beñat Antxustegi, Eneko Sierra eta Jon Agiriano musikariek parte hartuko dute. «Beraien abesti bat aukeratu eta honi zein filmeko irudiak jartzea nahi duten galdetu diegu. Baita musika eta zinema lotzen dituen beste film bateko pasartea aukeratzeko ere», azaldu dute antolatzaileek. Emaitza ikustekoa izango da.
Egitaraua
IRAILAK 25, ASTELEHENA
Bye bye Barcelona dokumentala, Antiguako Txantxarreka gaztetxean, 19:00etan.
IRAILAK 26, ASTEARTEA
Terramotourism dokumentala, Añorgako Firestone Lantegi Berreskuratuan, 19:00etan.
IRAILAK 27, ASTEAZKENA
Txapelik gabeko film-laburren txapelketa, Parte Zaharreko Arrano elkartean, 19:00etan.
IRAILAK 28, OSTEGUNA
La Borda eta
One shared house dokumentalak, Amarako Kaxilda liburu dendan, 19:00etan.
IRAILAK 30, LARUNBATA
Saio musikatua, Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, 19:00etan.