Euskaraz idatzitako liburuei bigarren ibilbide bat emateko asmoz abiatu zuen Booktegi webgunea Aritz Brantonek, sei hilabeteko ibilbidean «zentzua duela» ikusi du, eta lanean jarraituko du.
Aritz Branton, Booktegi webgunearen sortzailea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Booktegi ataria martxoan sortu zuen Aritz Brantonek, eta oso pozik dago orain arte izandako harrerarekin. Euskarazko liburuak era elektronikoan eta doan lortzeko plataforma bat da Booktegi. Hogei libururekin abiatu zen, eta, gaur egun, 60 daude eskuragarri; gainera, urtea bukatu aurretik, beste hogei bat plazaratuko dituzte. «Mezuak jaso ditut esanez oso egitasmo ederra dela, liburuak kalitatezkoak direla, beharrezkoa dela. Irakurleez gain, idazleek eta kultur eragileek idatzi didate, eta animo horiek jasotzea asko eskertu dut», dio Brantonek. Dena doakoa da inork ez baitu kobratzen bere lanak eskaintzeagatik, eta, aldi berean, lan horiek lortzeko ez da ezer ordaindu behar.
Euskal kulturan bi hutsune nagusi ikusten zituelako animatu zen proiektua egia bihurtzera. Batetik, liburu elektronikoen erabilera txikia iruditzen zitzaion, eta, bestetik, euskal literaturak askotan bizitza laburra izaten duela ikusten zuen: «Lan bat kalitatezkoa izanda ere, oso irakurle gutxi izaten ditu, eta, gero, apal batean geratzen da, hautsa hartzen. Aukera polita iruditu zitzaidan bi hutsune horiek abantaila bihurtzeko».
Hasieran, idazle ezagunei liburuak eskatzen hasi zen, eta martxoaren 30ean ireki zuen webgunea. Gerora, modu berean eskuratu dituzte liburuak, baina idazleek beraiek ere bidali dizkiete, eskatu gabe: «Jaso nuen lehenengo liburuarekin poztu nintzen ikaragarri. Horrekin batera ikusi nuen Booktegik zentzua duela, baita bisita estatistikekin ere». Ez da harritzekoa Branton pozik egotea, sei hilabeteko ibilbidean, 6.000 bisitari baino gehiago izan baitituzte, eta 12.000 bisita inguru. Batazbeste hiru minutu igarotzen dituzte bisitariek, eta 7.000 ale inguru deskargatu dituzte. «Beste kontu bat da irakurle kopurua. Gauza bat da liburu bat deskargatzea, eta bestea, irakurtzea. Hala ere, datuak positiboak iruditzen zaizkit, eta gehiago lortu nahi dut».
Gainera, lanen artean daude Irutxuloko Hitzak argitaratutako Emakumeak eta arrauna eta Hiriaren erradiografia more bat argitalpenak. Orain arte arrakasta gehien izan duten liburuak hauek dira: Harkaitz Canoren Paradisuaren ifrentzua, Asier Altunarena Amama filmaren liburua, Josu Landaren Ipuinak kontatzen nituenean, Patxo Telleriaren Lingua Navajorum, eta Ane Labakaren Zirrikituetan. Datozen hilabeteetan zabalduko dituzten liburuak, berriz, egile hauenak dira: Itxaro Borda, Juan Luis Zabala, Patxo Telleria, Mikel Elorza, Aritz Galarraga eta Asier Altuna.
«Hasierako eginkizuna zen liburuak plazaratzea, eta kasu batzuetan testuak orraztea pixka bat, batez ere liburu zaharrei ortografia zuzentzea, formatu grafikoa egitea, azalak egitea kasu batzuetan, baita hitzaurreak ere». Lagun batek proposatu zion, behin liburuak izanda, egileei elkarrizketak egitea. Horrela, pixkanaka, liburuez gain, jartzen ari dira egileei egindako bideo elkarrizketak, eta liburuen pasarteen audioak, egileen ahotsekin: «Elkarrizketak egitea oso esperientzia polita izaten ari da. Idazleen jarreragatik, oso eskuzabalak iruditu zaizkidalako, eta esaten dutenagatik, interesgarria delako. Liburuaren osagarriak dira, audio grabaketekin batera, eta espero dut modu horretara liburuak erakargarriagoak izatea eta irakurketa bultzatzea». Azken batean, liburuek oihartzun handiagoa izatea da helburua.
Urriaren 9an, ikuskizuna
Atari digitala ezagunagoa egiteko, Leteratura-loturak izeneko emanaldia prestatu dute urriaren 9rako, 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean. «Booktegiri buruz lau minutuko aurkezpena egingo dugu, eta, ondoren, ospakizuna. Emanaldi entretenigarria izango da, freskoa, arina, dibertigarria eta ondo pasatzeko modukoa». Dena antolatzea oso erraza izan dela dio, Bageraren laguntza izan baitu eta partaideak prest agertu baitira.
Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak umorea jarriko dute emanaldian, eta Ane Labakak eta Uxue Alberdik bertso bikotea osatuko dute. Hauek ere parte hartuko dute: Antonio Casado de Rochak, Gari Berasaluzek, Gonzalo Etxaguek, Harkaitz Canok, eta Leire Palaciosek. «Ezustekoak ere egongo dira. Jendea etor dadila, eta lagunak ekar ditzala».