Xabi San Sebastian: “Nire txokoan bizitako esperientziekin osatu ditut abestiak”

xabi_ss_bat

(Argazkia: Alberto Elosegi)

Xabi San Sebastian; musikaria

‘Zuhaitzak ez du beldurrik’ bakarkako laugarren diskoa atera du Xabi San Sebastianek (Antigua, 1969). Sormenari denbora eskaini dio, eta orain, zuzenean aurkezteko prest dago.

Zeren beldurrik ez du zuhaitzak?
Nik ditudan beldurrak ez ditu. Animalia baten beldurrik ez du. Adibidez, zuhaitz artean jar zaitez basoan eta saiatu geldirik egoten inguruko soinuak entzuten, zomorroak hara eta hona… Nik beldur horiek ditut. Zuhaitza dagoen lekuan egonda, bost axola zaio inguruan zer duen. Gora egiten du bere zeru zatiaren bila. Lurra, ura eta eguzkiarekin moldatzen da bizirauteko. Hori da gaitasuna.

Udazkenaren hasiera apropos aukeratu duzu diskoa aurkezteko?
Natura eta lurrarekin harremana zuen data bat nahi nuen. Banekien diskoa udazkenean aterako zela, eta aukeratzekotan udazkeneko lehen eguna aukeratu nuen. Hain zuzen ere, ekinozioaren eguna. Sinbolismoa oso polita iruditzen zait, ekinozioan egunak eta gauak iraupen berdina dutelako. Giro esoterikoan orekaren sinbolo moduan hartzen da ekinozioa.

Urtaro desberdinetan sortu dituzu kantuak, ordea. Nolakoa izan da prozesua?
Azken urteetan denbora asko pasa dut mendialdean dudan txoko batean. Ordu luzeak pasa ditut han. Ondo pasa dut inguruari begira. Hiritik mendira joatean pentsatzen dugu hutsa dagoela, eta ez da horrela. Inguruko gauzak ikusten hasten zara. Ideia asko etorri zaizkit inguruari begira jarrita. Beldurrak ere azaleratu zaizkit, gauez bakardadean ateratzen diren mamu guztiak. Nire txokoan bizitako esperientziekin osatu ditut abestiak.

Bederatzi kantu ditu diskoak, eta askotarikoak dira. Zure ibilbidearen isla?
Agian bai, baina ez da bilatu dudan zerbait. Orain entzuten hasi naizela, konturatu naiz diskoa uste baino anitzagoa dela. Ildo bat du, gauzak kontatzeko nahi eta modu jakin bat. Baina, bai, denetarik duela esango nuke.

Oraingoan, esperimentazioari ateak zabaldu dizkiozu. Badira bi kantu Mikel Laboaren omenez sortuak diruditenak…
Egia esan, ez dut omenaldi baten moduan ikusten. Ez dut uste inor naizenik Laboari omenaldi bat egiteko. Bera musikari ikaragarria da eta ez du nire omenaldirik behar. Nik egin dudana da berak jorratutako bide esperimentaletan sartu eta horietan ibiltzea.

Laboa hil eta urtebetera, omenaldi bat egin zioten Viktoria Eugenia antzokian eta bertan parte hartu nuen. Inork ez zuen Lekeitioak lanetako abesterik aukeratu. Haren kantu ezagunen bertsioak egin zituzten. Ordea, ausarta izatea erabaki nuen, eta Laboaren disko esperimentaletako kantu bat jo nuen. Oso gustura sentitu nintzen, eta harrera ona izan zuen. Ordutik, horrelako zerbait egin nahi nuela pentsatu nuen, eta iritsi da.

Inoiz baino konplexu gutxiagorekin sortu dituzu kantuak?
Neure buruarekin ariketa hori egitea erabaki nuen. Lotsak albo batera utzi, eta kanpokoari begiratu gabe ateratzen zaizuna egin behar dela konturatu naiz.

Rockaren eta folkaren sustraiak nabari dira doinuetan. Horiek dira zure oinarriak?
Oraingoan, gitarra akustikoa erabili dut sortzerakoan. Naturan sortzeko erosoena da, ez da entxufatu behar eta egur soilaren soinua behar nuen.Kantuak egiterakoan naturalki ateratzen zait gure folka, eta baita amerikarra ere. Barruan omen daukat.

Nereari abestiak goxotasuna transmititzen du. Norbaiti eskainia da, ezta?
Asko maite nuen pertsona bat hil zen duela urte eta erdi. Haren familiakoek eskatu zidaten abesteko bere hiletan. Elizkizunik ez zen egin, eta errito bakarra hura zen. Berehala ikusi nuen ezin nuela kantu ezagun bat abestu, eta zerbait sortu behar nuela. Inoiz ez dut izan hain motibazio indartsua kantu bat egiteko. Nire mendiko txokora joan nintzen gauez, zuhaitz jakin baten aldamenean jarri eta negar artean kantua atera zen. Asko gustatu zitzaien familiakoei, eta ni ere gustura geratu nintzen. Izan ere, abestiarekin ahalegindu naiz heriotza hura era baikor batean kontatzen.Bitxikeria gisara, zuhaitz hura bota egin zuten bi astetara. Dirudienez gaixo zegoen.

Grabazio lanak han eta hemen egin dituzu. Nola osatu duzu puzzlea?
Bateriak eta baxuak Josu Ervitiren Drum Groove estudioan grabatu genuen, bi egunetan. Erviti arduratu zen bateriaz eta Matthieu Haramboure baxuaz. Ondoren, nire Hernaniko lokalera joan nintzen; Xaturrenea izena jarri diot. Bertan grabatu genituen teklatuak Satxa Soriazurekin, eta nik ahotsak eta gitarra guztiak. Hiru aste inguru behar izan nituen. Nahasketak, berriz, Itsasuko bere etxean egin zituen Harambourek, eta Estanis Elorza arduratu da masterizazioaz Doctor Master estudioan.

Laugarren diskoa argitaratzeko auto-ekoizpena aukeratu duzu. Zergatik?
Zirkunstantziek horra eraman naute. Elkar argitaletxeak eta biok erabaki genuen hurrengo diskorik elkarrekin ez ateratzea, eta ez dut gehiago bilatu. Banuen hau egiteko gogoa. Batetik, erronka pertsonal bat zelako, eta bestetik, egin beharreko gauza bat delako. Argitalpen batek duen lana ezagutzeko balio du. Orain inoiz baino errazagoa auto-ekoizpenaren bidez lan bat kaleratzea. Uste dut baliabideak badirela hedapen txukun bat emateko.

Zuzenekoetara nola eramango duzu diskoa?
Denetarik egingo dut. Bakarka, binaka, hirunaka eta bandarekin ariko naiz kontzertuetan. Lan berriak jolasteko aukera ematen dit, eta baita gauza berriak probatzeko aukera ere. Diskoan parte hartu duten musikariak izango ditut alboan, formatu desberdinekin.

Aurkezpen kontzertuekin hasi berri zara. Zeintzuk dira hurrengoak?
Bihar, Bakearen Artisauek antolaturiko jaialdian izango naiz Luhuson 15:30ean. Urriaren 7an, Baionako Kalostrape aretoan ariko naiz; urriaren 13an, Tolosako Bonberenean, Beñat Igerabiderekin; urriaren 19an, Hernaniko Biteri kultur etxean; eta azaroaren 5ean, Bilboko Biba aretoan.

Donostian aurkezteko aukera izango duzu?
Oraindik ez dut zehaztu, baina nahiko nuke.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend