Oposizioko udal taldeek aurkeztu dituzten zuzenketak baztertu dituzte EAJk eta PSE-EEk; Santa Teresa komentuaren kudeaketak eztabaida sortu du
Donostiako udal batzar aretoa, aste honetan.
Aste honetan bi aldiz batu dira Donostiako udal talde guztiak udal batzar aretoan. Asteartean, urteroko Politika Orokorreko Batzarra egin zuten, eta hiriaren ikuspegi desberdina eman zuten udal gobernuko bi alderdiek, eta oposiziokoek. Urriko udalbatzarrean ere antzera gertatu da.
EAJk eta PSE-EEk pisu turistikoen ordenantzari hasierako onarpena eman diote. Oposizioko hiru alderdiek zuzenketa asko aurkeztu dizkiote proposamenari. Hain zuzen, Irabazi Donostiak 19 zuzenketa, PPk 16 eta EH Bilduk 13. Udal gobernuak guztiak baztertu ditu, bat izan ezik. Horrek eztabaida sortu du udal taldeen artean.
Ordenantzaren aurkezpena Enrique Ramos Hirigintzako zinegotziak egin du: «Hirigintza eta proportzionaltasun irizpideei erantzuten dio ordenantzak. Ez da erabatekoa, baina beharrezkoa da». Urtebeteko lanaren emaitza dela gaineratu du. Ildo beretik, Eneko Goia alkateak egindako lan bikaina azpimarratu du. «Errealitatearen azterketa egin genuen aldez aurretik, eta ondoren, ordenantza honetan jasotzen dira errealitate horri atxikitako erantzunak».
Pisu turistikoen fenomenoaren aurrean, udalaren betebeharra «interes orokorra» lehenestea dela esan du Goiak. «Badakigu interes kontrajarri asko daudela, eta sortu den eztabaidak erakusten du. Baina proposamen honek oreka bat bilatzea du helburu». Ordenantza bere horretan ez dela nahikoa adierazi du Goiak, eta araudia betearazteko sortu dutela.
Oposizioaren kritika
Udal gobernuak aurkezturiko ordenantzarekin kritiko agertu dira oposizioko udal taldeak. Loic Alejandro Irabaziko zinegotziaren arabera, proposamenak hiru arazo nagusi ditu: «Parte Zaharra eremu saturatu gisa soilik izendatzea gutxiegi iruditzen zaigu. Beste eremuetako erregulazioa, berriz, malguegia. Hirugarrenik, kolaborazio bidezko mikro-ekonomia kaltetuko du».
Pisu turistikoen afera arautzeko, Plan Orokorra betearaztearekin nahikoa dela esan du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. «Egungo araudia bete edo aldatu beharrean, beste ordenantza bat atera duzue». Ordenantzak bereizten dituen eremuen inguruan, «inolako irizpiderik gabe» zehaztu direla esan du Burutaranek.
PPko udal taldeak ere kritika zorrotza zuzendu dio udal gobernuari. «Zuek bakarrik landu duzuen proiektua ekarri duzue, beste alderdiekin ezer eztabaidatu gabe», esan du Miren Albistur zinegotziak. Udal gobernuak erabilitako irizpideez ere galdegin du. «Zein irizpideren arabera aztertu duzue errealitatea? Ordenantzak ez du interes orokorra errespetatzen».
Ordenantzari aurkeztutako zuzenketak direla eta, Goiak adierazi du oposizioko udal taldeen artean ez direla gai izan zuzenketa horiekin ados jartzeko. «Agerian geratu da alderdi bakoitzaren proposamenak desberdinak ez ezik, ez direla bateragarriak». Albisturrek haserre erantzun dio alkateari: «Proiektu desberdinak ditugu udal taldeek, eta normala da adostasun orokorrik ez lortzea. Baina bakoitzak horrenbeste zuzenketa aurkeztea ez da kasualitatea».
Burutaran eta Ramosen artean ere eztabaida sortu da. EH Bilduko zinegotziak udal gobernuari gezurretan aritzea leporatu dio. «Ordenantza honekin pisu turistikoak itxiko direla diozue, bai, egungo araudia betetzen duzuen bezala». Ramosek, bere aldetik, gogor erantzun dio: «Ohikoa da zuk besteoi gezurtero deitzea, baina zu zara gezurretan dabilena. Ordenantzarekin Parte Zaharrean dauden pisu batzuk ilegalak izango dira, egungo araudian ez bezala».
Santa Teresa eta Orixe
Oposizioko hiru udal taldeek interpelazio aurkeztu dute Santa Teresa komentuaren ingurukoa. Arazoaren aurrean, udalaren,?Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera «arduragabea» salatu du Naiara Sampedro EH Bilduko zinegotziak. «Utzi pilota bata besteari pasatzeari, eta elkarlanean hasi».
Orixe ikastolaren eskaerari udalak erantzuna eman behar diola azpimarratu du Jose Luis Arrue PPko zinegotziak. Aldundiari eta Jaurlaritzari soluzio bat exijitzeko eskatu du Amaia Martin Irabaziko zinegotziak.
Udal gobernuak ez du bat egin oposizioaren kritikekin, eta lanean jarraitzen dutela esan dute. Miren Azkarate Kultura zinegotziak aurreratu du datorren astean Goiak eta Denis Itxaso Kultura diputatuak Santa Teresa komentua bisitatuko dutela aukerak aztertzeko.
Txomin Enea auzoa
Udal talde guztiek bat egin dute Txomin Enean izango diren kale eta plaza berrientzako proposatu diren izenak jartzeko. EH Bilduk zuzenketa aurkeztu du auzoaren izena Txomin?Enea izateko, eta horrekin ere bat egin dute beste alderdiek. Guztira, 18 dira adosturiko izenak, eta hasieran ezarritako irizpideak betetzen dituzte.