Kutsaduragatik mugatuak

Urtebete igaro da Donostiako Udalak Altzako kiroldegiaren inguruko lurretan amiantoa topatu zuela jakinarazi zuela. Ordutik, lanak geldirik daude eta kutsatutako eremu gehiago aurkitu dituzte.
altza-amiantoa-kiroldegia-1

Kiroldegi berria egiteko lanak geldirik daude; urte amaieran edo 2018ko urtarrilean hastea aurreikusten dute. Irudian, kiroldegi zaharraren orubea. (Argazkia: Lide Ferreira)

Aurreko legegintzaldian adostu zuten kiroldegia berritzea. Jada lehiaketa publikoa egina zegoen, diseinua erabakita eta obrak hasteko zorian. Hasi aurretik, baina, lurrak aztertu eta amianto arrastoak aurkitu zituzten. «Kutsadura espero genuena baino handiagoa da», azaldu zuen Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak, 2016ko urrian.

Fibrocementos Vascos S.L. izeneko enpresa ezarri zen kiroldegi berria egin nahi duten lekuan, 1963 eta 1981 urteen artean, eta fabrikak egindako isuriak dira lurren kutsaduraren arrazoia. Altzako Historia Mintegiaren Estibaus.info webguneko artikulu baten arabera, herritarrentzat ezezaguna zen amiantoa garai hartan, baina fabrikako ekoizpenak sortzen zuen zarata eta hauts zuria jasangaitzak bihurtu zitzaizkien. Haurrentzat, ordea, kutsadura ez zen arazo bat, eta lantegiaren hondakinak botatzen zituzten lurretan jolasten aritzen ziren askotan.

Albiste horrekin lotuta, Irutxuloko Hitzak Jesus Uzkudunekin hitz egin zuen, Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteko kidea: «Altzan, lehen, herri osoa hautsaz kexatzen zen, eta amiantoa zen. Orduan, kutsatutako jendea egongo da, arnastutakoagatik. Gainera, batzuek diote, kiroldegia egin zenean, azpitik lurra atera eta mugitu egin zutela. Horregatik, azterketa serioak egin behar dira, sekulako arriskua dagoelako».

Proiektu berria, faseka
Udal gobernuak esan zuen kiroldegi berriaren proiektua egokitu behar zela, eta faseka egingo zutela: lehenengo, eraikin zaharra bota; ondoren, berria eraiki; eta, azkenik, lurra tratatu, kanpoko igerilekuak eta pistak egin ahal izateko. «Kiroldegi zaharra egin zutenean, kanpoko igerilekuen proiektua zegoen, baina ez zituzten inoiz egin. Susmoa dugu, garai hartan jada, bazekitela amiantoa zegoela. Izan ere, eremu horretan Tomaseneko aparkalekua egin zuten, eta bertan sartzeko galiboa dago. Ziurrenik, lur azpian amiantoa egonda, ez zuten nahi pisu handiko ibilgailuek lurra zulatzerik nahi», adierazi du Altza Osasuntsuagoaren aldeko Herritarren plataformako kide Zigor Etxeburuak.

altza-amiantoa-tomasene-parkea

Altzako bizilagunen kezka eta haserrea islatzen duen kartel bat. (Argazkia. L. Ferreira)

Kiroldegi zaharra itxiko zutela jakin zutenean, bertako erabiltzaile batzuen ekimenez, sinadura bilketa bat egin zuten: «Dena dago airean ondoko lurretan amiantoa aurkitu zutenetik. Udalari eskatu nahi diogu egungo kiroldegia ez ixteko, berriaren obrak hasten ez diren bitartean. Kirolgunerik gabe uzteko asmoa du, proiektu berria abiatzeko datarik mahaigaineratu gabe». 1.500 sinadura bilduta ere, udalak aurrera egin zuen eta, 2016ko abenduaren erdialdean, kiroldegi zaharra botatzen hasi zen, eraikina arriskuan zegoela argudiatuta.

Kiroldegiko erabiltzaileez gain, Altzako bizilagunek ere adierazi zuten euren kezka. Izan ere, aipatutako plataforma sortu zuten urtarrilean.

«Proiektuak jaurlaritza eta beste erakunde batzuen oniritzia jaso zuen; beraz, amiantoa agertzea ezusteko handia izan zen. Bazterrak nahastu ziren, eta kezka sortu zitzaigun», gogoratu du plataformako kide Zigor Etxeburuak.

Plataformak hiru gai argitzeko eskatu zion udalari: kiroldegia eraikitzeko epeak, amiantoz kutsatutako eremuen eragina eta etorkizuna, eta irtenbide bat ematea erabiltzaileen ezinegonari.

Ekainean, hirugarren bilera egin zuten udalak –Eneko Goia alkatea barne­– eta bizilagunek, konponbide bat lortu nahian. Etxeburuak esan zuen bilera «oso gogorra» izan zela, eta Goia bera ere bat etorri zen: «Bilera ez zen gozoa izan, noski, bizilagunek oso gertu sentitzen dutelako gaia eta irtenbideak nahi dituztelako». Baina argi utzi dute azken urte honetan Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailak emandako aginduak betetzen ari direla, eta jarraitzen dutela airearen eta lurraren laginak hartzen eta kutsatutako eremuak mugatzen; tartean, Tomaseneko parkea.

altza-amiantoa-oleta-ikastetxea

Eremu asko hesituta daude; atzean, Oleta ikastetxea. (Argazkia: L. Ferreira)

«Parke horretan, Auditz Akular proiektua eraman nahi zuten aurrera, baina, hori etenda, auzotarrek hartu zuten parkea, eta asko erabiltzen zuten aisialdirako. Baina, amiantoa aurkitu zutenetik, ingurune hau ere galdu dute bizilagunek», esan du Etxeburuak.

Plataformaren eskaerei erantzunez, udalak konpromisoa hartu du egindako pauso guztien berri emateko bizilagun, auzo elkarte eta herritar guztiei. Horretarako, hainbat bilera egin dituzte eta atal berezi bat zabaldu dute Donostia.eus webgunean, Altzako kiroldegiaren inguruko berriekin, «gardentasuna» lortze aldera: «Ulertzen dugu auzotik eta herritarren aldetik exijentzia bat egotea ondo egin daitezen gauzak, eta horretan gabiltza».

Kiroldegi berria egin bitartean, udalak Bidebieta eta Intxaurrondoko kiroldegietara bideratu zituen hainbat jarduera . «20.000 lagun kirola egiteko aukerarik gabe geratu gara, eta nolabaiteko neurriak eskatu genituen: deskontuak, plaza gordetzeko aukera, adineko jendearentzako alternatibak…», esan du plataformako Jose Ramon Zapirainek. Lanek luze joko dutenez, kirola egiteko aukera ematea aztertzen ari da udala, Altzako Eraikuntzaren Institutu zaharrean.

Uztailean, jaurlaritzako Osasun sailak egindako txostena argitaratu zuten. Horren arabera, amiantoak ez du Altzako heriotza tasa handitu 1999tik 2015era bitartean. Era berean, udalak ikerketa tekniko baten emaitzak aurkeztu zituen, eta jakinarazi zuen Altzako kiroldegi berria egiteko oztoporik ez dagoela: «Amiantorik ez dago kiroldegia eraikiko den lursailean».

altza-amiantoa-plataforma

Altza Osasuntsuagoren aldeko Herritarren Plataformako hiru kide. (Agazkia: L. Ferreira)

Azken berriei dagokienez, bi eremutan agertu da amiantoa: Oleta ikastetxearen lurretan eta kiroldegi inguruko baratze batzuetan. Plataformakoek azaldu dute martxoan eskola estaltzeko eskaera egin ziotela udalari, baina abuztuan hasi zituztela lan horiek: «Guraso elkarteak exijitu zion iraila baino lehenago egiteko, bestela, haurrak ez zuten ikasturtea hasiko». Zehazki, zementu sintetikoa bota dute, oihal berezi bat jarri, eta gainean lurra bota, amiantoa bizigabetzeko.

Kiroldegi inguruko zenbait eremutan amiantoa aurkitu denez, bertan ezingo dela ezer eraiki diote plataformakoek: «Ezin da zulatu; beraz, baliatu behar dugu aukera bertan proiektu integral bat egiteko, auzotarren aisialdirako».

Kronologia: amiantoa, Altzan

1963-1981. Fibrocementos Vascos S.L. fabrika egon zen egungo kiroldegiaren orubean. Lantegiak isuri zituen milaka metro kubiko hondakin eta ur kutsatu.
1980. Oleta ikastetxearen inaugurazioa.
1983-1984. Fibrocementos Vascos S.L. fabrikaren eraikinen eraisketa.
1987-1989. Kiroldegiaren lehenengo fasearen eraikuntza.
1988-1989. Kiroldegiaren eta Oletaren aparkalekuen eraikuntza.
2002. Oletako aparkalekuan lur mugimenduak.
2003-2004. Tomasene aparkalekuko eraikuntza.
2005. Oleta aparkalekuaren birmoldaketa.
2012. Lur kutsatuen erroldan sartzen da kiroldegia.
2016ko maiatza. Kiroldegiaren proiektu berriaren azken onespena, udalean.
2016ko urria. Kiroldegiaren inguruko orubeetan amiantoa dagoela jakinarazten dute.
2016ko azaroa. Kiroldegi zaharraren itxiera.
2016ko abendua-2017ko otsaila. Kiroldegi zaharraren eraisketa.
2017ko urtarrila. Jarraipen Batzordea bat osatzea adosten dute udalbatzarrean. Bizilagunek Altza Osasuntsuagoaren aldeko Herritarren Plataformaren sortzen dute.
2017ko uztaila. Oleta ikastetxe inguruko lurren estaldura, amiantoa dagoelako bertan. Eusko Jaurlaritzak Osasun sailaren azterketa epidemiologikoa argitaratzen du.
2017ko urria. Amiantoa aurkitzen dute, Altzako baratzetan.

altza-amiantoa-baratzeak

Kiroldegiaren inguruko baratzetan ere aurkitu due amiantoa. (Argazkia: L. Ferreira)

Datorren urtearen hasieran abiatuko dute lehen fasea

Altzako kiroldegiaren inguruko lurretan amiantoa topatu zutela jakinarazi zuenetik, Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila azterketa tekniko sakonak egiten ari dira, kiroldegi zaharra eta inguruko eremuetan zenbaterainoko kutsadura dagoen ziurtatzeko. Luzatzen ari den arren –duela urtebete aurkitu zuten lehenengo aldiz amiantoa–, uste dute egin beharreko lana dela eta ezinbestekoa dela behar den denbora erabiltzea azterketak egiteko. Neurketa horiek modu teknikoan egin behar direnez, denbora behar da. Esate baterako, airearen kalitatearen azterketak Ameriketako Estatu Batuetako laborategi batean aztertzen dira, hau da, hemen egiten dira neurketak eta gero AEBtara bidali behar dituzte aztertzeko.

Horietako azterketa batek kiroldegi zaharraren eremuan ez dagoela kutsadurarik ondorioztatu du; hortaz, kiroldegi berria egiteko, aurretik pentsatuta eta eginda zegoen proiektuarekin jarraitzeko asmoa du udalak.

Momentuz ez dena aurrera eramango da kanpoko igerilekuen proiektua. Izan ere, kiroldegi barruan aurreikusita dago estalitako igerilekuak egitea, baina kanpokoak kiroldegi zaharraren eremutik kanpo egin nahi zituzten, lur kutsatuak azaldu diren eremu batean. Horregatik, proiektua bi zatitan banatzea erabaki dute: kiroldegi berria eta kanpoko igerilekuak.

Kanpoko igerilekuak
Kanpoko igerilekuak egiteko proiektu berri bat osatu behar dela dio udalak, eta horretan ari dela lanean: «Amiantoa modu bizigabean baldin badago, ez da kutsakorra; baina mugitzen denean eta airearekin kontaktuan jartzen denean, bai. Azken erabakia falta da, baina, ziurrenik kanpoko igerilekuak egingo dira. Horretarako ez da ezer zulatuko; lurra botako da, kota altxatzeko».

Kiroldegi berriaren proiektu berriarekin jarraitzeko Eusko Jaurlaritzaren baimenaren zain zegoen udala, eta dagoeneko lortu du. Falta dena da proiektua adjudikatzea. Hortaz, urtea amaieran edo 2018aren hasieran, obrak hasteko moduan egongo direla espero dute.

Bitartean, kutsatutako eremuak mugatzen eta lagin gehiago analizatzen ari dira, jakiteko noraino iristen den kutsadura. Hala, amaituta dagoenean, neurriak hartuko dira. Kutsatuta dauden eremu horietan jada erabaki teknikoak hartu dituzte: zehazki, oihal tekniko bat jarriko dute, zementu berezi bat botako dute gainean eta, azkenik, lurra. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak oniritzia eman dio irtenbide horri. Modu horretan, lortu nahi dutena da kutsatuta dauden lur horiek bizigabetzea eta inongo arriskurik ez egotea herritarren osasunean.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend