Irati Urkiola: 'Lehen ziztada'
Hitzak harilkatzearen jolas honetan esperientziak ez du erraztasunik ziurtatzen; esperientziak berak dio hainbat buruhauste sortu(ko) direla, eta idatzitako hitz bakoitza bi aldiz ezabatua izan(go) dela, gutxienez, idazlearen beraren onespena jaso aurretik. Hitzak harilkatzearen jolas honetan hamar aldiz epaitu(ko) dut nire burua: idatzitakoa zilegi da edo ez? Ulertu(ko) al da? Ados egon(go) ote dira?
Hilabetean behin ariko naiz hainbat gaik sortzen dizkidan kilimak hitz bihurtzen. Hilabetean behin ordenagailu aurrean urduri jartzen hamargarren bertsioaren zuzenketa egitean. Eta, hilabetean hamaika bider ariko naiz ordenagailuko teklak gogor kolpatzen hitzak indarrez atera daitezen.
Sentsazio horiek guztiek emango diete paso (K)alanbreak atalari. Alanbreak bezain hauskor izan daitezkeen gai, iritzi edo pasarteen inguruan sorturiko kilimak eta sentitutako kalanbreak izango dira, beraz, zutabe honetan kontatu nahiko ditudanak.
Eta, hiria alfonbra gorriz estali diguten honetan, hasi zaizkit lehen ziztadak. Askotan irakurri izan dugu halako festibalak (Jazzaldia, Kutxa Kultur, Zinemaldia…) amu erraz direla horien zale ez diren pertsonak erakartzeko; festibalek iraun bitartean, denok garela zinemazale, jazz musikan aditu, talde postmodernoen fan. Baina, aste honetan zineman kolak egingo ditugunok, zenbatetan zeharkatu ditugu Truebako ateak? Zenbatetan kritikatu kartelerako filmak? Zenbatetan egin kolak Principe aretoetara sartzeko? Glamuroso eta intelektual bihurtzen gara, nahigabe, hiriak eta datek hala eskatuta. Baina, saia gaitezen izarrak Hollywoodetik harago ikusten: zinema munduko sektoreek ez gaituzte orain -hatzetan kabitu ezin hiritarrek zinema mirestuko dutenean- behar. Beharbada, egunotan, gehiago behar gaitu zinema alternatiboak. Fikzio diruditen istorio errealek koka gaitzatela alfonbra gorririk gabeko munduan, eragin diezazkigutela kalanbreak geure kontzientzietan, eta alda gaitzatela ikusle pasibo izatetik, aktibo izatera.
Hitzok erraz idatzi eta esaten baditugu ere, ziur naiz denok izan dugula eskuartean Donostia Zinemaldiko 65. edizioaren koadernotxoa, egon garela asko geure agendetan bertako filmei toki egiten, eta badugula sarreraren bat eskuartean. Hala ere, alternatibotzat dugu geure burua. Alanbre finak eta kalanbre astunak Zinemaldian ere. Hemen nire lehen ziztada.