Buruko gaitzen inguruko aurreiritziak apurtu nahi dituzte
Urriaren 10a Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna da, eta urtero bezala, Why Not Fundazioak kalera ateratzeko deia egin du. Helburua da zarata pixka bat egitea eta buruko gaitzen inguruan dauden aurreiritziak apurtzea, beldurrik gabe horien inguruan hitz egitea.
Horretarako, elkarretaratze bat egingo dute 10:30ean, Aita Vinuesa plazan (Kontxan, La Perla parean). 130 pertsona inguru bilduko dira, Why Not Fundazioarekin lan egiten duten buruko osasunarekin lotutako zentro eta ospitaletakoak, eta denek kamiseta berdeekin ibilaldi txiki bat egingo dute porturaino. Bertan, familia argazki handi bat egingo dute.
Eguerdian, 12:00etan, Donostiako Bulebarrean jarraituko dute ekitaldia, Agifesekin batera (Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea). Mikel Erentxun abeslariak manifestua irakurriko du eta zenbait tailer egingo dituzte, antzerki ariketak adibidez. Why Not-eko kideek eta gonbidatutako zentro guztiek ospakizunarekin aurrera jarraituko dute Oquendo jatetxean, eta bertan Why Not-eko musikoterapia taldeak saio txiki bat egingo du.