Kontsumo eta merkataritza ereduak izango dituzte hizpide azaroaren 10ean, Emaus Fundazioak antolatutako jardunaldian. Ikerketa eta tresna bana aurkeztuko dituzte.
Alberto Gaston – SINdesperdicio-, Nerea Gonzalez -Saretuz– eta Manu Gonzalez -Cristina Enea Fundazioa-. (Argazkia: Saretuz)
Emaus Fundazioaren ekimenez, jardunaldi bat antolatu dute datorren ostiralerako, azaroaren 10erako. Hain zuzen ere, bidezkoak eta eraldatzaileak diren kontsumo eta merkataritza ereduei buruz hausnartuko dute, Cristina Enea Fundazioan. Jardunaldi hauen jatorria Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari aurkeztutako proiektu bat da. Emaus Fundazioak azken hamar urteotan jarraitu dituen hiru ardatz kontuan izan dituzte bertan: bidezko merkataritza, elikadura burujabetza eta ekonomia soziala eta solidarioa. Hala, ikerketa teoriko bat egin dute, hemengo zein kanpoko hainbat eragileren laguntzarekin. Bertan, proposamen bat egin dute merkataritza eta kontsumo eredu justu eta eraldatzaileekin.
Horretaz gain, eta teoria praktikara eraman nahian, tresna bat sortu dute. Jardunaldian aurkeztuko dute argitalpena, eta eragile eta taldeek aurrera eramaten dituzten jarduera eta proiektuak euren kabuz ebaluatzeko balioko die. Guztia, sortu duten eredua oinarri hartuta. Tresna horrek zazpi printzipio ditu: artikulazio globala eta tokikoa, genero ekitatea, ingurumenarekiko errespetua, gizarteratzera bideratutako ereduak, tokiko garapen sozioekonomikoa, kontsumo kontziente eta arduratsua eta belaunaldien arteko elkartasuna.
Ikerketa eta tresna
Jardunaldietan prozesu honen guztiaren berri emango dute –ikerketa zein tresna– eta elkartzen diren norbanako eta taldeek aukera izango dute euren iritziak eman eta ideiak trukatzeko.
Emaus Fundazioaren proposamen honetan, besteak beste, ondorengo taldeek hartu dute parte: Saretuz, Cristina Enea Fundazioa eta Sindesperdicio.
Saretuz Donostiako kontsumo kontziente, arduratsu eta eraldatzailea lantzen dituen elkarteen sare bat da. Hori lortzeko, alternatibak eskaintzen dizkiete erabiltzaileei, bai antolatzen dituzten jardueren bidez, baita sortu duten Kale Izendegiaren bitartez ere. Bertan bildu dituzte Donostian alternatibak eskaintzen dituzten denda, elkarte eta bestelakoak.
Saretuz sarearen barruan dago Cristina Enea Fundazioa. Bere hastapenetatik xede izan du ingurumen esparruko jendarteratzean eta sentsibilizazioan eragitea, botere publikoen eta erakunde pribatuen arteko elkarlana erraztuz. 2009az geroztik, Donostiako Udalak sustatutako fundazioa da, eta bere gain hartu ditu Ingurumen Baliabideen Etxearen kudeaketa, Urgulleko Natur Txokoa eta Uliako Interpretazio Zentroa.
Euren helburu nagusia da gizartea iraunkortasunean sentsibilizatu, hezi eta prestatzea, eta hiriko ingurumenaren politiketan erreferente bat izatea. «Merkatu sisteman kontsumitzailearen erantzukizuna ere garrantzitsua da, hau da, bakoitza kontziente izatea . Zer erosi nahi duzun, zertarako, nola egin duten… Norberaren erabakiei esker, aldatu daitezke merkatuaren legeak», dio fundazioko Manu Gonzalezek.
Sistema zirkularra
Horrekin lotuta, Emaus-ek sustatutako taldea da Sindesperdicio, eta bertako kide Alberto Gastonek dio euren kontsumitzaileek kontzientzia dutela. Poltsa eta etxeko osagarriak ekoizten dituzte hondakinetatik abiatuz, eta ehungintzan lehiakortasun handia dagoela dio, bereziki, industria hori «deskokatua» dagoelako, baina eurek gardentasuna eskaintzen dute: «Norbanakoek eta enpresek badakite zergatik erosten dituzten gure produktuak, non egiten diren, zenbat denbora behar den… Gutxinaka gizarteratzen ari da gaia, eta jendeak gero eta argiago ikusten du sistema lineal bat beharrean, zirkularra dela egokiagoa».
MERKATARITZA ETA KONTSUMO EREDUAK
- Zer. Merkataritza eta kontsumo eredu justuak eta eraldatzaileak, tokiko eta global eremuan.
- Noiz. Azaroaren 10ean, ostiralean, 9:00etatik 14:15era.
- Non. Cristina Enea Fundazioan (Mandasko Dukearen pasealekua, 66 Egia).
- Izen ematea. Doakoa. Azaroaren 10era arte, 943 453 526 telefono zenbakira deituta edo CristinaEnea@donostia.eus posta elektronikora idatzita.