Aldarrikapen gune bat jarri dute Antigun. (Argazkia Hegoi Belategi)
Laster hasiko dituzte Topoaren igarobidea egiteko lanak Antiguan. Lanen inguruan informatzeko eta aurka egiteko taldea sortu dute auzoan: Metroa Gelditu Antiguan.
Topoaren igarobidea egiteko lanak datorren astean hasiko direla azaldu du Satorralaia bizilagunen mugimenduak: Benta Berri, Kontxa eta Easoko geltokia lotuko dituzte lurrazpitik. Antiguan hasiko dituzte lanak eta gutxi gorabehera lau urte irautea aurreikusten dute.
Bizilagunak informatu eta lanak oztopatzeko asmoz, aldarrikapen gune bat jarri dute Satorraialaia mugimenduak eta Metroa Gelditu Antiguan. taldeak, Zarautz kaleko 60. zenbakiaren ondoan –bertan hasiko dituzte lanak–. Bizilagunak kezkatuta daudela azaldu dute eta informazio falta salatu dute.
“Guk beti pentsatu izan dugu metroa ez zutela inoiz egingo, ez genion garrantzi gehiegi eman eta orain ohartu gara gainean dugula”, azaldu du Maite Tolosak, Metroa Gelditu Antiguan taldeko kideak. Irailean hasi ziren elkartzen Antiguako hainbat bizilagun Topoaren igarobidearen aurrean protesta egiteko asmoz:?”Satorralaiak bilera informatibo bat egin zuen irailean metroaren inguruan informatzeko”. Bilera hartatik “haserre eta kezkatuta” atera zirela dio Tolosak: “Bileratik atera eta segituan Whatsapp talde bat sortu genuen auzoko ezagun ugarirekin eta Facebook orrialde bat ere egin genuen; egoera honen aurrean zerbait egiteko beharra sentitu genuen”.
Auzo mailako bilera bat deitu zuten ondoren Dokan, eta erantzuna ikaragarria izan zela azaldu du Idoia Urabaienek: “130 lagun inguru bildu ginen egindako lehen deialdian”. Horren harira, mobilizazioa egin zuten azaroaren 4an auzoan zehar, eta 500 lagun inguruk parte hartu zutela azpimarratu dute.
Tolosak eta Urabaienek ez dute Topoaren igarobidea egiteko arrazoia zein den ulertzen, eta autobusak murriztea bizilagunen kalterako izango dela diote: “Matia kalearen ondoan bizi dena Benta Berrira metroa hartzera baino ia azkarrago iritsiko da Kontxara oinez”. Bestalde, lanek auzoan eta hirian eragingo dituzten kalteak nabarmendu dituzte: “Jendea oraindik ez da konturatu zer egitera doazen; oraindik jende askok egingo du negar”.
Urabaienek uste du “berebiziko garrantzia” duela bizilagunak mobilizatzea eta horretarako lanean ari da Metroa Gelditu Antiguan. taldea: “Facebook orrialdean informazioa zabaltzen ahalegintzen gara eta Eneko Goiari ere mezuak bidaltzen dizkiogu”. Alkateari herritarrei galdetu gabe Topoaren igarobidea egiteko egitasmoa aurrera ateratzea leporatzen diote.
“Ez da erraza izango lanak geratzea baina argi dugu ahalegindu egingo garela”, azaldu du Tolosak. Uste dute lanak datorren astean hasiko dituztela, eta gaineratu dute prest egongo direla «modu baketsuan» lanak oztopatzeko: “Agian orain ez dugu lortuko lanak geratzea, baina obretan denbora luzez egongo dira eta agian aurrerago lortuko dugu”.
Hasteko, manifestazioa egingo dute larunbatean 17:00etan Antiguatik Alderdi Ederrera, eta mobilizazioarekin bat egiteko deia luzatu dute.
Euskotreneko zuzendari ohia aurka agertu da
Carlos Garcia Euskotreneko zuzendari ohiak bideo batean azaldu du ez dagoela ados Topo igarobidearekin. Satorralaiak zabaldutako bideo batean ageri dira Garciaren adierazpenak, Donostiako beste zenbait bizilagunen iritziekin batera.
“Oso kezkatuta nago hirian egin nahi duten Topo igarobidearekin”, azaldu du Euskotreneko zuzendari ohiak. Uste du Topo igarobidean gastatuko duten diru kantitatea “oso handia” dela eta badagoela diru hori non gastatu: “Irunera eta Zarautzera joateko errailak biderkatzeko erabil zitekeen diru hori”. Uste du, horrela, segurtasuna eta maiztasuna asko hobetuko zirela. Gaineratu du etorkizunerako inbertsio bat baino gehiago, inbertsio “dekoratibo bat” dela Eusko Jaurlaritzak Topo igarobidearekin egin nahi duena.