Ametzagaina asfaltatzeko lanak bukatu dituzte aste honetan. (Argazkia: I. Esnaola)
Egiako saneamendua hobetzeko proiektua aztertzen ari da Donostiako Udala. Hori dela eta, obrak behin behinean eten dituzte. Auzoan sorturiko oztopoak saihestea du helburu egiten ari diren azterketak, Miguel Angel Diez Bide Publikoetako zinegotziak adierazi duenez. Maiatza hasieran abiatu zituzten lanak, eta ordutik, eragozpen ugari sortu ditu auzoan eta auzotarren artean.
Aste honetan bukatu dituzte Ametzagaina kaleko lanak. Makinek azken zatia asfaltatu zuten herenegun, kale bukaeratik Aitor ikastolara doana. Bizilagun batzuk ez daude gustura emaitzarekin, errepide alboko aparkalekuak asfaltatu gabe utzi dituztelako. Era berean, zebrabide batzuen pintaketa ez da behar bezala geratu.
Konplexutasun handikoa da Egiako saneamendua hobetzeko proiektua Diez zinegotziak nabarmendu duenez. Zortzi fasetan egitea erabaki zuen udalak, eta 2018ko udaberrirako bukatuta izatea aurreikusi dute. Ordea, atzerapenarekin dabiltza obrek eragindako ondorioengatik. Errepide eta espaloiak estutu behar izan dituzte, eta trafikoan oztopoak sortu dituzte. Astiñeneko zubia ixteak ere eragina izan du azken asteetan.
Karmengo Ama kalean izango dute jarraipena saneamenduko lanek. Hasi aurretik, Bide Publikoen sailak neurri egokiak hartu nahi ditu auzoan eragozpenak gutxitzeko.